Eusko Legebiltzarreko bilera bat

Politika gizartea gobernatzeko egiten diren ekintzen eta hartzen diren erabakien multzoa da. Politikaren bitartez komunitate bateko kide guztiei eragiten dieten erabakiak hartzen dira. Erabaki hauek herriei, herrialdeei edota mundu osoari eragiten diete.

Zein dira politikaren helburuak?

aldatu

Politikaren helburu garrantzitsuenetako bat gizarteko arazo eta gatazkak konpontzeko erabakiak hartzea da. Arazo hauek sinpleak izan daitezke, hiri bateko trafikoari eragiten diotenak adibidez; baina askoz konplexuagoak ere izan daitezke, hala nola herrialde osoaren ekonomiarekin zerikusia dutenak.

Politikaren beste helburu garrantzitsu bat pertsonek gizartean duten jokabidea zuzentzeko lege eta arauak sortzea da. Lege hauek beharrezkoak dira ordena mantentzeko, jendearen eskubideak babesteko eta gizartearen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.

Politikaren beste helburu bat ondasunak modu zuzen eta bidezkoan banatzea da. Zerbitzu publikoen bidez egiten da hau. Zerbitzu publikoen barruan hezkuntza, osasuna, gizarte-segurantza eta beste hainbat zerbitzu sartzen dira.

Politikak hainbat erronka ere izaten ditu. Hauetako batzuk izan daitezke politikarien ustelkeria, gizartea oso banatuta egotea, jendeak politikan parte ez hartzea eta arazo konplexu eta handiei aurre egin behar izatea.

 
Europako Parlamentuko bilera bat

Nortzuek hartzen dute parte sistema politikoan?

aldatu

Sistema politiko guztietan hainbat parte-hartzaile garrantzitsu daude. Hauek dira garrantzitsuenetako batzuk:

Gobernua: erakunde oso garrantzitsua da politikan. Gobernuak erabakiak hartu eta legeak ezarri behar ditu.

Alderdi politikoak: gizartean dauden ikuspuntu eta ideologia desberdinen alde egiten duten erakundeak dira. Alderdi politikoak lehian aritzen dira hauteskundeetan, eta irabazleek agintzen dute. Orokorrean, alderdi politiko bakoitzak ideia eta lege desberdinak proposatzen ditu gizarteko arazoei aurre egiteko.

Agintari politikoak: presidenteak, lehen ministroak, alkateak eta hauteskundeen bidez hautatuak izan diren bestelako pertsonak dira. Agintari politikoek hartzen dituzte erabakiak, gizartea ordezkatuz.

Herritarrak: herrialde batean bizi diren biztanleak politikaren zati garrantzitsua dira. Hainbat eskubide eta betebehar dituzte. Adibidez, hauteskundeetan bozkatzea, eztabaida publikoetan parte hartzea eta legeak errespetatzea. Herritarrek politikan parte hartzea oso garrantzitsua da sistema politikoak ondo funtzionatzeko. Bozkatuz, beren iritziak adieraziz eta herriko hainbat ekintzatan parte hartuz, hiritarrek eragina dute erabaki politikoengan. Modu honetara, gizartearen beharrei erantzuten dieten aldaketa politikoak egiten laguntzen dute.

Nola funtzionatzen du politikak?

aldatu

Politika ez da ulertzeko gauza erraza, eta herrialde bakoitzak sistema politiko desberdina du. Hala ere, gauza batzuk berdinak dira sistema politiko guztietan:

Politikak erabakitzea: arazo bat dagoenean, hari aurre egiteko proposamenak egitea da. Horretarako, arazo hori aztertu behar da, eta beharbada adituei galdetu ere bai. Politikak proposatu ostean, agintari politikoek erabaki behar dute zein politika jarri martxan. Kasu bakoitzaren arabera, gobernuan, legebiltzarretan edo udaletan hartzen dira erabaki hauek.

Politikak martxan jartzea: erabaki bat hartu ondoren, politikak martxan jarri behar dira. Horretarako, kasu batzuetan beharrezkoa izango da lege berriak sortzea, dirua gastatzea eta hainbat programa martxan jartzea.

Ebaluazioa: politika bat martxan jarritakoan, izan duen eragina aztertu behar da. Ebaluazio honetan, beharbada, politika hori pixka bat aldatu behar dela edo politika berriak sortu behar direla ikusiko da.

Zer dira ideologia politikoak?

aldatu

Ideologia politikoak pertsonen eta taldeen ekintza politikoak bideratzen dituzten sinesmen eta balioak dira. Honako hauek dira ideologia politiko arruntenetako batzuk:

Liberalismoa: pertsonen askatasuna, pertsona guztiek aukera berak edukitzea eta jendearen eskubideak babestea bilatzen du.

Kontserbadurismoa: kontserbadoreentzat gauza garrantzitsuenak ohitura zaharrak mantentzea, agintea eta erakunde sozialak dira.

Sozialismoa: berdintasun ekonomiko eta sozial handiagoa egotea nahi du. Askotan, hori lortzeko, ondasunen ekoizpena gobernuak publikoki kontrolatzea eskatzen du.

Zein sistema politiko daude?

aldatu

Politika, herrialde bakoitzean, sistema politiko jakin baten arabera dago antolatuta, eta haren arabera funtzionatzen du. Honako hauek dira sistema politiko arruntenetako batzuk:

Demokrazia: herritarrek dute boterea, eta hauteskundeen bitartez aukeratzen dituzte beren agintariak.

Monarkia: errege-familia batek du boterea. Monarkia absolutua edo konstituzionala izan daiteke.

Errepublika: estatuburua ez da errege-familia batekoa, eta herriak bere boterea hautatutako ordezkarien bitartez erabiltzen du.

Totalitarismoa: gobernuak guztiz kontrolatzen ditu herritarren bizitzak, eta jendearen askatasuna mugatu egiten du.