Alderdi politikoen sistema

Alderdi politikoen sistema sistema politiko bat da non politika alderdi politiko izeneko erakundeen bidez gauzatzen baita.

Alderdiek, beren izaeragatik beragatik, lotura estua dute gizartearekin, ahalik eta herritar gehienen ordezkari izan nahi dute eta.

Alderdiek herritarren eskakizun “politikoei” erantzuteko programak proposatzen dituzte, hauteskundeetara aurkezten dira, botoak bilatzen dituzte hauteskundeetan ahalik eta emaitzarik onena lortzeko, gero eta jarraitzaile eta militante gehiago biltzen saiatzen dira, beren ideiak hedabideen bitartez zabaltzen dituzte, hau da, gizartearekiko lotura da haien jardueraren funtsa, eta, hain zuzen ere, alderdien eta gizartearen arteko harremanetatik sortzen da “alderdi-sistema” deritzona.

Alderdi-sistemek bi ardatz dituzte; batetik, alderdi politikoak berak, eta, bestetik, alderdiek honakookin dituzten harremanak: – Beste alderdiekin – Gizartearen gainerakoarekin – Gobernuarekin. Hortik abiaturik edo, hobeto esanda, alderdien jardueraren ikuspegi mugatuago bat abiapuntutzat harturik, hau da, herrialde bakoitzeko alderdi kopurua soilik kontuan izanik, hiru alderdi-sistema mota daudela ondorioztatu dute hainbatek:

  • Alderdi anitzekoak. Bi alderdi garrantzitsu baino gehiago dituztenak. Dena dela, hainbat aztertzailek zalantzan jarri dute sailkapen horren egokitasuna, zeren eta, alderdi-kopuruan soilik oinarritzen denez, bi gauza ahazten baititu: sistema bakoitzeko alderdien garrantzia, eta alderdi horien arteko harremanak. Eta bi gorabehera horiek garrantzi handia dute, bi arrazoi hauengatik:

1. Sistema bakoitzean diren alderdi guztiak kontuan hartzen badira, esan daiteke ia sistema guztiak alderdi anitzekoak direla.

Izan ere, erregimen pluralista guztietan badira alderdi batzuk oso boto gutxi biltzen dituztenak edo, legebiltzarrean ordezkariren bat izatea lortu arren, gobernuan eragina izateko aukerarik ez dutenak. Horren adibide dira Espainian ordezkari gutxi dituzten baina, hala ere, herrialdeko jokaleku politikoaren erdigunean irauten duten alderdi txikiak, hala nola EAJ edo CiU. Halere, Espainia alderdi anitz izatera igaro denez, alderdi txiki hauen botoak erabakitzaileak izan daitezke.

2. Garrantzi handikoa da jakitea ea sistema jakin bateko alderdien artean benetako lehiarik dagoen herritarren botoak lortzeko eta ea gobernua boto horien bidez eskuratzen den.

Hainbatek zalantzak dituzte alderdi bakarreko sistemak benetako “alderdi-sistemak” ote diren, baina, emandako azalpena aintzat harturik, baietz esan beharra dago, alderdi bakarrekoak ere alderdi-sistemak direla. Gorago esan bezala, gainerako alderdiekiko harremanak ez dira alderdi-sistemen oinarri bakarra (oinarri bakarra hori balitz, argi dago alderdi bakarrekoak ezin direla alderdi sistematzat hartu), alderdiek gizartearekin eta gobernuarekin dituzten harremanak ere kontuan hartzekoak dira, eta, zalantzarik gabe, alderdi bakarra duten herrialdeetan egon badago harreman edo lotura hori.

Hori guztia dela eta, sailkapenik onartuenaren arabera, alderdi-sistema hauek daude:

  • Lehian oinarrituriko sistemak: – Alderdi anitzekoak – Bi alderdikoak – Alderdi nagusikoak.
  • Lehiarik gabeko sistemak: – Alderdi bakarrekoak – Alderdi anitzekoak

Lehian oinarrituriko sistemak

aldatu

Alderdi-sistema bat lehian oinarriturik dagoela esaten denean, esan nahi da sistema horretan hauteskunde bidez erdiesten dela gobernua, hauteskundeetan alderdiak elkarrekin lehiatzen direla hautesleen konfiantza irabazteko. Horixe da, adibidez, Espainia eta Frantzia estatuetako eta gure inguruko estatu gehienetako sistema.

