Ilargi-itsasoak edo Ilargiko itsasoak Ilargiari begiratzen diogunean ikusten ditugun orban ilunak dira. Berez, ez dira itsasoak, arroka igneoz, batez ere basaltoz, osatutako lautada zabalak baizik. Harri horiek ematen diete eremu hauei kolore iluna lurretik ikusita.

Ilargiko itsasoak

Eremu hauetako lurzorua milioika urteetan zehar eratu da, bertan talka egin duten meteoritoen ondorioz. Talka horien ostean, ilargiaren mantutik ateratzen zen magmak eremu horiek estali zituen. Itsaso hauek sortu zituzten sumendi-erupzio gehienak meteoritoen talkek lurrean egindako pitzaduretatik azaleratu ziren. Basalto-laba hainbat garai ezberdinetan atera zen lurrazalera, milaka urtetan zehar.

Antzinako astronomoek, Ilargiari begiratzeko teleskopio onik ez zutenez, ilargi-itsasoak benetako itsasoak zirela pentsatzen zuten, lurrekoak bezala, eta horregatik dute izen hori, gaur egun benetako itsasoak ez direla dakigun arren.

Teknologia aurrerapenei esker, konturatu ziren ez zirela benetako itsasoak, baina izena mantendu egin zuten. Hortaz, ilargi-itsasoek antzinako astronomoek emandako izen poetikoak dituzte oraindik ere, hala nola Mare Serenitatis (Baretasunaren itsasoa) edo Mare Tranquillitatis (Lasaitasunaren itsasoa). Azken horretan, hain zuzen ere, ilargiratu ziren bi astronauta, lehenbiziko aldiz gizateriaren historian. 1969an izan zen, Apolo 11 misio iparramerikarrean. Ilargia zapaldu zuten lehen bi gizaki horiek Neil Armstrong eta Edwin Aldrin izan ziren.

Ilargi-itsasoen moduko arrokazko itsasoak ez dira Ilargian bakarrik dagoen zerbait. Izan ere, Eguzki-sistemako beste planetetan ere baudaude, Artizarrean edo Jupiterren, esate baterako.