535 eta 536ko ezohiko gertaera klimatikoak
535 eta 536ko ezohiko gertaera klimatikoak urte horietan zehar jazo ziren klima aldaketa bortitzak izan ziren, epe labur batean zehar eragin bazuten ere, garaiko gizadian kalte oso larriak sorrarazi zituztenak.[1] Antzinaro Berantiarreko Izotz-Aro Txikia izena ere jaso dute gertaera horiek, mundu mailan eragin zuten tenperaturaren jaitsiera nabarmena zela eta. Azken bi mila urtetan gertaturiko aldaketa klimatiko labur eta bortitzenak izan ziren, behintzat ipar hemisferioari dagokionean.[2] Gertaera honen eragiletzat hauts atmosferikozko lanbro ilun eta zabal bat hartu izan da, ziurrenik tropikoetako sumendien erupzio handi batek[3] edo espazioko hondakinen talkak sorrarazia, adibidez, Lur-Hurreko argizagi batenak. Gizakiarengan izandako eragin kaltegarriak urtaroetatik at zegoen giroak elikatu zituen, izan ere, giro hotz eta ilunak uztak zapuztu eta gosete ikaragarriak eragin zituen mundu osoan zehar.[4]
Gertaeraren xehetasunak
aldatuEzohiko gertaera honen ezaugarririk bitxiena Lurra bere osotasunean estali zuen geruza ilun bat da, toki batzuetan besteetan baino trinkoagoa izan zena, adibidez, Europan eta Asiako zenbait eskualdetan. Europako zenbait eskualdetan lanbro honen trinkotasunak Eguzkiaren argia sartzea ia bere osotasunean galarazten zuen. 536. urtean, lanbro honek eragin handiena izan zuen eskualdeetan, ez zen udarik izan; honek toki horietan jendearen beldurra eta matxinadak eragin zituen. Azken ikerketen arabera, 536ko udan lau ordu inguruko egunak izan zituzten eta ez zuten ia egun eguzkitsurik eduki; baliteke honek garaiko gizakiengan munduaren azkena hurbil edukitzearen susmoa eragin izana. Lanbro iluna hemezortzi hilabeteren buruan urtu zen.[5]
Datu zehatzei so eginez gero, munduko tenperatura 1,5 eta 2,5 gradu artean jaitsi zela diote zientzialariek, batez bestean. Jaitsiera hori hain denbora-tarte laburrean gertatzea oso larria da eta horregatik, Txinan udako elurteak erregistratu zituzten, gosete ikaragarriak jazo ziren eta norbanako ugari hil egin ziren. Gertaera honek gerorako ondorioak utzi zituen, adibidez, mende osoa iraungo zuen ahuldade ekonomikoa sortu zuen.[5]
Kausa posibleak
aldatuHainbat unibertsitate eta ikertalde saiatu dira gertaera azaltzen, horien artean dugu Harvard Unibertsitatea. Unibertsitate honek 2018an haritzen enborretako zirkuluak aztertu zituen; zirkulu horiek zuhaitza datatzeko erabili ohi dira, baina zuhaitza zaharra bada, urte bakoitzean jazo ziren gertaera klimatikoen berri eman diezaguke, baldin eta zirkulu bakoitzak aurrekoarekiko duen tartea behatzen badugu. Tarte hori zenbat eta handiagoa izan, zuhaitzaren urte horretako hazkundea orduan eta handiagoa izan zen, alderantziz tarteak txikiak badira. Hala, zientzialariek jakin zuten 536an aztertu zituzten zuhaitzen artetik bat bera ere ez zela hazi eta hazkuntza oso motela izan zutela hurrengo urteetan, zehazki, 555. urteraino. Hori ikusirik zientzialariek teoria hauek proposatu zituzten:[5]
- Espazioko gorputz baten talka: jakina da historian zehar espazioko gorputzen talkek hondamen handiak eragin dituztela eta horregatik, halako eragile bat sarritan proposatu izan da gertaera honen kausatzat.[6][7] Meteorito edo kometa baten talkak errautsezko hodei bat sorrarazi zuen teoria honen babesleen arabera, mundu guztian hedatu zena. Alabaina, meteorito baten talkak utzi ohi duen iridioaren bariazioa ez da gaur arte atzeman 536. urteari dagokion estratuan.[5]
