Santu Guztien Eguneko prozesioa

Santu Guztien Eguna jaiegun kristau bat da. Erromatar Eliza Katolikoak azaroaren 1ean ospatzen du. Euskaraz Santu Guztien Egunaz gain, beste hainbat izen ere baditu: Domu Santu Eguna, Domuru Santu Eguna eta Omiasaindu Eguna.

Santu Guztien Eguna santu kristau guztiei eskainitako jaieguna da. Santuak ustez Jainkoarengandik oso hurbil dauden pertsonak dira. Katolikoen eta ekialdeko kristau ortodoxoen ustez, santuei errezatzen badiezu, santuek Jainkoari zuri laguntzeko eska diezaiokete. Jendeak kandelak piztuz eta elizara joanez omentzen ditu santuak.

Bestalde, fededuna ez den jende askok ere ospatzen du Santu Guztien Eguna, hilda dauden pertsona maiteak omentzeko. Horrela, Euskal Herrian eta munduko beste leku askotan, jendeak, fededuna izan ala ez, loreak eramaten ditu hilerrietara eta beren pertsona maiteen hilobiak garbitzen ditu egun horretarako.

Kristauak, horrez gain, mezara ere joaten dira hildakoen oroimenez.

Historia

aldatu

Inork ez daki ziur jendea noiz hasi zen Santu Guztien Eguna ospatzen, ezta egun horretan zergatik ospatzen den ere. Batzuen ustez, hasiera batean martiriei eskainitako jaiegun bat zen, maiatzaren 13an ospatzen zena (martiri bat bere sinesmenen ondorioz hiltzen den norbait da). VI. mende amaieran eta VII. mende hasieran, Santuen Jaiotza igandea Mendekoste ondorengo astean ospatzen zuten.

Beste teoria baten arabera, Santu Guztien Egunak Irlandan du jatorria. Martiriei buruzko irlandar liburu zaharrenean, Félire de Oengus izenekoan, santu guztiei eskainitako jaiegun bat aipatzen omen da, azaroaren 1ean ospatua. Gainera, irlandarrek jaiegun garrantzitsuetarako uzten zuten hilabete bakoitzaren lehendabiziko eguna. Zeltentzat, azaroaren 1a neguaren hasiera da. Baliteke beraz egun horretan bertan ospatu izana santu guztien jaieguna. Eta baliteke azaroaren 1eko Santu Guztien ospakizun hori Irlandatik Ingalaterrara igarotzea, eta handik Europa osora.

VII. mende hasieran, Bonifazio IV.a aita santuak Ama Birjinari eta martiri kristau guztiei eskaini zien Erromako Panteoia, eta hurrengo urtetik aurrera hasi ziren egun horren omenezko ospakizunak. VIII. mende hasieran, Gregorio III.a aita santuak ospakizun hori zabaldu eta santu guztiei eskaini zien, eta Erromako San Petri basilikako kapera bat ere eskaini zien. Horrez gain, ospakizun hori egunez aldatu eta azaroan ospatzea erabaki zuen, beharbada paganoek hildakoak omentzeko zuten ospakizuna ordezkatzeko. Santu Guztien Eguna IX. mendean agertu zen lehen aldiz Elizaren egutegian.