Greziako historiak eskuarki greziar herria, haiek okupaturiko lurraldeak eta egungo Greziako estatu modernoaren ikerkuntza hartzen du bere baitan. Greziarren hedapena aroz aro aldatzen denez, Greziako historia ere malgua da, bere edukiera dagokionez. Aro bakoitzak bere interes-eremua dauka.

Alexandro Handiak greziar kultura hedatu zuen bere konkisten bidez.

Lehendabiziko greziarrak egungo Grezia aldera K.a. III. milurtekoan iritsi ziren, non beste herri batzuk nekazaritza K.a. 7 milurtekotik. Hedapenaren erpinean, greziar zibilizazioa Egiptotik Hindu Kushera (egungo Pakistan) zihoan. Hortik aurrera, greziar gutxiengoak aurrean bere menpeko lurraldeetan (Turkia, Italia, Libia, Ekialde Hurbila) edo, migrazioa zela eta, munduko beste toki batzuetan (Ipar Amerika, Australia, Ipar Europa, Hegoafrika...). Nolanahi ere, egun, greziar gehienak Grezian (1821tik estatu independentea) eta Zipren bizi dira.

Halaber, Greziar historia garrantzitsua da antzinatean garatutako kultura Mendebaldeko Zibilizazioaren jatorritzat hartzen baita. Greziar kulturak Erromatar Inperioan itzelezko eragina izan zuen, baita Pizkundean eta beste ondorengo aroetan ere. Eragin hau hizkuntzan, politikan, hezkuntzan, filosofian, zientzian eta arteetan izan zen. Antzinako Grezia Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzeraino grezieraz berba egiten zuten lurraldeez osatua zen.

Zibilizazio minoikoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Zibilizazio minoikoa»

Greziaren inguruan sortu zen lehenengo zibilizazioetakoa Kretako Minoikoa izan zen. Informazio gutxi daukagu kultura horren inguruan. Izena ere historialari modernoek emandakoa da, Minos, Kretako kondairetako erregearengan oinarrituta.

Kretan K.a. 2700tik K.a. 1450 arte garatuta, aurre-indoeuropar herriekin lotu izan dute aipaturiko zibilizazioa, Antzinateko eteo-kretarren aurrekariak zelakoan. Baina haien hizkuntza, Lineal A deritzon idazkeran kodetuta, ez dago ulertzerik, irakurtzen bada ere. Itsasoko merkataritza menperatzen zuen herria omen zen, herriko baliabide natural oparoaz probestuta. Egurra ustiatzen zen garai hartan, eta Zipren, Egipton edo Egeoko irletan saltzen zen baliabidea.

Zibilizazio horren amaiera ere ez dago argi. Grezia kontinentaletik zetozen mizenastarrek inbaditu zituzten K.a. 1400 inguru. Horrekin batera, Santorini irlako erupzioak ere paper garrantzitsua jokatu omen zuen Kretako zibilizazioaren gainbeheran. Teoria horren arabera, minostar itsasontziak eta portuak suntsiturik geratu ziren lurrikara eta itsasikara itzel horiengatik. Balizko klima-aldaketak denbora luzean izan zezakeen eragin txarra uztetan.

Mizenas aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Mizenastar zibilizazioa»
 
Agamemnonen maskara.

Mizenastar Grezia, Brontze Aroko Grezia hain zuzen ere, Egeo Itsasora greziarrak heltzean (K.a. 1600 inguru) hasi zen, eta K.a. 1100 inguru amaitu zen, haren zibilizazioa bukatu zenean. Homeroren mitologiaren garaia da. Izena Peloponesoko penintsulako Mizenas hiri-aztarnategi arkeologikotik datorkio. Atenas, Pilos, Tebas edo Tirinto dira garaiko beste hiri garrantzitsu batzuk.

Mizenastar kultura aristokrazia gerlariak menperatu zuen. K.a. 1400 inguru, mizenastarrek minostar zibilizazioaren bihotza zen Kreta azpiratu zuten. Minostarren Lineal A izeneko idazkera bereganatu zuten mizenatarrek, Lineal B deritzon idazkera sortuz haien hizkuntza, grezieraren dauzkagun lehen aztarnak, idazteko.