Dena dela, horrek ez du esan nahi hauteskundeak egiten diren herrialde guztietan alderdi-sistema lehian oinarriturik dagoenik: herrialde batzuetan, hauteskunde politiko nola edo hala pluralistak egiten badira ere, hauteskundeak irabaztea ez da aski gobernua edo agintea eskuratzeko.

Hala gertatzen da, esaterako, Marokon.

Aldiro hauteskundeak egiten dituzte eta joera desberdinetako alderdiak aurkezten dira, baina erregeak du benetako boterea, eta, herritarrek botoen bidez agerturiko nahia gorabehera, berak erabakitzen du zein alderdik gobernatuko duen herrialdea (erregeak berak ardura hori bere gain hartzen ez badu). Maroko arian-arian demokratizatzen eta Mendebaldeko demokrazien eredura hurbiltzen ari da, baina oraindik indarrean daude ia Erdi Aroan jatorria duten tradizio kultural eta historiko batzuk; gaur egun Marokoko erregimenak baditu ezaugarri demokratiko formal batzuk (itxurazko “alderdi-sistema” hori, besteak beste), baina oraindik badira izaera hori ahultzen duten beste errealitate sakonago batzuk ere.

Beraz, alderdi-aniztasuna da lehian oinarrituriko sistemen ezaugarri edo baldintza nagusietako bat, baina alderdiek elkarrekin dituzten harremanak ere kontuan hartzekoak dira. Harreman horiek garrantzi handia dute, zeren eta, alderdien arteko lehiaz hitz egitean, ezin pentsa daiteke herrialde jakin bateko alderdi guztiak baldintza berdinetan lehiatzen direnik, edo, bestela esanda, guztiek herrialde horretako politika zuzentzeko edo gobernua eskuratzeko aukera berdina dutenik.

Benetako lehiarik dagoen jakiteko, kontuan izan behar da nolakoak diren alderdien arteko harremanak, harreman mota guztiek ez baitute lehia eragiten.

Hainbat eredu daude:

  • Oposizioa. Oso ideologia desberdina duten alderdien artekoa. Alderdi horien arteko harremanetan polarizazio handia dago, baina, esparru politiko desberdinetan jarduten dutenez, ez dira elkarren lehian aritzen hautesleengatik (bakoitzaren “bezeroak” edo boto-emaileak gizarte-talde oso desberdinetakoak direnez, oso zaila da alderdi batek beste baten boto-emaileak erakartzea).
  • Baterako existentzia. Ideologikoki elkarrengandik hurbil dauden baina gizarte-talde desberdinetan espezializatu diren alderdien artekoa. Hori dela eta, haien artean ez dago lehia handirik.
  • Lehia zentzu hertsian. Ideologiaz oso antzekoak diren bi alderdi politiko hautesleen sektore beragatik lehiatzen direnean gertatzen da, hau da, bi alderdiek esparru politiko berean jarduten dutenean.

Aurkarien boto-emaileak bereganatzeko benetako lehia egon dadin, hiru baldintza bete behar dira: alderdi horiek antzeko ideologia izatea, denek gizarte-arlo berbera helburutzat edukitzea eta esparru politiko berdintsuetan jardutea. Bestela, alderdiak ez lirateke espazio politiko beragatik lehiatuko, eta, orduan, haien arteko harremanak aipatutako beste bi eredu horietakoren baten araberakoak lirateke.

Alderdi askoren arteko lehia

aldatu

Lehenik eta behin, gogoan izan behar da bi alderdi garrantzitsu baino gehiago dituztenak jotzen direla alderdi anitzeko sistematzat.

Horixe da Mendebaldeko Europako estatu gehienetan indarrean dagoen sistema (Erresuma Batua da salbuespen nabariena).

Alderdi anitzeko sistemetan, izenak berak adierazten duenez, gizarte batean diren pentsamolde eta joera politikoak jarraitzaile eta boto-emaile asko dituzten hainbat alderditan daude ordezkaturik.

