Zielony Balonik ("Puxika Berdea" polonieraz) Poloniako lehen kabaretaren izena da. Hau da, izaera satirikoa duen arte eszenikoa egin zuen lehenengo taldearen izena. Literatura-kabaret hau Krakovian sortu zen 1905 urtean, Poloniako partizioen azken urteetan. Poetek, idazleek eta Krakoviako artistek sortu zuten Apolinary Jan Michalik-en gozotegian (“Jama Michalika” izenez ezagutzen dena) eta 1912ra arte egon zen martxan kabareta, nahiz eta 1915era arte noizean behin emankizunen bat egin.

Zielony Balonik
Kokapena
Estatu burujabe Polonia
Voivoderria Polonia Txikiko voivoderria
Barruti-hiriKrakovia
Koordenatuak50°03′51″N 19°56′27″E / 50.064133°N 19.940942°E / 50.064133; 19.940942
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1905eko urriaren 7a

Sorrera aldatu

Kondaira eta mito ugari dago Poloniako lehen kabaret literarioa eratzeko prozesuaren inguruan. Adam Grzymały-Siedlecki autorearen arabera[1], karabareta sortzearen ideia Edward Żeleński (Boy-ren anaia), Stanisław Kuczborski eta Jan August Kisielewski-ri bururatu zitzaien estreinakoz. Boy- Żeleński-ren arabera, kabareta egiten hasi zen lehen pertsona Kisielewski izan zen. Boy-ek berak ez zuen parte hartu kabaretaren sorrera prozesuan, beranduago batu zen taldera. “Zielony Balonik” (Puxika Berdea) taldearen abiarazlea (edo abiarazleak) identifikatzeko arazoaren aurrean, Tomasz Weiss-en aburuz tesirik probableena da kabaret literario bat antolatzeko ideia luzaroan egon izana garaiko sortzaile askoren buruan, batik bat margolari eta artisten gogoan, baina baita ingurune artistikoarekin zerikusirik ez zuten pertsonenean ere (Edward Żeleński, Tadeusz Michał Zakrzewski eta Leopold Starzewski, esate baterako).

Ezaugarriak aldatu

 
Krakoviako Jama Michalika gozotegiaren kanpoaldea
 
Krakoviako Jama Michalika gozotegiaren barnealdea

“Zielony Balonik” (Puxika Berdea) taldea 1905eko urriaren 7an inauguratu zuten. Artisten kabareta zen heinean erakunde elitista zen eta ezaugarri horri tinko eutsi zioten Floriańska kaleko Jama Michalika gozotegian egindako lehen emankizunetik, kontu handiz zaindu baitzuten taldera edonor batu ez zedin. Gonbidapen bidez ziurtatzen zuten elitismo hori eta gonbidatuak kabareta ikusi ahala interes bizirik erakusten ez bazuen ez zuten berriz gonbidatzen. Ahalegin horien ondorioz, Zielony Balonik talde txiki, itxi eta elitekoa zen, eta ohiko kideez harago nekez aldatzen zuten osaera. Hala ere, elitismoa mehatxu bat ere bazen: abesti eta testuetarako gaiak agortzera eraman zezakeen. Eta hala izan zen. Weissek, Sierosławski aipatuz, dio Zielony Balonik taldea gutxinaka umorea galtzen hasi zela. Egoera horretara eraman zuten, halaber, Jama Michalikako ohiko bezeroek uko egin ziotela gai politikoak satiratan planteatzeari (horixe da “Zielony Balonik” eta frantzia edo alemaniako kabaret gehienak bereizten dituen ezaugarrietako bat). Gaur egun uste da erabaki hori prebentzio-zentsuraren esku-hartzea saihesteko asmoz hartu zutela, une hartan ekitaldi publiko guztiak kontrolpean baitzeuden.

