Zamaltzain (maskaradako pertsonaia)

Zuberoako maskaradako pertsonaia
Zamalzain» orritik birbideratua)

Zamaltzaina (edo “Zamalzain”)[1][2] Zuberoako maskaradetako pertsonaia da, gorrien taldeko kidea. Maskaradak Zuberoako inauterien (Euskal Herriko ipar-ekialdeko eskualde bat) antzerki eta dantza tradizionalak dira, Zamaltzain beti ageri da haietan; maskaraden aitzindari edo dantzari nagusietako bat baita. Gerrian parpailazko kota batez beztitutako zaldi baten itxura darama. Batzuen arabera zaldizko gerlari bat irudikatzen du, eta beste batzuen ustez zentauroa.[3]

Zamaltzaina
Zuberoako maskarada gorria
Zamaltzaina, Larraineko maskaradetan, Barkoxen, 2010ean.
Datu biografikoak

Pertsonaia honen antzekoak dira Lantzeko inauterietako zaldikoa[4] eta Sanferminetako zaldiko-maldikoak.[5]

Jatorria

aldatu

Zamaltzainaren jatorria erritu zaharretan dago. Zaldiaren irudia daraman gizakia da, eta sinbolikoki uzta, ugalkortasuna eta naturaren indarrak irudikatzen ditu .

XIX. eta XX. mendeetan, Maskaradak eta Zamaltzainaren figura gehiago bihurtu ziren folkloriko eta ikusgarri huts. Bere rola finkatzen edo estereotipatzen hasi zen: dantza eta mugimendu zehatzak, “balet” tradizional modura, zeina armadaren bitartez sartu zena. [6]

XX. mendearen amaieran, euskal kulturaren berpizkundearekin batera, Zamaltzainaren figurak berriro indarra hartu zuen. Emakumeak ere hasi ziren parte hartzen, eta Maskaradak herri osoaren parte-hartzearekin antolatzen hasi ziren. [7]

Gaur egun, Zamaltzaina Euskal Herriko ondare immaterialaren sinbolo bilakatu da. Tailer eta ekimen pedagogikoen bidez haurrei eta belaunaldi berriei transmititzen zaie. Tradizioarekiko leialtasuna mantentzen da, baina gaur egungo sentsibilitateekin berrinterpretatzen da.

Janzkera

aldatu
 
Zamaltzainaren jantzia, San Telmo Museoan.

Zamaltzainen jantzia oso koloretsua eta ikusgarria da. Buruan, lore, luma, xingola eta xaflatxoz apainduta dagoen eta kopetan ispilu bat duen kapela darama. Soinean, jaka gorria, urrez brodatutako bularralde zuriarekin, belus beltzezko galtzak, urre koloreko apaindura eta litsekin. Oinetan polaina beltzak eta zapatila zuriak daramatza, zintaz eta lore txikiz apainduta, eta eskuan zigor bat. Zaldiaren itxura, 1,50 metro inguruko luzera eta zume edo zur arinezko egitura dituena, estalitako uhalez bitartzen loturik dago dantzariari. Bularralde eta ipurgainean tapaki gorria du, eta honen azpian parpaila zuri zabala. Zaldiaren lepoa eta burua zurezkoak dira.[4][8]

Funtzioak eta dantzak

aldatu
 
Zamaltzain Maskaradak Pagola 2025

Zamaltzainak [1][2] Zuberoako Maskaradetan paper berezia du dantza eta antzerkiaren ikuspuntutik. Aitzindarien taldeko kide da, eta haiekin batera maskaradaren hasieran agertzen da, herriko kaleetan barrena. Talde horretan Txerrero, Gatuzain, Kantiniersa eta Enseñaria izeneko pertsonaiak ere badaude. Zamaltzain da taldeko buruzagia, eta bere presentzia ikusgarria da, bai janzkeragatik, baita ere rol sinbolikoagatik.

Dantzan, Zamaltzainek Maskaradako dantzarik garrantzitsuena egiten du: "Zamaltzainaren jauzia" izenekoa. Dantza hau plazan egiten da, jende aurrean, eta bere mugimenduek zaldia irudikatzen dute. Horrez gain, “Godalet dantza” deritzon saioa ere burutzen du: edalontzi batekin egiten den dantza da, non Txerreroak, Gatuzainak eta Kantiniersak dantzatu ondoren Zamaltzainak edalontzi baten inguruan dantzatzen du, azkenik, haren gainean saltatzen du, edalontzia ukitu gabe. Dantza honek ikusleen miresmena eta txaloak eragiten ditu, bere oreka, kontrola eta trebezia erakusten baititu. [8]

Maskaradako antzerkian ere parte hartzen du. Ofizio deituriko saioetan, beste hainbat pertsonaiarekin harremanetan jartzen da. Esate baterako, Kerestuak (kapadoreak) eta Marexalak (burdindegiak) izeneko pertsonaiek Zamaltzain harrapatzen dute eta umorezko eszena batean, kastratu edo ferratu egiten dute, zaldia izango balitz bezala. [8]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «zamaltzain» Euskaltzaindiaren Hiztegia (Euskaltzaindia).
  2. a b «zamaltzain» Orotariko Euskal Hiztegia (Euskaltzaindia).
  3. Aitzindariak. Etxahun alkartea, web.archive.org (kontsulta data: 2023-2-14).
  4. a b Santamaria, Javier. «Zamaltzaina» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Eusko Ikaskuntza) (kontsulta data: 2023-2-14).
  5. Garamendi Azcorra, Maria Arene. El teatro popular vasco (semiótica de la representaci6n) (y 11). ojs.ehu.eus (kontsulta data: 2023-2-14).
  6. Maskarada | Gaztedi Dantzari Taldea. 2016-03-17 (kontsulta data: 2025-05-16).
  7. Uriarte, Egilea: Jesus Romo. La Mascarada de Zuberoa. (kontsulta data: 2025-05-16).
  8. a b c (Gaztelaniaz) «Zamaltzaina - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-05-16).

Kanpo estekak

aldatu