Aurrekari historikoen, nazio-berezitasunen, desadostasun ideologikoen eta bestelako gorabeheren arabera, gizartearen zatiketak alderdi politikoak sortu eta iraunarazten ditu.

Gizartearen eliteak aldaketa politikoak eragozten saiatzen dira, eta horrek alderdi-aniztasuna bultzatzen du, formazio tradizionalak zaharkiturik geratu eta alderdi berriak sortzen baitira (Britainia Handian ez da horrelakorik gertatu: XIX. mendeko kontserbadoreen eta liberalen arteko lehia kontserbadoreen eta laboristen arteko lehia bihurtu da gerora, baina alderdien funtzionamendua ez da aldatu, eta horrek erakusten du egoera berrietara moldatzeko gaitasun handia dutela). Desadostasun ideologikoek alderdi politikoetan eragiten dituzten zatiketek ere alderdi-aniztasuna ekarri ohi dute (sozialisten eta komunisten arteko zatiketa da horren erakusgarrietako bat); estaturik gabeko nazioetan, nazio-gatazkaren ondorioz, herritarrak alderdi nazionalistetan biltzen dira, eta horrek ere alderdi politikoak ugaritzen ditu; herrialde batzuetan, azkenik, gobernu-erari buruzko desadostasunek ohi baino alderdi gehiago sorrarazten dituzte, hala nola alderdi errepublikanoak monarkietan eta alderdi monarkikoak errepubliketan. Gainera, alderdi anitzeko sistema hauteskunde-sistema proportzionalen ondorio ia ezinbestekoa da: jokoan dauden eserlekuak alderdiek lortutako botoen arabera banatzen direnez, hauteskundeen emaitza une bakoitzean gizartean diren aukera politiko guztien “argazkia” da (gehiengozko hauteskunde-sisteman, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen: herrialdea hauteskunde-barruti txikitan banaturik dago, eta barruti bakoitzeko irabazleari ematen dizkiote barruti horretako eserleku guztiak).

Alderdi anitzeko sistemek zehaztasun handiagoz ordezkatzen dituzte gizartean diren joera politikoak, zeren eta, parlamentuan zenbat eta alderdi garrantzitsu gehiago egon, hainbat eta gizarte sektore gehiagoren iritzia biltzen baita botere legegilean.

Dena dela, alderdi-aniztasunak zatiketa handia eragin ahal du parlamentuan. Gainera, bakarrik gobernatzeko adina ordezkari duen alderdirik ez badago, zaila izaten da gobernua osatzea, eta alderdiek gobernu-koalizioak eratu behar dituzte. Gobernu-koalizioak, batetik, negoziazio zailago edo errazago baten emaitza izaten dira, eta, bestetik, elkarrekin gobernatzeko hitzarmena egin duten alderdien gorabeheren mende uzten dute gobernua, haren egonkortasunaren kaltean. Hainbaten iritziz, askotan gobernu-koalizioak egin beharra dakarrenez, alderdi-aniztasunak herritarren nahiak parlamentura edo gobernura behar bezala eramatea eragozten die alderdiei, gobernatzeko hitzarmenak joera politiko desberdina duten alderdien arteko negoziazioen emaitza direlako, eta gobernuaren programa, berriz, aukera politiko desberdinen bilduma. Hori dela eta, batzuetan, gobernatzeko programak halako nahas-mahas lauso bat dira, eta alderdiek, nolabait, hautesleek hauteskundeen bidez agertu duten iritzia itxuragabetzen dute.

Hori guztia dela eta, alderdi-aniztasunaren irudi negatibo samarra zabaldu da, sistema horren alderik arazotsuenak soilik nabarmendurik, hala nola gobernuan zein politikan eragin dezakeen egonkortasunik eza edo alderdi politikoek bizitza politiko eta instituzionalean izan dezaketen eragin handiegia.

Nolanahi ere, esan beharra dago hainbatek alderdi anitzeko sistemaren ondoriotzat jotzen duten ezegonkortasun hori ez dela beti gertatzen. Egoera politikoak “gehiengo” kontrajarriak sorrarazten dituenean, koalizioak egiteko aukera dago, eta koalizioa aldatzeak bat-bateko aldaketak eragin ditzake gobernuan, eta horrek bai, horrek ezegonkortasuna dakar; baina alderdien helburua oinarri zabalagoko koalizioak eratzea bada, nekez aldatuko dira koalizioa osatzen duten alderdi guztiak edo gehienak, eta horrek, zalantzarik gabe, egonkortasun orokorra ematen dio gobernuari, zeren eta, koalizioan aldaketa batzuk gertatu arren, ildo politikoa hasierakoaren antzekoa izango baita beti.

Gainera, lehen esan bezala, alderdi-aniztasuna da Mendebaldeko Europan zabalduen dagoen sistema, eta sistema hori duten herrialde batzuetan oso egonkortasun politiko handia dago, hala nola Europako iparraldeko demokrazietan. Horrek neurri batean ezeztatzen ditu alderdi anitzeko sistemak berez egonkortasunik eza dakarrela dioten teoriak. Kontuan izan behar da, bestetik, britainiar jatorriko bi alderdiko sistemen aldekoek egozten diotela hori alderdi anitzeko sistemari, politikaren kontzepzio funtsean dualista baitute.

Bi alderdiren arteko lehia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Alderdi-bitasun»

Sistema horren eredu tradizionala Britainia Handia da, baina beste herrialde batzuetan ere bada, hala nola Estatu Batuetan, Zeelanda Berrian, Maltan, Kanadan, Australian eta Grezian.

 
William Clinton AEBetako lehendakari ohia Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren mitin batean. Estatu Batuetan bi alderdiko sistema bat erabiltzen dute, gainerako alderdiak oso txikiak baitira eta ez baitute gobernatzeko behar adina eraginik.

XIX. mendean horixe izan zen jatorrizko sistema Europako herrialde askotan, baina gaur egun gainbehera doala esan daiteke, alderdi anitzeko sistemak askoz ere zabalduago baitaude.

Bi dira sistema horren ezaugarri nagusiak: 1– Bi alderdien kohesioa eta diziplina; 2– Bi alderdi nagusiek sistema menderatzea

Elkarren lehian jarduten duten bi alderdiek erakunde sendo eta instituzionalizatuak badituzte eta beren talde parlamentarioei eta afiliatuei diziplina gogorra ezartzen badiete, bi alderdiko sistema zurruna da, eta bi alderdiak oso deszentralizaturik badaude eta alderdikideek diziplina handirik ez badute, aldiz, malgua. Britainia Handia (kontserbadoreak eta laboristak) eta Zeelanda Berria (nazionalistak eta laboristak) sistema zurrunaren adibide dira; Estatu Batuetakoa, berriz, gaur egun geratzen den sistema malgu bakarretako bat da: parlamentarioek botoa emateko autonomia handia dute, eta, batzuetan, “demokraten” multzorik kontserbadoreeneko kide batzuek “errepublikanoekin” batera ematen dute botoa, eta alderantziz, “errepublikano” batzuek “demokraten” proposamenen alde bozkatzen dute noizean behin.

Bestetik, eta bi alderdi nagusiek sistema zenbateraino kontrolatzen duten kontuan izanik, batzuetan bi alderdi handi soilik daude parlamentuan, eta, horrenbestez, ia ezinbestean, bakarrik gobernatzeko behar den gehiengoa du bietako batek.

Bi alderdiko sistema perfektua deitzen zaio horri. Horren adibide dira Zeelanda Berria eta, neurri txikiago batean, Britainia Handia. Kasu horietan, hauteskundeetan emandako botoen % 90 gutxienez lortzen dituzte alderdi handiek, eta, horri esker, parlamentuan duten ordezkari kopurua izugarri handia da.

Beste kasu batzuetan, ordea, bi alderdi nagusiez gainera, hirugarren alderdi bat ere egoten da, askoz ere txikiagoa baina garrantzi handikoa, eta gobernatzeko laguntza funtsezkoa eman ohi dio alderdi nagusietako bati, berarekin koalizioa eginez edo parlamentuan sostengua emanez. Bi alderdiko sistema inperfektua esaten zaio horri.