Mizenasterrek noblezia tholoi izeneko hilobietan ehorzten zuten, zibilizazio honen ezaugarri behinenetakoa. Gorpuarekin batera, ezpatak edo gerrarako beste tresna batzuk ehorzten zituzten. Nobleek urrezko maskarak ere eraman zituzten, baita tiarak, armadura eta bitxidun armak ere.

K.a. 1100 inguru, mizenastar zibilizazioa amaitu zen. Antzinateko greziarrek beraiek gainbehera hau azaltzen zuten beste herri greziar baten, doriarren, inbasioarengatik, baina arkeologiak ez du teori honen froga frankorik erakutsi. Hiri andana arpilatuta gertatu ziren eta, historialariek Aro Iluna deitutakoa hasi zen.

Aro Iluna aldatu

Greziar Aro Iluna ustezko doriar inbasioarekin eta mizenastar zibilizazioaren amaiarekin (K.a. 1100 inguru) hasi zen eta K.a. 800 inguru bukatu zen, K.a. IX. mendean hiri-estatu greziarrak hedatzen hasi baitziren eta berriro idazten hasi baitzen. Homeroren epika lehenengoetakoak ziren. Ez da ahaztu behar estreinako Olinpiar Jokoak K.a. 776an burutu zirela.

Mizenastar zibilizazioarekin batera, Ekialde Hurbilean inperio batzuk, Egiptokoa eta hititena, amaitu ziren. Honen eragilea kanpotik etorritako herriak izan zitekeen. Izan ere, burdinezko armak zituzten, borrokan brontzezkoen aurrean abantaila erabakigarria ematen dutenak.

Arkeologiak mizenastar kulturaren amaiera erakusten du. Jauregi eta hiri handiak suntsitu edo abandonatu zituzten. Greziera ez zen gehiago idazten. Garai honetako zeramikak ikur geometriko errazak baino ez dauka, aurreko eta ondoko apaindura figuratiboren ondoan. Ilun Aroko greziarrak bizileku txikiagotan finkatu ziren, zeinek gosetea eta populazio galera iradokitzen dituen. Kanpoko ondasunik ez dira aztarnategian aurkitzen, zeinek salerosketa murriztua iradokitzen duen. Kulturaren arloan ere, garapen edo hazkunde txikia ikusten da.

Erregeek gobernatu zuten aro honetan. Gerragintzan, munta zalditeriatik infanteriara igaro zen. Ekoiztea merkea zenez, burdinak brontzea ordezkatu zuen edozein tresna edo arma mota egiterakoan.

Aro honen bukaeran kolonialismo garaia hasi zen, hiri-estatuen eredua oinarritzat hartuta. Horrenbestez, greziar mundua Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzaraino hedatu zen. Feniziarrengandik alfabetoa hartu eta egokitu zen, grezieraz berriro idazteko.

Antzinako Grezia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Grezia»

Aro Arkaikoa aldatu

 
Greziar mundua.

Greziako erliebe menditsuak eraginda, bere burua gobernatzen zuten komunitate txiki andana sortu ziren. Izan ere, elkarren artean komunikatzeko edo produktuak saltzeko biderik onena itsasoa izan zuten beti greziarrek.

Komunitate txiki horiek hiri bat (polis) zuten buru. Hastapenean erregeak (basileus) gobernatzen zuen hiri-estatu hori. Lurraren jabeek aristokrazia osatzen zuten. Hiri-estatuen arteko borroka jarraituak zirela eta, erregeen boterea higatu zen, eta aristokrazia horrek bere postua bete zuen denboraren poderioz. Nolanahi ere, merkataritzaren ugaltzearekin batera beste gizarte-klase bat sortu zen, merkatariena, diruduna lurra ez eduki arren. K.a. 650tik aurrera, tokian tokiko aristokraziak botereari eusteko borrokatu behar izan zuen tirano (tyrannoi, ez nahastu egungo diktadoreekin) izeneko klase berriko lider populisten aurka.