Zielony Balonik kabaretaren ezaugarrietako bat, elitista izateaz gain, aurrez ezarritako programarik eza da. Araua zen guztiek zutela eskubidea (nolabait, betebeharra ere bai) euren testu edo abestia entzuleen aurrean aurkezteko (aldi berean, bazekiten publikoak txistu eta oihuka erantzungo zuela gustuko ez bazuen). Denborak aurrera egin ahala Jama Michalikako emankizunak aldatuz joan ziren, arreta handiz prestatutako errepertorioan oinarritzeraino. Interpretazioan ere aurrez agertokian zeregin horretan balio zutela frogatu zuten pertsonak soilik aritu zitezkeen. Jakina, kabareta desegin zen arte, beti egon zen aukera nork bere lana espontaneoki aurkezteko, baldin eta sortzaileak bertaratzeko gonbidatea jaso bazuen.

Ezaugarriei erreparatzen badiegu, segur aski kabaret honen bereizgarri nagusia hitza eta marrazkia konbinatzea izan zen: programa asko eraiki ziren irudi satirikoak aurkeztu eta haientzat idatzitako testuekin kontzienteki lotuz. Lehendabizi marrazkiak sortzen ziren eta horietan oinarrituta testuak sortzen ziren, ahozko iruzkin gisa. Irudi gehienak "Liberum Veto" aldizkariko kolaboratzaileak ziren karikaturistek sortzen zituzten. Halaber, marrazki horiek lokaleko paretak apaintzeko ere balio izan zuten. Talde horretako litografo nagusiak, Aureliusz "Zenon" Pruszyński izenekoak, 1930 urtean liburuxka edo gidaliburu bat argitaratu zuen “Jama Michalika. Lokal Zielonego Balonika” (Jama Michalika, Zielony Baloniken lokala) izenburupean. Argitalpenak lokalaren inbentarioa jasotzen du, pintura eta marrazki gehienen zentzuari eta sorrerari buruzko informazioarekin batera.

 
Urte zahar gaueko emankizunerako gonbidapena

Irudiok, logela apaintzeaz gain, Zielony Balonik taldearen gonbidapenetan ere agertzen ziren. Gehienetan satirikoak ziren eta haien leitmotiv nagusia erretratu umoristikoak ziren. Noizean behin kabaret taldeko kide eta jarraitzaileak ere irudikatzen zituzten hainbat egoeratan. Oso gutxitan, baina egon egon zen aipamenik gabeko marrazki neutrorik ere. Marrazkiarekin batera beti testu bat agertzen zen, normalean umorez idatzita, jendea bertaratzera gonbidatzeko. Zielony Balonik taldean esatari lanak, besteak beste, Jan August Kisielewski-k egiten zituen eta bertaratutako gonbidatu bakoitzari, banan-banan, ongietorri hitz iraingarriak eskaintzen zizkion (Pariseko Le Mirliton kabareteko Aristide Bruant-en adibideari jarraiki).

Eragina aldatu

Taldearen sortzaileek (nagusiki Boy-Żeleński eta Nowaczyński) Krakoviako establishment kontserbadoreari iseka egiten zioten euren programaren bidez (batez ere, Jagellonica Unibertsitateko errektore zen Stanisław Tarnowski-ren inguruko jendea) eta baita Polonia Gaztearen literaturari (literatury Młodej Polski) ere. Zalantzan jarri zuten artistaren ikuspegi neoerromantikoa, artearen izaki gorentzat hartzen zuena, eta eredu horren aurka jarri zuten Till Eulenspiegel-en artistaren tradizioa (bufoia, zirikaria, adarjotzailea). Ikuspegi garaikide batetik, agerikoak dira euren arrazionalismo eta liberalismoa. Hala, Poloniako hogeigarren hamarkadako gerrarteko literatura (1918-1939 arteko poloniar literatura, “Literatura dwudziestolecia międzywojennego” deitutakoa) izango zenaren oinarria finkatu zuten, betebehar sozial eta metafisikorik gabeko hasierako fasean.

Erreferentziak aldatu

  1. Folejewski, Z.; Grzymała-Siedlecki, Adam. (1963). «Niepospolici ludzie w dniu swoim powszednim» Books Abroad 37 (1): 90.  doi:10.2307/40117534. ISSN 0006-7431. (Noiz kontsultatua: 2022-02-21).

Kanpo estekak aldatu