Astronauta bat, espazioan, 1984an.

Astronauta edo kosmonauta espazio-ontzi batean doan pertsona da. Espaziora joan zen lehenengo gizakia Yuri Gagarin izan zen. 1961eko apirilaren 12an joan zen espaziora, Vostok 1 izeneko espazio-ontzian.

Gizakiek ezin dute bizirik iraun espazioan beren kabuz; ingurunea ez da Lurrean dagoena. Horregatik, espaziotik isolatuta eta ondo-ondo itxita dauden espazio-ontzietan egon behar dute, eta oxigenoa eduki behar dute bertan arnastu ahal izateko (espazioan ez dago airerik).

Astronautek entrenamendu-programa oso gogorrak pasatu behar dituzte, eta matematika eta zientzia alorreko jakintza handiak eduki behar dituzte. Entrenamendu-programa horietan, ordenagailuz kontrolatutako simulagailuetan (espazio-ontzien antzekoak diren makina batzuetan) ikasten dute espazio-ontziak operatzen; simulagailu horietan, egiazko espazioan aurkituko dituzten baldintza berberak ipintzen zaizkie. Bestalde, astronautek oso sasoi eta osasun ona ere eduki behar dute, espazioan aurkituko duten grabitate-falta jasan ahal izateko.

Espazioan daudenean, astronautek esperimentu zientifikoak egiten dituzte normalean. Batzuetan, euren espazio-ontzia edo espazioan dauden beste tresna edo ekipo batzuk konpondu behar izaten dituzte; horretarako, batzuetan, espazio-ontzitik kanpora atera behar dute, eta, halakoetan, jantzi bereziak behar izaten dituzte, nahiko astunak, eta grabitaterik ezeko egoeran bizirik irauteko eta mugitzeko egokituak (oxigenoarekin, besteak beste).

Espazioaren esplorazioa aldatu

Astronauta bat espazio-ontzitik kanpo lanean.

Espazioaren esplorazioari esker, gizakiok asko ikasi dugu planetei buruz, izarrei buruz eta espazioan dauden beste objektuei buruz. Lehen espazio-ontzia 1957an jaurti zen espaziora: Sputnik izeneko satelite artifizial bat izan zen. Geroztik, 5.000 espazio-ontzitik gora jaurti dira, era guztietako informazioa biltzeko eta bestelako heburuetarako; haien artean, barruan gizakiak zituzten ontziak, baina baita gizakirik gabekoak ere, espazio-zundak eta sateliteak.

Hasieran, Sobiet Batasuna zena (gaurko Errusia) eta Ameriketako Estatu Batuak izan ziren espazioaren esplorazioan ibili ziren herrialdeak; gaur egun, berriz, beste herrialde askok parte hartzen dute esplorazioan.

Beste irudi batzuk aldatu