Zuzenbide pribatua

Zuzenbide pribatu» orritik birbideratua)

Zuzenbide pribatua norbanakoen arteko harreman juridikoez arduratzen den zuzenbidearen adarra da.

Jean Domat legelari frantsesaren irudia

Zuzenbide pribatuaren eta zuzenbide publikoaren arteko bereizketa, zuzenbidearen sistematizazioaren oinarrizko ardatzetako bat izan da historikoki. Doktrina zabalduenaren arabera, zuzenbidearen bi adar nagusi horien arteko bereizkuntza XII. mendean agertu zen lehen aldiz, Domat jurista frantsesaren idatzietan[1].

Zuzenbide publikotik bereizteko irizpide tradizionala

aldatu

Zer zioen?

aldatu

Irizpide tradizionalaren arabera, harremanaren partaideetako bat subjektu publikoa bada, hots, estatua bada, zuzenbide publikoak arautu beharreko harremana izango da. Aldiz, harremanaren partaide bat bera ere ez bada estatua, zuzenbide pribatuko harreman baten aurrean egongo gara[2].

Zailtasunak

aldatu

Irizpide horrek ez du baztertzen estatuaren esku-hartzea; izan ere, jakina da estatua dela herritarren arteko eskubide eta betebeharrak arautzen dituena. Hortaz, arautze eta mugaketa funtzioa beti luke azken batean estatuak. Hala ere, ezinbestez eta nahitaez harreman guztietan estatuak esku hartzen duen arren, partaidetza horrek ez dakar harreman oro zuzenbide publikokoa izatea.

Modu berean, norbanakoen eta estatuaren arteko harreman juridikoak zuzenbide pribatuaren mendekotzat hartzen dira estatuak botere publikoa egikaritu gabe jarduten badu. Esaterako, administrazio publikoaren eta norbanako baten arteko salerosketa kontratuetan; ondasun higiezin publikoen errentamenduetan; merkataritza zuzenbidearen arabera sortutako eta nortasun juridiko propioa duten sozietate edo enpresetan, administrazioak erakundearen kapitalaren zati bat duen kasuetan… Kasu horietan, barne eta kanpo harremanak zuzenbide pribatuak arautuko ditu, nahiz eta alderdietariko bat edota kapitalaren gehiengoa duen bazkidea estatua izan.

Ondorioz, bereizketa tradizionalak honako hauek jotzen ditu soilik zuzenbide pribatuaren mendeko negozio juridikotzat: estatuak zuzenean alderdi interesdun gisa jarduten duen negozioak; hau da, beste norbanako bat balitz bezala jokatzen duen negozio juridikoak[3].

Irizpideen arteko eztabaida

aldatu

Aurrez azaldu dena irizpide tradizionala bada ere, pentsalariek proposamen ezberdinak plazaratu izan dituzte. Hala, eztabaida korapilatsua sortu duen auzia da bien arteko bereizketarena: legeak ez du zuzenbide pribatu eta publikoa bereiztea ahalbidetuko lukeen irizpide edo zerrendarik jasotzen; eta doktrinak, aldiz, irizpide bat baino gehiago erabili izan ditu, baina aipatutako eztabaidak agerian jartzen du irizpide bat bera ez zela gai izan auzia irmotasunez ebazteko.

Irizpide nagusiak honako hauek dira[4]:

Eraentzen dituzten arauen izaera

aldatu

Zuzenbide publikoan arau inperatiboak dira nagusi, eta zuzenbide pribatuan, aldiz, xedapenezkoak. Hala ere, zuzenbide pribatuan derrigorrezko arauak hainbat dira, beraz, arazoak sortzen ditu irizpide honek.

Zein pertsonaren arteko harreman juridikoak arautzen dituzten

aldatu

Oro har, zuzenbide pribatuak norbanakoen arteko harreman juridikoak arautzen ditu. Halaber, gaur egun enpresa publiko askok jarduten dute trafiko juridiko pribatuan eta zuzenbide pribatuko arauek eraentzen dituzte enpresa publiko horiek.

Babesten duten interesa

aldatu

Zuzenbide publikoak interes orokorra babesten du; pribatuak, ostera, interes partikularra. Nolanahi ere, zuzenbide pribatuko arauek ez dute interes partikularra soilik asetzen, oro har, zuzenbidearen arauek (baita zuzenbide pribatukoek ere) interes orokorra baitute abiapuntu eta azken xede (Espainiako Konstituzioaren 1.1 artikuluak zehazten duen Estatu-eredutik ondorioztatzen den moduan).

Alderdien arteko oreka edo berdintasuna

aldatu

Zuzenbide pribatuak arautzen dituen egoera eta harreman juridikoetan berdintasun mailan daude alderdiak; zuzenbide publikoan, ordea, alderdietako batek (Estatuak edo Administrazioak, alegia) nagusitasunarekin jarduten du. Zernahi gisaz, trafiko juridiko pribatuan aritzen diren alderdiak ere ez dira egoten elkarren arteko erabateko berdintasun-egoeran; esate baterako, masan egiten diren kontsumo munduko kontratuetan.

