Hedabidea komunikabide mota bat da, pertsona ugariri informazioa edo datuak jakinarazteko balio duena. Hainbat hedabide daude, haien artean:
Hedabide garrantzitsuenak
aldatuBatez ere, hiru hedabide nagusi daude:
- Prentsa idatzia: albisteak edo informazioak paperean inprimatuta eskaintzen dituzten egunkari edo aldizkariak. Lehen egunkariak XVII. mendean argitaratu ziren.
- On line prentsa: albisteak edo informazioak Internet bidez eskaintzen dituztenak. Internet 1990 inguruan sortu zen.
- Ikusentzunezkoak: albisteak edo informazioak irrati edo telebista bidez eskaintzen dituztenak. Irratia 1920 inguruan hasi zen; telebista, berriz, 1950 inguruan.
Zer aurkitzen da hedabideetan?
aldatuHedabideetan, kazetariek gertatu den edo gertatzera doan zerbait (albistea edo informazioa) kontatzen dute. Kazetariek informazio hori bilatu eta egiaztatu behar izaten dute. Era guztietako albisteak ematen dituzte, politikatik hasita eguraldiraino, kulturari eta kirolari buruz, ekonomia eta nazioarteko arazo edo aferei buruz, edo gerra eta hondamendiei buruz.
-
Euskal Herriko egunkariak.
-
Euskal Telebistaren 3. kanalaren ikurra.
-
Euskadi Irratiaren mikrofonoa.
Nola funtzionatzen dute?
aldatuHedabideetan lan egiten dutenek kontrolatzen dute nolako istorioak jakinarazten edo zabaltzen diren. Kazetariak eta erreportariak istorioen berri izaten dute eta editoreek erabakitzen dute artikuluak edo albisteak telebistako albistegi batean, egunkarian edo webgunean eman behar diren.
Eskaintzen diren berriak ikusleen araberakoak dira. Haurrentzako albistegiek, adibidez, eskolari, basabitzitzari edo jolas eta kirolei buruz hitz egin ohi dute. Dokumentalak helduentzat izaten dira eta gertaeren edo albiste partikular baten inguruko azalpen zehatzagoa ematen dute.
Hedabideetan aurkezten diren istorioek gertaera eta frogetan oinarrituta eman behar dute; hau da, ezin dira istorioak asmatu, nahiz eta hori batzuetan gertatzen den. Hala ere, kazetariek ere euren ikuspuntua -edo iritzia- eman dezakete halako gai baten inguruan, baina argi utzi behar dute haien ikuspuntua dela, eta ez gertaera bat.
Batzuetan hedabideek aurreiritziak erakusten dituzte. Horrek esan nahi du aukeratu egin dezaketela zein motatako istorioak erakutsi eta zein alboratu edo kanpoan utzi. Alboratze horren arrazoia politikoa izan daiteke. Egunkari batzuek alderdi politikoak babesten dituzte, eta horregatik nahiago dituzte haien alderdiari mesede egiten dioten berriak.
Hedabideak eta gizartea
aldatuGizarteak hedabideak erabiltzen ditu jendeari laguntzeko moduko informazioa jakitera emateko, baina baita haien portaeran eragina izaten saiatzeko. Kasu batzuetan mezu horiek bistakoak dira. Gurasoek haurrei txertoa jartzeko aholkatzen duten esku-orriek, horma-irudiek edota telebistako iragarkiek, adibidez, helburu zehatza dute.
Beste egoera batzuetan, mezua modu ez hain nabarian ematen da. Telebistako programek, askotan, istorio eta pertsonaia dramatikoak erabiltzen dituzte gai sozialei heltzeko; drogei, alkoholismoari eta gaixotasun larriei buruzko istorioak dira programa horietan jorratzen diren gai sozialetako batzuk. Harremanen inguruko gaien berri ere ematen dute, hala nola, jazarpenak, dibortzioa eta seme-alaben heziketa.
Historia apur bat
aldatuAntzinako Erroman, kartelak erabiltzen ziren gertakari politiko eta sozial garrantzitsuen berri emateko. Acta diurna (eguneroko ekintzak) horiek izan ziren lehen hedabideetako bat. Egunkari sinpleak Europako hainbat herrialdetan agertu ziren XVII. mendean, eta gizarteetako hedabide garrantzitsuenak bihurtu ziren XIX. eta XX. mendeetan. Joan den mendearen erdialdetik aurrera, irratiak eta telebistak indar handia hartu zuten. 2000. urtetik hona, Internet funtsezko bide bat bihurtu da informazioa mundu guztira zabaltzeko.