- Muturreko bulkanismoa: indar handia duen teoria da, izan ere, izotz laginetan aurkitu diren sulfato biltegiek sostengu indartsua ematen diote. Teoria honen babesleen arabera, bulkanismo bortitz honek "negu bolkanikoa" deritzona eragin zuen, hau da, errautsezko hodeiek estali zutela mundua denbora-tarte motz batean zehar.[8] 1984an, R. B. Stothers zientzialariak adierazi zuen errautsezko hodei hori askatu zuen sumendia gaurko Papua Ginea Berriko Rabaul sumendia izan zitekeela.[9] 2018an Harvard Unibertsitateko zientzialariek Groenlandiako izotz-hodiak aztertu eta bertan 536. urteari zegokion erregistroa bilatu zuten, bertan, Islandiako sumendien erupzioarekin bat zetozen partikulak atzematea lortu zuten. Haatik, lorratz hauek ez zuten gertaera bere osotasunean azaltzea lortu, ez baitzuten azaltzen gertaera hurrengo bi hamarkadetara luzatu izana.[5]
2019an U. S. Geological Surveyko bi zientzialarik, Dallas Abbott eta John Barron geologoek, beste kausa posible bat proposatu zuten. Zientzialari hauen arabera, bulkanismoa izan zen gertakari klimatiko berezi hauen eragile nagusia, baina urpeko sumendien erupzioen bidez eragin zuen. Aipatutakoa baieztatzeko, 536 urteari eta ingurukoei zegozkien izotz-hodien zatietan gune tropikal eta beroetako mikroorganismoen fosilak atzeman zituztela adierazi zuten eta horien presentzia azaltzeko bide bakarra zegoela, urpeko sumendien erupzioak sorturiko korronte aldaketa, mikroorganismo horiek eskualde polarretaraino eramango zituena. Espazioko gorputz baten talkak ere efektu bera sor dezake, baina urte horietako izotz-hodien zatietan ez da hauts kosmikoaren edo bestelako Lurretik kanpoko gorputzen ezaugarririk atzeman.[10]
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Gaztelaniaz) Criado, Miguel Ángel. (2016-02-08). «Una pequeña edad de hielo pudo cambiar la historia de la Antigüedad» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
- ↑ (Ingelesez) Abbott, D. H.; Biscaye, P.; Cole-Dai, J.; Breger, D.. (2008-12). «Magnetite and Silicate Spherules from the GISP2 Core at the 536 A.D. Horizon» AGUFM 2008: PP41B–1454–1454. (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
- ↑ (Ingelesez) «Publish with AGU» AGU (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
- ↑ Ker Than: [«Slam dunks from space led to hazy shade of winter»,] New Scientist, 201 (2689): 9; 2009ko urtarrilaren 3
- ↑ a b c d e (Ingelesez) GibbonsNov. 15, Ann; 2018; Pm, 2:00. (2018-11-15). «Why 536 was ‘the worst year to be alive’» Science | AAAS (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
- ↑ Ferren MacIntyre (2002): «Simultaneous settlement of indo-pacific extrema?», en Rapa Nui Journal, 16 (2): 96–104.
- ↑ Exodus to Arthur : catastrophic encounters with comets. Batsford 1999 ISBN 0-7134-8352-0. PMC 477139151. (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
- ↑ Ken Wohletz: Were the dark ages triggered by volcano-related climate changes in the 6th century?
- ↑ (Ingelesez) Stothers, R. B.. (1984-01). «Mystery cloud of AD 536» Nature 307 (5949): 344–345. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).
- ↑ (Ingelesez) «Undersea Volcanism May Help Explain Medieval Year of Darkness» State of the Planet 2019-12-17 (Noiz kontsultatua: 2020-01-04).