Irizpide horiek arazoak sortzen dituztela ikusi den arren, egia da elkarren artean osagarriak direla eta, ondorioz, guztiak batera kontuan hartuz gero, zuzenbide pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketa egitea edo hurbiltzea ahalbidetzen dutela.

Zuzenbide pribatuaren printzipio edo ezaugarri nagusiak

aldatu

Borondatearen autonomia

aldatu

Norbere interes, uste eta helburuen arabera harreman juridikoak eratzeko, aldatzeko eta azkentzeko ahalmena da. Norbanakoaren askatasunaren adierazpena da, aldi berean, legeak aitortzen eta babesten duena. Hortaz, printzipio horrek berekin dakar pertsonek beren interesak eta elkarrekiko harremanak libreki arautzeko aukera[2].

Hala ere, ez da absolutua, muga jakinen menpe baitago: legeak ezartzen dituen aginduzko arauak eta, Kode Zibilaren 1258. artikulua analogikoki aplikatuz, fede ona, usadioa eta Zuzenbidea ditu mugatzat.

Berdintasun printzipioa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Legearen aurreko berdintasun»

Egintza pribatuetan, subjektuak berdintasun egoeran daudela esaten da. Alderdien arteko hierarkia edo mendekotasunik gabe, elkarren artean adostu beharko dute beren harremana eraendu beharreko arau multzoa. Modu berean, arau horiek urratuko balituzte, aurka egiteko edo betetzea galdatzeko aukera eta bide berdinak izango lituzkete biek ala biek. Zuzenbide publikoan, aldiz, Estatuak herritarrok ez ditugun pribilegio eta abantailak ditu, eta, beraz, oreka hausten da.

Zuzenbide pribatua osatzen duten adarrak

aldatu

Zuzenbide pribatuaren barruan, Zuzenbideko adar batzuk aurki ditzakegu; adar horietan guztietan, aurrez aipatutako ezaugarri edo printzipioak nagusitzen badira ere, berezitasunak dituzte[3].

Norbanakoen egoera zibila, ondarea, eskubide errealak, obligazioak eta kontratuak arautzen dituen Zuzenbidearen adarra da. Hortaz, besteak beste, honako hauek sartzen dira adar honen barruan: nazionalitatea, jabetza, edukitza, hipoteka eta haren antzeko berme errealak, kontratu erantzukizuna, oinordetza, ezkontzaren erregimena, filiazioa… Zuzenbide pribatuaren adar nagusi eta paradigmatikoa, norbanako guztioi aplikatzen zaiguna.

Merkataritza arautzen duen zuzenbidearen adarra; hau da, merkatariak, horiek egiten dituzten merkataritza-egintzak eta merkatarien arteko harreman juridikoak arautzen dituen adarra, betiere Merkataritza Kodeak adierazten dituen kontzeptuekin bat. Zuzenbide profesionala da, eta ondorioz, ez zaigu norbanako guztiei aplikatzen, aplikazio eremu subjektibo mugatua baitu.

Eenplegatzaile edota enpresaburu baten eta soldatapean eta besteren kontura lan egiten duen langile baten arteko harremanak arautzen dituen arau multzoa da. Lan Zuzenbide indibiduala (oporrak, soldatak, kaleratzeak…) eta kolektiboa (sindikatuak, enpresaren barruko langileen ordezkaritza, gatazka kolektiboko neurriak…) hartzen ditu bere barruan. Langileen Estatutuak finkatutako ezaugarriak biltzen dituzten langileei, eta zeharka baina ezinbestez, enplegatzaile zein enpresaburuei aplikatzen zaie. Halaber, langile autonomoei, esaterako, araudi berezia aplikatzen zaie.

Aipatutako adar horiek guztiak, esan bezala, zuzenbide pribatuaren barruan kokatu beharrekoak dira. Hala ere, horietako bakoitzak jurisdikzio-ordena ezberdina du (zibila, merkataritzakoa eta lan arlokoa) eta aplikazio-eremu zein ezaugarri ezberdinak ditu.

Erreferentziak

aldatu
  1. «derecho público y derecho privado. los cinco sentidos de una distinción» webcache.googleusercontent.com (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  2. a b Derecho público y derecho privado : diferencias de régimen jurídico y cuestiones actuales de recíproca influencia. Iustel 2015 ISBN 9788498902631. PMC 913114479. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  3. a b Ignacio., Fernández Sarasola,. (2017). Manual de fundamentos de derecho público y privado. Editorial Tecnos ISBN 9788430970766. PMC 975277578. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).
  4. Joseph., Weinrib, Ernest. (2017). La idea de derecho privado. Marcial Pons ISBN 9788491230793. PMC 1026071923. (Noiz kontsultatua: 2019-03-29).

Kanpo estekak

aldatu