Eskinko hiruhatza (Chalcides striatus) animalia, eskinko familiako narrastia da.

Eskinko hiruhatza

Nolakoa da? aldatu

 
Eskinko hiruhatzaren hankak

Oso hanka txikiak ditu eta horietako bakoitzean, bere izenak dioen bezala, hiru hatz labur ditu. Hankak motzak izan arren, eskinko hiruhatzak, jauzi egin eta lurretik azkar irristatu daiteke.

Luzerari dagokionez, 35 zentimetro inguru neurtzen ditu, eta zilar edo brontze koloreko azala du. Gainera, eskinko hiruhatzak, bizkar-aldea ezkata txiki eta distiratsuz betea du eta sabelaldean ezkata handiagoak eta argiagoak ditu.

Espezie honetan, emeak arrak baino tamaina handiagokoak dira, eta horri, dimorfismo sexuala esaten zaio.

   Ba al dakizu    

Arriskuan dagoenean, isatsaren zati bat askatzeko gai da erasotzaileak nahasteko. Ondoren, isatsa berriro hazten zaio.

Oso isats luzea duenez, askotan jendeak sugearekin nahasten du. Hauen arteko ezberdintasun nagusiena, hankak izateaz gain, gizakiok bezala, betazalak dituela da.


Non bizi da? aldatu

   Ba al dakizu    
Eskinko hiruhatzak txilardi eta otadiak maite ditu, eta askotan hauen eta larreen arteko mugetan aurkitzen da

Europako hegoaldean eta Afrikako iparraldean bizi direnez, Iberiar penintsula osoa okupatzen dute, ekialdeko kostaldea izan ezik. Leku eta giro beroak gustatzen zaizkie eta askotan itsas-mailatik gertu kokatzen dira. Espainiaz gain, Portugal, Frantzia eta Italia bezalako herrialdetan ere aurki daitezke.

Nahiz eta animali honi beroa asko gustatu, Euskal Herrian, eskinko hiruhatz asko daude. Gehien bat, landaredi asko eta hezetasun handia dagoen lekuetan egoten dira. Hala ere, oso bizimodu isila daramate, eta beraz, animali hau topatzea oso zaila da.

Nola bizi da? aldatu

 
Eskinko hiruhatzaren bizilekua

Narrasti gehienak bezala, eskinko hiruhatza, eguneko animalia eta lehortarra da, hau da, goizean goiz irteten da bere gordelekutik eguzkitan berotzeko, eta behin bere gorputza bero dagoenean, janari bila joaten da.

Harrapakaria da, baina azkar egiten du ihes etsai bat ikusten duenean. Horregatik, animalia honi ez zaio beldurrik izan behar, bera lehenago beldurtuko delako eta alde egingo duelako.

Bere harrapakinengana isilean hurbiltzeko, bere hankak oso poliki erabiltzen ditu. Baina landaretzaren gainean mugitzen denean, bere gorputza oso azkar irristatzen da eta bera antzematea oso zaila da.

Eskinkoak ez dio hotzari ondo eusten eta neguan zehar letargia egiten du lur azpian edo zuhaitzen sustraien artean, apirilera arte.

Zer jaten du? aldatu

Animali hau intsektujalea da. Oso bizkorra da, eta, intsektuak ehizatzeko, salto egiteko gai dela egiaztatu da. Horregatik, elikatzeko, armiarmak, kakalardoak, tximeletak eta orokorrean mota askotako artropodoak harrapatzen ditu. Baina aho txikia duenez, 1 eta 36 mm inguruko harrapakinak jaten ditu.

Nola ugaltzen da? aldatu

Ugaltzeko garaia udaberrian izaten da, eta garai horretan, emeak eskuratzeko, arrak, bata bestearen artean borrokatzen dira. Eskinko hiruhatza obobibiparoa da eta emeak urtero 4-15 kume edukitzen ditu udako azken asteetan.

Jaioberriek, soilik 7 zentimetro neurtu ohi dute eta ehizan ikasteko eta indarra garatzeko, beraien bideari azkar ekiten diote. Bukatzeko, 3 edo 4 urte bete arte ez dute heldutasuna lortzen.

Zeintzuk dira espezie honen mehatxuak? aldatu

Espeziearen mehatxu nagusiak habitata aldatzea edo suntsitzea dira. Gainera, hezetasuna oso garrantzitsua da espezie hau bizirik irauteko. Horregatik, klima aldaketak kalte handia egiten diote, hala nola, berotze globalak.

Horretaz gain, beste arrisku-faktore garrantzitsu bat dago animalia honentzat, hain zuzen ere, nekazaritza-eremuetan erabiltzen den gehiegizko ongarria da. Baina, eskinko hiruhatzaren mehatxurik handiena gizakia da. Izan ere, suge baten antza handia duenez, pozoitsua dela uste da, eta horregatik, animali hau hiltzen saiatzen dira normalean gizakiak.

Nola mantendu daiteke espezie hau? aldatu

Espezie honen biziraupena ziurtatzeko, lehendabizi gomendagarria izango litzateke nekazaritzaren eta abeltzaintzaren habitatak mantentzea. Horregatik, lurrak mantentzeko, ongarri gutxiago bota beharko genuke eta suntsituta dauden lurrak berreskuratu.