Alderdi “handiek” botoen % 80 lortzen dituzte, baina ez dira iristen % 90era. “Berdeak” legebiltzarrera iritsi ziren arte, Alemaniako Errepublika Federala izan da egoera horren adibide tipikoa: lehen bi alderdi handi zeuden –sozialdemokrata (SPD) eta koalizio demokrata-kristaua (CDU/CSU)– baina FPD alderdi liberalaren laguntza izaten zuten txandaka, noiz batak, noiz besteak; hala ere, berdeak parlamentura iristeak eskema hori aldatu zuen, alderdi anitzeko sistema baten antz handiagoa emanik.

Bakoitzak ekartzen dituen ondorioek ere elkarrengandik bereizten dituzte alderdi anitzeko sistemak eta bi alderdikoak.

Alderdi anitzekoetan, alderdien arteko negoziazioak direla eta, itxuragabeturik geratzen da hautesleek botoen bidez adierazitako nahia; bi alderdiko sistemak, aldiz, gobernua boto gehien biltzen dituen alderdiak eskuratzen duenez, hobeto jasotzen du herriaren borondatea (batez ere Britainia Handian). Gainera, bi alderdiko sistemetan gehiengo parlamentario egonkor eta argiak egon ohi dira, ez baitago beste alderdiekin negoziatu beharrik, alderdi anitzekoetan gertatzen den bezala.

Dena dela, bi alderdiko sistemek gizartean diren aukera desberdinak adierazpen politiko-parlamentario zuzena izatea eragozten dute (alderdi anitzeko sistemek ez bezala), zeren eta, bi alderdi nagusiak askotariko interesak biltzen saiatzen direnez, haien eskaintza eta programa politikoak zehaztugabeagoak baitira. Azkenik, bi alderdi nagusi egoteak ordezkariak izateko aukera kentzen die gainerako taldeei.

Oro har, bi alderdiko sistemak alderdi anitzekoak baino kritika hobeak izan ditu, egonkortasun politiko handiagoa ekartzen zuela uste baitzen. Baina iritzi hori bi alderdiko sistemak Erresuma Batuan duen funtzionamendu onean dago oinarrituta, eta hainbat adituk zalantzan jarri dute gaur egun. Izan ere, ustezko abantaila horiek alderdien artean alde ideologiko handirik ez dagoenean gertatzen dira, baina haien artean alde handiak eta are muturrekoak daudenean, aldiz, bi alderdiko sistemak gatazka larriak eragin ditzake gizartean, baita gerra zibilak ere.

Alderdi nagusiko sistemak

aldatu

Lehian oinarrituriko sistema batean denbora luzez gainerako alderdiei behin eta berriro eta alde handiarekin gailentzen zaionari esaten zaio alderdi nagusia. Egoera horren adibide ugari daude: PSOE Espainian 1982tik 1996ra bitartean; Suedia, non sozialdemokratek hainbat hauteskunde irabazi baitzituzten jarraian; edo Indiako Errepublika, non Kongresuko Alderdia jaun eta jabe izan baitzen 1948tik Rajiv Gandhi erori zen arte (familia bereko hiru belaunaldi izan ziren alderdiburu eta gobernuburu: Pandit Nehru, haren alaba Indira Gandhi eta honen seme Rajiv).

 
Pandit Nerhu eta Indira Gandhi. Nerhu izan zen Indiako Alderdi Nazionalaren sortzailea.

Egoera hori gerta dadin, baldintza hau bete behar da: herrialde batean hiru alderdi garrantzitsu baino gehiago egonik, alderdi bozkatuenak (nagusia) hauteskundeetan gutxienez botoen % 35 lortzea eta bere atzekorik hurbilenari gutxienez botoen % 5en aldea ateratzea, horrek abantaila handi eta iraunkorra ematen diola. Botoek alderdi bati ematen dioten nagusitasun horren ondorioz, alderdi bozkatuenak ordezkari gehiago lortzen ditu parlamentuan. Izan ere, gaur egun, ia herrialde guztietako hauteskunde-sistemek, gobernuaren egonkortasuna bermatzeko, nola edo hala saritzen dute alderdi bozkatuena, lortutako boto-kopuruaren arabera matematikoki legozkiokeen baino eserleku gehiago emanez.

