Urriaren 17ko Batasuna
Urriaren 17ko Batasuna (errusieraz: Союз 17 Октября, translit.: Soyuz 17 Oktyabrya), Oktubristen Alderdia (errusieraz: Октябристы, translit.: Oktyabristi) moduan ere ezaguna, alderdi liberal-kontserbakorra izan zen. Bere izena 1905ko urriaren 17an Nikolai II tsarrak sinatutako manifestuaren omenez (manifestu horretan Duma parlamentuaren berrezarkuntza onartzen zuen tsarrak) ezarri zen eta jarraitzaileei oktubristak deitzen zitzaien[1].
Urriaren 17ko Batasuna | |
---|---|
Datuak | |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Errusiar Inperioa |
Ideologia | monarkia konstituzionala eta liberal conservatism (en) |
Kokapen politikoa | zentro-eskuin |
Agintea | |
Lehendakaria | Alexander Gutxkov |
Egoitza nagusi | |
Historia | |
Sorrera | 1905 |
Desagerpena | 1917 |
Ezaugarriak
aldatuOktubristak, euren izenetik igarri dezakegun bezala, Errusian sistema liberal bat tsarra edo monarkia kendu gabe, erreformez eta pixkanaka ezarri nahi zuten, adibidez, tokiko autogobernu organoen, zemstvo zirelakoen bidez (zemstvo hauek batez ere noblezia liberala biltzen zuten, ez ziren organo guztiz demokratikoak). Alderdi hau, beste alderdi liberala, kadeteena, baino eskuindarragoa edo kontserbakorragoa zen; kadeteekin zuten ezberdintasunak, adibidez, sistemarekin erreforma gehiago lortzeko ez konfrontatzea eta beraz sozialistekin ez aliatzea, sufragio unibertsal berdinkidea berehalakoan ez eskatzea (Dumarako hauteskundeak gizonezko sufragio ez-berdinkidearekin egin ziren) eta liberalismoa pixkanaka ezartzeko aukera posible ikustean (lehenik garapen modernizatzailea, gero askatasun zibilak) zezaten. Finean, sistema politiko osoa aldatu baino, eboluzionatu zezan nahi zuten[1].
Historia
aldatuOktubristak sekula ez ziren izan masa-alderdi bat, elite-alderdi bat baino (noblezia liberala, burges handiak eta intelektualak batzen zituzten). Lehen Duman izan zituzten emaitzak ez ziren oso onak izan, baina bigarren Dumarako hauteskundeetan (1907) eta hurrengoetan (Duma horietan bozka-balioaren desoreka handiagoa izan zen) Dumaren alderdi nagusi bilakatu ziren. Gainera, oktubrista bat, Mikhail Rodzianko, Dumako buru ere bihurtu zen[1].
Oktubristek, Sergei Witteren eta Piotr Stolipinen Gobernu erreformistak babestu zituzten (nahiz eta ez Witte ez Stolipin sekula ez ziren alderdiaren kide izan), are Wittek bere Gobernuarekin bat zitezen eskatu zien, oktubristek uko egin bazien ere. 1914an hasi zen Lehen Mundu Gerrarekin ados egon ziren. Paradoxikoki, guda horrekin bat, alderdiaren ekimenak izoztu egin ziren, hala ere, elite-alderdia izaki, beren militante batzuek euren eragin politikoa mantendu zuten[1].
1917ko egunetan, monarkia konstituzionalaren alde egin zuten, lehenbizi Nikolai II tsarrak konstituzio bat onar zezan konbentzitzeko mugimenduen parte izan ziren, eta iraultzarekin bat, Nikolai II beste tsar batengatik ordezten saiatu ziren; ez bata ez bestea lortu gabe. Hori dela eta, 1917ko otsailaren ostean, alderdi politiko bezala desagertu egin ziren, 1917ko martxo eta apiril arteko Gobernuan ministro batzuk alderdi honetako kide baziren arren. Errusiako Gerra Zibilak iraun zuen bitartean, zurien alde egin zuten[1].
Taldekideak
aldatuOktubristen ideologia batez ere Dmitri Xipov filosofoaren idatzietan oinarritzen zen (Xipov izan zen zemstvoen ideologo nagusia eta hauek fundatzeko ideia eman zuena), hala ere, alderdiaren buru praktikoak Alexander Gutxkov (Otsaileko Iraultza ostean, martxo eta apiril artean Guda ministro) eta aipatutako Mikhail Rodzianko izan ziren[1].