👶 Jaiotza 1930eko urtarrilaren 20a Glen Ridge |
🔨 Lanbidea air force officer (en) |
📷 Argazkiak ikusi |
Edwin E. Aldrin, Jr. astronauta estatubatuarra, Buzz ezizenaz ezaguna dena, Ilargia zapaldu zuen bigarren pertsona izan zen.
Aldrin Estatu Batuetako Montclair, New Jersey-n (AEB) jaio zen 1930eko urtarrilaren 20an. Estatu Batuetako West Point-eko Akademia Militarrean graduatu eta gero 1951n, Aireko Indarretako pilotu bilakatu zen. Hegaldi-misio ugaritan parte hartu zuen Koreako Gerran, eta ondoren, garai hartan Mendebaldeko Alemania zelakoan egin zuen soldadutza. 1963an Massachusettseko Teknologia Institutuan doktoregoa eskuratu zuen. Urte berean NASA espazio-agentzia estatubatuarrak astronauta izateko aukeratu zuen.
1966an 5 ordu eta erdiko espazio-hegaldi batean parte hartu zuen eta gizakiek espazioko hutsa jasan dezaketela frogatu zuen.
1969an Neil Armstrong eta Michael Collinsekin batera Apollo 11 misioan parte hartu zuen Ilargira iristeko. Bidaia uztailaren 16an hasi zen eta lau egun ondoren, Armstrong eta Aldrinek Eagle Ilargi-modulua pausatu zuten Mare Tranquillitatis delakoaren ertzetik gertu. Eaglea Ilargian 21 ordu eta 37 minutuz egon zen, eta denbora horretan, astronautek bi ordu baino gehiago igaro zituzten gainazalean. Arroka-laginak bildu zituzten, bai eta argazkiak atera eta tresneria zientifikoak muntatu ere, milioika pertsonak telebistatik ikusten zituzten bitartean. Geroago, Armstrong eta Aldrinek Eaglea pilotatu zuten Collins zegoen aginte-modulura arte, Ilargi-orbitan. Misioa uztailaren 24an bukatu zen Ozeano Barean itsasoratu zirenean.
Aldrinek 1971n utzi zuen NASA, Kalifornian Ikerketa Aeroespazialeko Pilotu Eskolan komandante izateko. 1972an Aireko Indar iparamerikarrak alde batera utzi eta enpresa pribatuetan hasi zen lanean.
Bi autobiografia idatzi zituen: Return to Earth (1973) eta Magnificent Desolation: The Long Journey Home from the Moon (2009); Apollo programaren inguruko istorio bat, Men from Earth (1989), eta umeentzako bi liburu, Reaching for the Moon (2005) eta Look to the Stars (2009). Haren azken liburuak honako hauek dira: Mission to Mars: My Vision for Space Exploration (2013) eta No Dream Is Too High: Life Lessons from a Man Who Walked on the Moon (2016).