👶
Jaiotza
1685eko otsailaren 23a (juliotar egutegia)
Halle (Saale)
💀
Heriotza
1759ko apirilaren 14a
Westminster eta Londres
🔨
Lanbidea
musikagile
📷
Argazkiak
ikusi
Georg Friedrich Händel.

Georg Friedrich Händel Barroko garaiko musikagile alemaniar bat izan zen, geroago britainiar nazionalizatu zena; musika unibertsaleko musikagile garrantzitsuenetariko bat izan zen. 1685eko otsailaren 23an jaio zen Alemaniako Halle hirian, eta Londresen hil zen, 1759ko apirilaren 14ean.

Bizitza eta lana aldatu

Bere jaioterriko katedraleko organo-jotzaile eta musika-irakasle batekin ikasi zuen musika, eta, ondoren, bera izendatu zuten katedrale horretako organo-jotzaile posturako. Baina Händelek postu hura utzi eta Hanburgo hirira alde egin zuen operaren munduan murgiltzeko; izan ere, garai hartako Alemanian, hiri hura zen operaren hiri nagusia. 1703tik 1706ra bitartean egon zen hiri horretan, eta bitarte horretan aurkeztu zuen bere lehen opera, 1705ean zehazki.

Ondoren, ikasten jarraitzea erabaki zuen, eta Italira joan zen, hura baitzen operaren sorlekua; han Corelli eta Scarlatti ezagutu zituen. Italian zegoela idatzi zuen Agrippina deritzan opera, 1709an Venezian estreinatu zena.

Italia 1710ean utzi eta, Hannover hirian aldi batez egon ondoren, azkenik, Ingalaterrara joan eta han geratu zen bizitzen; Londres hartu zuen bizilekutzat eta haren obra hiri horri lotuta egon zen.

Rinaldo izeneko operari esker, Londresko musikaren munduan nagusitzea lortu zuen; horrela, 1719an, Musikaren Errege-Akademiako musika-zuzendari izendatu zuten. Lanpostu horretan zegoela, beste opera batzuk ondu zituen: Ottone (1723), Julio Zesar (1724) eta Rosalinda (1725). Baina haren lanik ospetsuena Mesias izenekoa izan zen, Kristoren bizitzan oinarrituta dagoena; hau da, askoren ustez, musikagile honen lanik gorena. Dublinen estreinatu zen 1742an.

Tekla-musika aldatu

Händelek organo edo klabezinerako hainbat kontzertu idatzi zituen; organo kontzertuak oso berritzaileak izan ziren bere garairako, organo emanaldiak ez baitziren ordura arte kontzertu modura eskaintzen. Aditu batzuen arabera, 24 kontzertu idatzi zituen organorako, baina 16 bakarrik ezagutzen dira.

Areto-musika eta orkestrarako musika aldatu

Händelek hiru sonata-eskuliburu idatzi zituen hainbat musika-tresnatarako, Corelliren eraginarekin. Bestalde, orkestrarako lan ugari ere egin zituen, suiteak, kontzertuak eta opera eta oratorioetarako oberturak (oratorioak musika klasikoko pieza liriko-dramatiko batzuk dira, gai erlijiosokoak, Biblian edo liturgia-testuetan oinarrituak eta bakarlari batek edo koru batek orkestra batekin interpretaturikoa). Suite famatuen artean daude Music for the Royal Fireworks (1746) eta Water Music (1717) izenekoak. Horietaz gain, hainbat Concerti Grossi ere ondu zituen, Corelli eta Vivaldiren eraginarekin.

Ahotserako musika aldatu

Händelek bizi zelarik ezagutu zuen ospea bere opera eta oratorioei esker; baina ahotserako musika erlijioso zoragarria ere idatzi zuen, Ingalaterrako liturgia anglikanorako. Oratorioetan, gai mitologikoak (Semele, 1744, eta Hercules, 1745), alegorikoak (Alexander's Feast, 1736) eta Bibliakoak erabili zituen nagusiki; hauen artekoa da bere Mesias ospetsua, 1741ekoa.


Entzun Händelen pieza batzuk aldatu

Hemen entzun ditzakezu Mesias lanaren zati bat lehendabizi, eta Arrival of the Queen of Sheba lanaren beste bat:



Arazoak fitxategi hauek entzuteko? Ikus multimedia laguntza.