“Alderdi nagusiaren” fenomeno hori gertatzen den herrialdeetan, gobernura iristen den alderdiak denbora luzez irauten du bertan, eta, horren ondorioz, sistema politikoa alderdiarekin identifikatzen da. Zalantzarik gabe, egoera horrek egonkortasun handia dakar berekin, baina, horrekin batera, hautesle asko boteretik bazterturik gera daitezke urte askoan (batzuetan, hautesleen % 50), eta horrek hautesle horien itxaropen politikoak zaputz ditzake. Bestetik, alderdi nagusiak egoera politikoa eta erabakiak hartzen diren guneak kontrolatzen dituenez, politika parlamentutik urruntzeko joera dago, eta, horren ordez, harreman zuzenak bultzatzen dira alderdi nagusiaren eta gainerako alderdien zein eragile sozialen artean (sindikatuak, ugazaben elkarteak, herri-mugimenduak, etab.). Azkenik, horrelako egoera batek epe luzean geldiarazten ditu gobernuaren politikak, zail samarra izaten baita arazoak konpontzeko irtenbide berriak asmatzea. Horren eraginez, oposizioan dauden alderdiek elkartzera jotzen dute, alderdi nagusia boteretik egozteko helburu bakarrarekin.

Horrelako sistema batek bi arazo nagusi sortzen ditu: – Txandaketarik egon daiteke alderdi nagusiko sistema batean?– Aldaketarik egon daiteke sistema politikoan, alderdien arteko hauteskunde lehia handiagoa izan dadin? Lehen arazoari dagokionez, egitura politiko demokratiko eta pluralista bati eutsiz gero, ezerk ez du eragozten alderdiak boterean txandakatzea, nahiz eta, hori bai, alderdi nagusirik ez dagoen sistemetan baino zailagoa izaten den.

Bigarren arazoari dagokionez, aldaketa hori gertatu da Frantzian, Italian eta Indian, non, hurrenez hurren, atzera egin baitute alderdi “gaullistak”, Demokrazia Kristauak eta Kongresuko Alderdiak. Kasu guztietan, batetik, alderdi horiek denbora luzean izan duten gizarte-laguntza urritu egin da, eta, bestetik, gainerako alderdiak nola edo hala elkartu dira alderdi nagusia ahultzeko. Horren ondorioz, hauteskundeetan alderdi nagusiaren eta oposizioaren artean egon ohi ziren aldeak murriztu egin dira, eta horrek lehia suspertu du.

Azkenik, eta alderdi nagusiko sistemen muturreko adibide gisa, “alderdi hegemonikoko sistema” bat ere badago: Mexikoko Alderdi Iraultzaile Instituzionala (PRI). Kasu horretan, hirurogei urte baino gehiagoan alderdi berberak hauteskunde guztiak irabazi izanak boterearen monopolioa eta Mexikoko estatua PRI alderdiarekin identifikatzea eragin du, eta horrek askotariko ondorio kaltegarriak ekarri ditu: ustelkeria, sistemaren ordezkaritasuna gutxitzea, agintekeria, etab. PRI alderdiak parlamentuan gehiengo absolutua izan zuen 1929tik 1997ra bitartean.

Lehiarik gabeko sistemak

aldatu

Lehian oinarrituriko sistemetan ez bezala, lehiarik gabeko sistemetan herrialdea gobernatuko duen alderdia ez dute herritarrek aukeratzen, gobernua ez da botoen bidez eskuratzen. Hedaduraz, pluralismo politikorik ez duenari ere esaten zaio lehiarik gabeko sistema. Erregimen autoritarioak dira horren erakusgarri. Historiak erakusten duenez, lehiarik gabeko sistemak alderdi bakarrekoak zein alderdi anitzekoak izan daitezke.

Alderdi anitzeko sistemak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Alderdi-aniztasun»

Lehen begiratuan, kontraesana ematen du “alderdi anitzeko sistema lehiarik gabeak” badirela esateak, logikoagoa baita pentsatzea erregimen autoritarioetan alderdi bakarra dagoela eta alderdi bakar horrek gobernatzen duela. Hala ere, irudi-arrazoiak edo bestelako zioak direla eta, badira sistema autoritario ugari alderdi txikiak baimendu eta sustatu egiten dituztenak. Itxurazko alderdi-aniztasun horrek, batetik, sistemaren irudia hobetzen du, eta, bestetik, alderdi txikiak alderdi nagusiaren mende daude eta arlo konkretuetan soilik jarduten dute (nekazarien alderdiak dira horren adibideetako bat). Azken batean, alderdi txiki horiek baliagarri zaizkio erregimenari, horregatik onartzen ditu.