Espartan lur-aristokraziak boterea gorde ahal izan zuen. Likurgoren konstituziopean (K.a. 650 inguru), hiri horretan erregimen militarista berezia jarri zen martxan, biko monarkiaren azpian. Atenasen, ordea, monarkia K.a. 683an bertan behera utzi zuten. Solonek gobernu-sisteman erreforma batzuk ezarri zituen, aristokraziaren boterea apaltzeko. Pisistrates tiranoak, boterea eskuratuta, hiria merkataritza-botere bilakatu zuen. Horren ondoren, Kleistenesek demokrazia ezarri zuen (K.a. 500), boterea gizonezko herritarrek osatutako biltzarrak baitzeukan. Nolanahi ere, esklabuek, askatutakoek eta atzerritarrek ez zuten herritartasuna.

Denborak aurrera egin ahala, greziar mundua pixkanaka pixkanaka hedatu zen, hiri-estatuek kolonia ugari Mediterraneoan eta Itsaso Beltzan finkatu baitzituzten. Hiri batek kolonia fundatu arren, ez zeukan haren gaineko kontrolik, nahiz eta merkataritza eta erlijio arloetan lotura estuago eduki zezakeen. Eta koloniek ere beste kolonia batzuk sortu ahal izaten zituzten. Hori zela eta, sal-erosketa ugaldu zen garai honetan.

Aro klasikoa aldatu

 
Partenoia, Grezia klasikoaren ikur nagusia.

Antzinako Greziako garai klasikoa bi gerrak markatu zuten. Pertsiako inbaditzaileen kontrako garaipenak urrezko aroaren atea zabaldu zuen. Arlo militarrean ez ezik, K.a. V. mendean Grezian (batik bat Atenasen) literaturan (Aristofanes, Eskilo, Euripides, Sofokles) arkitekturan (Partenoia), eskulturan (Fidias), politikagintzan (Perikles) eta filosofian (Sokrates) aurrerapauso itzelak eman ziren. Peloponesoko Gerrak, hein batean, amaiera ekarri zion egoera honi, gerra zibil honek ezegonkortasun-garaia ekarri baitzuen.

Nagusitasuna zela medio ika-mikan, Atenasek eta Espartak gerra ankerra borrokatu zuten, eremu osorako krisia ekarriz. Esparta garaile atera zen arren, bere nagusitasunak nahiagabea sortu zuen beste hiri greziarrean artean (esaterako, Jonia eta Zipre Persiar Inperioari eman zizikion). Honela, Tebas altxatu zen eta, Epaminondas jeneral jaioa buru zutela, K.a. 371n Leuktrako batailan Espartako armada suntsitu zuten. Tebasko nagusitasunaren epeari atea zabaldu zitzaion. Alabaina, Fozearen kontrako borrokan, Tebasek Mazedoniako Filipo II.ari eskatu zion laguntza. Mazedoniak berehala menderatu zituen Greziako hiri akituak. Alexandro Filiporen semearekin epe berri bat hasi zen, helenistikoa.

Aro helenistikoa aldatu

 
Ptolomeo I.a.

Aro hau Alexandro Handiaren konkistekin hasi eta, K.a. 146an, Erromak greziar penintsula konkistatzean amaitu zen. Nolanahi ere, erromatar aginteak ez zuen eten gizarte eta kultura helenistikoaren jarraipena (kristautasunaren etorrera arte ez zen moztu), baina independentzia politikoa ekarri zuen. Egungo Greziaren garrantzia apaldu zen aro honetan, Alexandria eta Antiokia kultura greziarraren motoreak bilakatu ziren.

Alexandro Handiaren heriotzaren ostean, boterea bereganatu nahian Alexandroren jeneralak elkarren aurka borrokatu ziren. Ondorioz, inperioa zatitu eta erresuma berriak sortu ziren. Ptolomeo Egipton edo Seleuko ekialdean geratu ziren. Greziako hiri-estatuen kontrola etena zen, matxinadak zirela eta. Hurrengo urteetan, sorturiko estatuek haien artean borrokatu ziren. Mazedoniako Filipo V.a Erromari aurre egin ahal izan zion azken agintari greziarra izan zen, Kartagorekin aliatuta. Hala ere, K.a. 202an Kartago gailenduta, Erroma ekialdeari so geratu zen. Honela, K.a. 198an Mazedoniako Bigarren Gerra piztu zen eta Tito Kinktio Flaminio jeneral erromatarrak Filipo garaitu zuen. Flaminio greziar kulturaren mireslea zen, eta greziar hiriak aske zirela iragarri zuen. Nolanahi ere, Korinton eta Kalzisen soldaduak kokatu zituen eta Erromak kontrolatzen zuen liga berri bat sortu zen.

