Adimen artifizialaren historia

Adimen Artifizialaren (AA) (ingelesez Artificial Intelligence, AI) historia aspaldi hasi zen, artisau maisuek izaki artifizialei adimena edo kontzientzia ematea lortu zutela kontatzen zuten mitoekin, istorioekin edo zurrumurruekin. AA modernoaren hastapenak filosofo klasikoei zor zaizkie, haiek saiatu baitziren giza-pentsamenduaren prozesua sinboloen manipulazio mekaniko gisa deskribatzen. 1940ko hamarkadan ordenagailu digitala asmatu izanak bultzada handia eman zion horri. Izan ere, arrazoibide matematiko abstraktuan oinarritutako makina horri esker, garun elektroniko bat eraikitzeko aukera serioski eztabaidatzen hasi ziren hainbat zientzialari.

Adimen Artifizialaren ikerketa-arloa Dartmouth College-ko campusean (AEB) egindako tailer zientifikoan sortu zen, 1956ko udan. Tailerrean parte hartu zuten zientzialariek AAren ikerketa gidatu zuten hainbat hamarkadetan zehar. Haietako askok uste zuten gizakia bezain adimentsua izango zen makina sortzea posiblea izango zela epe motzean (belaunaldi bat, gehienez), eta milioika dolar jaso zituzten uste hori egia bihurtzeko.

Denborarekin argi geratu zen ikertzaileek eta proiektua diruz lagundu zutenek proiektuaren zailtasuna gutxietsi zutela; uste zutena baino zailagoa zen. 1974an, James Lighthill -en kritiken[1] eta kongresuaren presioaren ondorioz, AEBetako DARPAk eta Erresuma Batuko Gobernuak AAren arloan egiten zen zuzendu gabeko ikerketa finantzatzeari utzi zioten. Ondoren etorri ziren "Adimen Artifizialaren negua" izenez ezagutzen diren urte zailak. Zazpi urte geroago, Japoniako Gobernuak sustatutako ekimen bati esker, herrialde askotako gobernuek eta industriek AAko proiektuen garapenari milaka milioi dolar eskaini zioten, baina 80ko hamarkadaren amaieran inbertitzaileak etsita agertu ziren lortutako emaitzekin eta finantzaketa berriro ere eten egin zen.

XXI. mendeko lehen hamarkadetan egin zuten gora AAren inguruko inbertsioak eta interesak, ikasketa automatikoa akademian eta industriako problema askoren ebazpenean lortzen ari zen emaitza onak ikusita. Ikasketa automatikorako metodo berriei, hardware ahaltsuari eta datu-multzo erraldoiei esker lortu ahal izan zen arrakasta hori.

Aitzindariak aldatu

Aitzindari mitikoak, fikziozkoak eta espekulatiboak aldatu

Mitoak eta kondairak aldatu

Talos brontzez egindako erraldoi bat zen Greziar mitologian, Kreta uhartearen zaindari gisa jardun zuena. Harkaitzak botatzen zituen inbaditzaileen ontzietara eta egunero uharteari hiru bira ematen zizkion hura babesteko. Liburutegi mitologikoaren arabera, Hefestok Talos automata sortu zuen ziklope baten laguntzaz eta Minos-i oparitu zion.[2] Argonautika olerkian, Talos-ek oinaren ondoan zeukan entxufeari esker garaitu zuten Jasonek eta Argonautek, hura deskonektatzean Talos-i bizia ematen zion ikor-a gorputzetik kanpora isuri eta bizigabeko bihurtzen zelako.[3]

Pigmalion Greziar mitologiako errege eta eskultore mitikoa izan zen eta Ovidioren Metamorfosiak olerkian agertzeagatik ezaguna egin zen. Ovidioren poema narratiboko 10. liburuan, Pigmalion haserretu egiten da emakumeekin, propoetideak prostituzioan nola dabiltzan ikustean[4] Hori dela eta, eskaintzak egiten zituen Venusen tenpluan, jainkosari berak zizelkaturiko estatuaren moduko emakumea ekar ziezaion eskatzeko.

Golem-ak egiteari buruzko lehen idatziak Eleazar of Worms-en lanetan aurkitzen dira, XII.mendearen inguruan. [5] Golem-ei bizia emateko, nahikoa zen jainkoren baten izena idatzia zuen paper zati bat Golem-aren buztinezko ahoan sartzea. [6] Brazen Head automata legendarioek ez bezala,[7] Golem-ek ezin zuten hitzik egin. [8]

Adimen artifizialaren bitarteko alkimikoak aldatu

 
Goetheren Faustoko homunkulu baten irudikapena

Paraszeltso, Suitzan jaiotako alkimistak idatzitako Of the Nature of Things -en, "gizon artifizial bat" eratzeko prozedura deskribatzen du. "Gizon baten esperma" zaldi gorotzetan sartuta 40 egunetara, "Gizonaren odola arkanoa" elikatuz, uzta hori haur bihurtuko dela zioen.

Erreferentziak aldatu

  1. Lighthill, James. (1972). «"Artificial Intelligence: A General Survey (Lighthill Report)"» www.chilton-computing.org.uk (Artificial Intelligence: a paper symposium, Science Research Council) (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  2. «Apollodorus, Library, book 1, chapter 9, section 26» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  3. Rhodios, Apollonios. (2007). The Argonautika : Expanded Edition.. (2nd ed. argitaraldia) University of California Press ISBN 978-0-520-93439-9. PMC 811491744. (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  4. Morford, Mark P O Morford, Robert J Lenardon, Michael Sham. (2018). Classical mythology. (Eleventh edition. argitaraldia) ISBN 978-0-19-085164-4. PMC 1013500427. (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  5. Kressel, Matthew. (2015-10-01). «36 Days of Judaic Myth: Day 24, The Golem of Prague» Matthew Kressel.
  6. «GOLEM - JewishEncyclopedia.com» www.jewishencyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-08-03).
  7. Harvey P Newquist, "The Brain Makers : Genius, Ego, and Greed in the Quest for Machines that Think]" (1994), New York: Macmillan/SAMS, ISBN 978-0-9885937-1-8
  8. "Sanhedrin 65b". www.sefaria.org. https://www.sefaria.org/Sanhedrin.65b.17?lang=bi&with=all&lang2=en

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu