Ilar aleak lekaren barruan.

Lekaleak leka baten barruan haziak dituzten landareak dira. Munduan 18.000 lekale espezie edo motatik gora daude. Lekale ezagunenetako batzuk babarrunak, ilarrak, kakahueteak eta soja dira.

Lekaleak mundu osoan hazten dira. Lekale-mota gehienak modu naturalean hazten dira lurralde bero eta tropikaletan. Uztarako baliotsuak diren lekale mota gehienak klima epelean landatzen dira.

Lekaleak belar, zuhaixka edo zuhaitz handi bezala hazi daitezke. Gehienek zurtoin leun eta berdeak eta bost petaloko loreak dituzte. Loreak leka bihurtzen dira, eta bertan egoten dira haziak. Lekak forma, tamaina eta testura anitzekoak izan daitezke. Lekak aldeetatik irekitzean, haziak askatzen dira.

Lekaleak elikadura-iturri garrantzitsuak dira proteina ugari dituztelako. Babarrunak, ilarrak eta kakahueteak dira jendeak gehien jaten dituen lekaleak. Soja-aleak elikagaiak egiteko erabiltzen dira, hala nola, tofua, soja-esnea, izozkiak eta soja-saltsa. Abereak elikatzeko ere erabiltzen da.

Lekaleak lurzorua hobetzeko ere baliagarriak dira; izan ere, lurzoruari nitrogenoa gehitzen diote, baina organismo gehienek ezin dute forma horretan erabili. Landare gehienek lurzorutik hartzen dute nitrogenoa. Lekaleek aireko nitrogenoa hartu dezakete; lekaleen sustraietan bakterio berezi batzuek nitrogenoa formaz aldatzen dute bestelako landareek erabili ahal izateko. Lekaleek nitrogenoa lurzoruan askatzen dute eta beste landareek beraien sustraien bidez xurgatu dezakete.