Erromatar eta Bizantziar Inperioak aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Bizantziar Inperioa»

Antzinako Erromaren gainean eragin itzela izan arren, Grezia Erromatar Inperioko probintzia bilakatu zen Grezia. Inperioa bitan banandu zenean, ekialdeko zatian greziarra zen kultura nagusia. Bizantziar Inperioan greziera izan zen hizkuntza nagusia.

Otomandar Inperioa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Otomandar Inperioa»

Erasoak eraso, XV. mendera arte, inperio horrek zutik iraun zuen hamaika mendez. Otomandarren eskutan erortzean (1453), Konstantinopolisko jakintsu asko mendebaldera migratu ziren, Pizkundearen eragile bat izanik. Nolanahi ere, greziar ortodoxoen kohesiorako, eta ondorengo nortasun greziarra osatzeko, oso lagungarria izan zen erlijioan banantzeko sistema otomandarra.

Otomandar Inperiotik Greziak independentzia gerraren bidez lortu zuen 1821 eta 1829 bitartean. Hortik aurrera, Grezia eta Turkiaren arteko hartu-emanak gatazkatsuak izango dira oso, lurraldearen gaineko aldarrikapenak direla medio.

Independentzia aldatu

 
Navarinoko Gudua (1927ko urria), otomandarren egiazko agitearen amaiera izan zen.
Sakontzeko, irakurri: «Greziako Erresuma»

Ioannis Kapodistrias aukeratu zuten errepublika berriko lehen buruzagitzat 1827an. Edonola ere, hil ostean, Mendebaldeko Botereek Wittelbach leinuko monarka bat ezarri zuen.

1912 eta 1922 artean, Greziak hainbat gerra pairatu zituen. Nazionalismoak bultzatutakoan izan ziren, Greziak XIX. mendean sortutako Megali Idea (Ideia Handia, grezieraz) egin nahi zuelako, hau da, greziar etniako biztanleak zeuzkaten lurralde guztiak batzea. 1912an, Grezia gaur egun baino txikiagoa zen eta 1923an zehaztu ziren ia erabat gaur egungo mugak Lausanako Hitzarmenaren bitartez. Baina Grezian porrot sentsazioa zegoen Ideia Handiak huts egin zuelako[1].

Anatoliako penintsula eskuratzen saiatu zen Atenas. 1919an, Lehen Mundu Gerra eta gero, Otomandar Inperioa desagertzen ari zela Europako hainbat estatu (Erresuma Batuak, Frantziak eta Italiak) eta Balkanetako zenbait estatu Otomandar Inperioaren lurrak euren artean banatzeko lehia hasi zuten[1].

Erresuma Batua eta Frantziak Greziari greziar biztanleak zituzten lurraldeak hartzea proposatu zioten baina Greziako armadak ez zuen lortu eta 1922an Anatoliatik joan zen. Ondorioz, greziarrek milaka urtetan Anatolian izandako presentzia galdu zuen. Horrenbestez, Greziak eta Turkiak populazio trukaketa egin zuten: Turkia zeuden milioitik gora greziar Greziara joan ziren eta Grezian bizi ziren turkiarrak (300.000 baino gehiago) Turkiara bidali zituzten[1].

Testuinguru honetan, Konstantino I.a Handia erregea Anatoliako gertaeren errudun egin zuten eta armadak bultzatuta tronua Jurgi semeari utzi zion. Monarkiak prestigioa oso galdua zuen eta horrela, 1923ko hauteskundeak liberalek irabazi ondoren errepublika aldarrikatu zen eta Greziako mugimendu komunista industria guneetan indartzen hasi zen[1].

Hurrengo urteetan, ezegonkortasuna eta estatu-kolpeak nagusitu ziren. Italia faxistak 1940ko urriaren 28an amore emateko eskatu zion Greziari. Ioannis Metaxas diktadoreak ezaguneko "OXI" (EZ) erantzun zion ultimatumari, eta Italiak eraso zuen. Albanian Italiako armada geldiarazi arren, alemaniar indarren aurrean erori zen Grezia. Nolanahi ere, greziar erresistentziak arazo franko eman zizkien okupatzaileei.

Askatu ondoren, erregezaleen eta komunisten arteko gerra zibila piztu zen. Horrek hurrengo 30 urtetarako ika-mikak eta krisialdi ekonomikoa zabaldu zituen herrialde osoan. 1967ko apirilaren 21ean militarrek, AEBetako babespean, estatu-kolpea eman zuten. 1973ko azaroan kontra estatu-kolpe batek Dimitrios Ioannides diktatore ezarri zuen. Hala ere, 1974ko uztailaren 20an, Turkiak Zipre inbaditzean, diktadura bertan behera erori zen.

Konstituzio demokratikoa indarrean jarri zen 1975ean, eta, erreferendumen bidez, monarkia deuseztatu zen urte horretan ere. Erbestetik itzulita, Konstantinos Karamanlisek Demokrazia Berria alderdia eta Andreas Papandreuk PASOK alderdi sozialista osatu zuten, hurrengo hamarkadetan herrialdeko politikagintzan alderdi garrantzitsuenak. 1981eko urtarrilaren 1ean Europar Batasunean sartu zen eta 2001ekoan euro dirua hartu zuen.

Azken urteak aldatu

2007 eta 2008 artean gobernuak pilatutako zor finantzarioaren ondorioz, 2009aren amaieran krisialdi ekonomiko larrian sartu zen herrialdea, eremu politikoan islatu zena: 2015eko urtarrilean Syriza alderdi ezkertiarra boterera iritsi zen. Halaber, eskuin-muturra lehenengo aldiz boterera iritsi zen, Urrezko Egunsentiaren bidez.

Kirol arloan, 2004an antolatu zituzten Olinpiar Jokoak. Klima aldaketari dagokionez, 2007an, bestela, bero bolada larria pairatu zuten urte hartako ekainean. 2017ko uztailean 102 pertsona hil ziren azken hamarkadetan Europan gertatutako sute suntsitzaileenean.

2014 aldatu

2014ko abenduaren 4an, Greziak aurrekontuak bidali zizkion troikari negoziazioa martxan jarri ahal izateko[2]. Abenduaren 8an, Greziaren erreskatea beste bi hilabetez luzatu zuten, horrela Atenasko gobernua eta troika hura ordezkatu behar zuen sistema negoziatzeko denbora edukiko zuten[3]. Hori dela eta, Samarasek zetorren astera aurreratu zuen Greziako presidentearen aukeraketa[4].

Abenduaren 9an, Samarasen ekintzak Greziako burtsaren jaitsiera handia eragin zuen[5].

Abenduaren 23an, bigarren itzulian ere ez zuten Greziako presidente izateko hautagaia aukeratu, izan ere, Stavros Dimasek 200 boto behar zituen baina 168 jaso zituen. Azaroaren 24an, hirugarren eta azken bozketa egingo zuten[6]. Hauteskunde aurreratuak ondoan zituzten Grezian, izan ere, bigarren saiakeran ere Dimas presidente aukeratzea ez zuen lortu Samarasek. Abenduaren 29a zuen «arriskua saihesteko» azken aukera[7].

Abenduaren 29an, Greziako Parlamentuak Stavros Dimasen presidentetzarako hautagaitza bozkatu zuen. Baztertuz gero, hauteskundeak egin eta Syrizak irabazteko aukera zukeen[8]. Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreko hautagaiak 168 boto hartu zituen bigarren bozketan, eta kopuru berdina hirugarrenean ere. Baina 180 parlamentariren babesa behar zuen presidente izateko. Beraz, Dimasek ez zuen jaso babes nahikorik eta urtarrilaren 25ean egingo zituzten hauteskundeak Grezian[9].