Koalizio nola edo hala behartuak dira aniztasun-itxura hori emateko biderik ohikoena. Erregimenaren alderdi nagusia koalizio horien gunea izaten da, eta alderdi txikiak haren osagarri hutsak. Sistema komunistak porrot egin zuen arte, horixe gertatu zen Ekialdeko Europako “herri-demokrazietan”, hau da, Bigarren Mundu Gerran armada sobietarrak askatu zituen herrialdeetan, non erregimen sozialistak ezarri baitzituen. Adibide gisa aipa daitezke Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Polonia, Txekoslovakia, Bulgaria eta Txina bera ere, herrialde bakoitzeko errealitate politikoa desberdina izan arren. Herrialde horietako batzuetan (Txekoslovakian eta Txinan, esaterako), alderdi txikiek ez zuten ez jarduera ez nortasun propiorik, eta aniztasun-itxura emateko baino ez zuten balio. Beste herrialde batzuetan (Polonian eta Alemaniako Errepublika Demokratikoan, besteak beste), beren bidetik jotzeko eta gobernuari aurka egiteko inolako askatasunik ez bazuten ere, gizarte-sektore batzuen eskakizunak eta interesak aldezten zituzten; hori dela eta, hala alderdi txiki horiek nola haien buruzagiak gai izan dira herrialde horietan gaur egun indarrean dagoen sistema demokratikora egokitzeko.

Alderdi bakarreko sistemak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Alderdi-bakartasun»

Alderdi bakarrekoa da lehiarik gabeko sistemarik ohikoena. Errusiako boltxebikeek sortu zuten, 1918an. Sistema horietan, botereaz jabetzen den alderdiak gainerako mugimendu politiko guztiak deuseztatzen ditu, eta berak ezartzen du herrialdearen ildo politikoa. 1991n Sobietar Batasuna desegin zen arte, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista izan da alderdi bakarraren eredu nagusia, baina bi mundu-gerren arteko faxismoek eta deskolonizazioaren ondoren Hirugarren Munduan sortu ziren estatuetako batzuek eredu hori imitatu zuten.

 
SESBeko Alderdi Komunistaren kongresua.

Sobietar Batasunean alderdiak ideologia global bat zuen oinarri eta gidari (marxismo-leninismoa), eta alderdiko buruzagiek egiazko klase nagusi baten estatusa zuten. Alderdiak estatuaren arlo guztiak menderatzen zituen egitura sendo, zentralizatu eta diziplina gogorreko baten bidez. Alderdia organo zentraletatik gobernatzen zen, eta herrialde osoan hedaturik zegoen. Masa-alderdia izan nahi zuen, eta gizarte-mugimendu guztiak kontrolatu.

Alemaniako alderdi naziak eta Italiako alderdi faxistak bestelako ezaugarriak zituzten.

Buruzagiak berebiziko garrantzia zuen, berak zeukan botere guztia eta inork ez zuen zalantzan jartzen haren agintea. Alderdi horiek ere estatua ordezten zuten, oso egitura sendoa zuten, eta buruzagiaren konfiantza ezinbesteko baldintza zen egitura horretan kargu bat lortzeko. Alderdiko kargudunak buruzagiaren zerbitzuan zeuden.

Deskolonizaziotik sorturiko estatu askotan gobernuak berak sortu zuen alderdia.

Hori dela eta, alderdi horietan militar eta funtzionario asko daude, eta zaila da estatua eta alderdia bereiztea. Oro har, ideologia ez da alderdi horien berezitasun nagusia.

Herrialde sortu berri horietako askoren mugak artifizialak ziren, eta gobernuek, hain zuzen ere, nazio-sentimendua sendotzeko sortu zituzten alderdiak. Horregatik, herritarrak eta bereziki hirietako biztanleak sozializatzeko tresnatzat hartu izan dira alderdi horiek.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo loturak

aldatu