Gertaerak galerak sortu zituen burtsan eta Syriza alderdiaren balizko garaipena egoteko aukera sortu zen[10]. Ondorioz, Greziari eman beharreko diru-laguntzak eten zituen NDFk. Greziako buruzagiekin laguntzaren inguruko bilerak “Exekutibo berria botereaz jabetzen denean berriz hasiko” zituztela eman zuen jakitera Nazioarteko Diru Funtsak[11]. Bestalde, Atenaseko Burtsak %3,91 galdu zuen galerak murriztu arren. Europako burtsa nagusiei kaltea sortu zien Greziako ezegonkortasun politikoak, baina azkenean Italia, Espainia eta Portugaleko burtsek bakarrik egin zuten behera[12]. Inkestetan, Syriza zen faborito hauteskundeetan[13].

NDFk adierazi zuen ez zizkiola Greziari ordainduko erreskateko azken 1.800 milioiak. Hala ere, Alexis Tsipras prest agertu zen EBko herrialdeekin negoziatzeko[14]. NDFren ustez Greziak iraun zezakeen erreskateko azken 1.800 milioiak jaso gabe. Bestalde, Berlinek adierazi zuen hurrengo gobernuak eskuak lotuta edukiko zituela. Bruselak, berriz, erreformekin jarraitzeko eskatu zuen[15].

2015 aldatu

Urtarrilaren 4an, Grezia eurotik kanporatzen posible ikusten zuen Alemaniak. Kanporatzea saihestezina litzateke baldin eta, Alexis Tsiprasek hauteskundeak irabaztekotan eta Greziak erreformen bidea bertan behera uztekotan[16].

Urtarrilaren 5ean, François Hollandek Grezian hartutako konpromisoak bete beharko zituela gobernu berriak adierazi zuen. Bestalde, Frantziako presidentea Angela Merkelekin batuko zela zetorren asteburuan Europaren etorkizunaz eztabaidatzeko ere jakin zen[17]. Horrela, Europako Batasuneko agintariak Greziako hauteskundeen kanpainan sartu ziren[18]. Gainera, Europako Batasunak Grezia eurogunea zela eta atzera bota ezin aen erabaki bat zela esan zuen[19].

Urtarrilaren 6an, Syriza beldur kanpaina borrokatzen ari zen, ezkerrak hauteskundeetan garaipena erdietsiz gero Greziak eurogunean jarraituko zuela esanez eta hartzekodunekin negoziatuko zutela adieraziz[20].

Urtarrilaren 7an, Martin Schulz arduragabe ikusi zituen Greziari buruzko espekulazioak eta denek argi izan behar zutela eurotik ateratzea ez zegoela ezbaian adierazi zuen[21].

Sakontzeko, irakurri: «2015ko Greziako hauteskunde legegileak»

Urtarrilaren 16ean, Greziako hauteskundeak irabazi ahal izateko estrategia aldatu zuen Samarasek[22].

Urtarrilaren 21ean, Syriza ikusten zen dute garaile nagusitzat baina kalean ez zen horren eraginik. Beldurra eta etsipena ziren Greziako ordungo gai nagusiak[23].

Urtarrilaren 22an, Syrizak EBZren erabakia ontzat jo zuen, izan ere, «beldurraren mezuarekin» bateraezina zela uste zuen. Bestalde, «aro berri bat» egongo zela adierazi zuen Alexis Tsiprasek[24].

Urtarrilaren 25ean, lehen ministro bilakatu zen Alexis Tsipras. Bi eserleku falta zitzaizkionez gehiengo osoa lortzeko Greziar Independenteek babesa emango zioten Syrizaren gobernuari[25]. Egun berean, Euroguneak akordioak errespetatzeko eskatuko zion Greziari[26].

Urtarrilaren 26an, hamar ministerio izango zituela gobernuak jakin zen[27].

Egun berean, zorra barkatzearen aurka azaldu zen Alemania, baina maileguen baldintzak aldatzeari buruz hitz egiteko prest azaldu zen[28].

Urtarrilaren 27an, arlo ekonomiko nabarmena zuen gobernua osatu zuen Alexis Tsiprasek Grezian. Defentsa Anelen eskuetan utzi zuen[29].

Urtarrilaren 28an, Alexis Tsiprasek "denbora" eskatu zion Martin Schulz Greziak "erreforma oso sakonak" egiteko[30]. Bestalde, Troikaren hainbat erabaki atzera botatzeagatik Greziako gobernu berriak Atenasko burtsak %9,24 galdu zuen[31].

Urtarrilaren 29an, Greziako Gobernuak Troika mintzakide moduan ukatu egin zuen[32].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Mikel Rodriguez, «Gerrak, diktadurak eta oraina», Berria, 2015-01-25
  2. «Greziak aurrekontuak bidali dizkio troikari negoziazio bidea zabaltzeko», Berria, 2014-12-05
  3. Iker Aranburu, «Greziaren erreskatea beste bi hilabetez luzatu dute», Berria, 2014-12-08
  4. Iker Aranburu, «Luzapena, porrotetan lehena», Berria, 2014-12-09
  5. «Samarasen jokoak Greziako burtsa amildu du», Berria, 2014-12-10
  6. «Bigarren itzulian ere ez dute aukeratu Greziako presidente izateko hautagaia», Berria, 2014-12-23
  7. Xabin Makazaga, «Hauteskunde aurreratuak ate-joka dauzkate Grezian», Berria, 2014-12-24
  8. «Samaras: «Gero inork ezingo du esan ez zekiela»», Berria, 2014-12-28
  9. Jon Olano, «Urtarrilaren 25ean egingo dituzte hauteskundeak Grezian, Dimasek ez baitu jaso babes nahikorik», Berria, 2014-12-29
  10. «Urtarrilaren 25ean egingo dituzte hauteskundeak Grezian», EiTB, 2014-12-29
  11. «Greziari eman beharreko diru-laguntza bertan behera utzi du NDFk», EiTB, 2014-12-29
  12. «Atenaseko Burtsak % 3,91 behera egin du, baina galerak murriztu ditu», EiTB, 2014-12-29
  13. Samara Velte, «Beste aukera bat Greziarentzat», Berria, 2014-12-30
  14. «Begi bat Syrizari begira, bestea Nazioarteko Diru Funtsari begira», Berria, 2014-12-30
  15. Miren Garate, «NDF geldi, hurrengo gobernuaren zain», Berria, 2014-12-30
  16. «Grezia eurotik ateratzea bideragarri ikusten du Alemaniak», EiTB, 2015-01-04
  17. «Hollande: "Hartutako konpromisoak bete beharko ditu gobernu berriak"» Berria, 2015-01-05
  18. Mikel Rodriguez, «Zalaparta hasi baino ez da egin», Berria, 2015-01-06
  19. «EB: 'Grezia eurogunea da, atzera bota ezin den erabaki bat da'», EiTB, 2015-01-07
  20. «Syriza beldur kanpainaren kontra borroka egiten ari da Grezian», Berria, 2015-01-06
  21. «Schulzek arduragabetzat jo ditu Greziari buruzko espekulazioak», EiTB, 2015-01-07
  22. «Greziako hauteskundeak irabazteko estrategia aldatu du Samarasek», EiTB, 2015-01-16
  23. Jon Fernandez, «Etsipenaren irakurleak», Berria, 2015-01-22
  24. Jon Fernandez, «Tsipras gehiengo eske, duintasuna berreskuratzeko», Berria, 2015-01-24
  25. «Lehen ministro karguaren zina egin du Alexis Tsiprasek», Berria, 2015-01-26
  26. «Eurogunea gaur bilduko da, eta akordioak errespetatzeko eskatuko dio Greziari», Berria, 2015-01-26
  27. Jon Olano, «Varufakis izango da finantza ministro, hamar ministerioz osatutako gobernuan», Berria, 2015-01-27
  28. Iker Aranburu, «Berlingo harresia jo du Atenasek», Berria, 2015-01-27
  29. Xabin Makazaga, «Kutsu ekonomiko nabarmena duen gobernua osatu du Tsiprasek Grezian», Berria, 2015-01-28
  30. «Tsiprasek "denbora" eskatu dio Schulzi, Greziak "erreforma oso sakonak" egin ditzan», Berria, 2015-01-29
  31. Iker Aranburu, «Merkatuek galera handiekin erantzun diete Tsiprasen lehen neurriei», Berria, 2015-01-29
  32. «Greziako Gobernuak ez du Troika mintzaidetzat aitortzen», Berria, 2015-01-30

Kanpo estekak aldatu