Buda, sermoia ematen.

Budismoa erlijiotik eta filosofiatik gertu dagoen pentsatzeko modu bat da, Asian bereziki hedatuta dagoena. Pertsona batzuentzat budismoa erlijio bat da, kristautasuna, islama eta beste erlijio asko bezala. Beste batzuentzako filosofia da, modu egokian bizitzeko ideia bat. Budismoa «Buda» izenetik dator, izan ere, hori da Siddharta Gautama pertsonaia historikoari jarraitzaileek eman zioten izena.

Gautama eta bere jarraitzaileentzat oso garrantzitsua da modu egokian bizitzea eta animaliak eta pertsonak ez kaltetzea. Gauzei garrantzia ematen ez badiegu errazago biziko garela ere uste dute. Budismoaren helburua argialdia da, nirvana izeneko egoera. Egoera horretara iristen den pertsonak ez du ezer gehiago nahi, eta, horregatik, ez du sufritzen. Pertsona gutxi batzuek lortzen dute nirvanara iristea.

Budistek birjaiotzean sinesten dute; hau da, animaliak eta gizakiak hiltzen direla, baina nolabaiteko arima dutela. Heriotza eta gero, arima beste pertsona edo animalia batengan jaiotzen da berriro. Hala ere, nirvanara iritsi den pertsona ez da berriro jaioko.

Nirvanara iristeko eta modu egokian bizitzeko ikuspuntu ezberdinak daude, eta horregatik, ez dago budismo bakarra, eskola edo adar ezberdinak baizik. Hedatuena Mahayana da, Ibilgailu Handia. Eskola horrek ahalik eta pertsona gehien argialdira eramatea du helburu.

Kristautasunak edo hinduismoak ez bezala, budismoak ez dauka jainkorik. Gautamak ez zuen horri buruzko iritzirik: norbaitek argialdia lortu nahi badu, bere kabuz lortu behar du, ezin du jainko baten laguntza espero. Hala ere, budisten kondairetan batzuetan jainkoak agertzen dira.

Non bizi dira budistak? aldatu

500 milioi pertsona inguru daude munduan beren burua budistatzat dutenak, eta erdia inguru Txinan bizi da. Herrialde batzuetan, budistak gehiengoa dira, gehienbat Thailandian eta Kanbodian, baina baita Birmania eta Bhutanen ere. Bhutanen eta beste herrialde askotan budismoa Estatuko erlijioa da.

Japoniaren kasua berezia da, izan ere, galdetzeko moduaren arabera, budista gehiago edo gutxiago daude. Inkesta batzuek japoniarren heren bat budistak direla erakusten dute, baina beste batzuek, ordea, erdia direla. Japonian norbait hiltzen denean, gehienetan ohitura budisten arabera lurperatzen dute, eta japoniar askok jainko eta arbasoei otoitz egiten diete. Hori onartuta dago budismoan.

Budistak beste kontinente batzuetan ere bizi dira. Haietako asko jatorriz Asian bizi ziren, baina jendeak modu askotara jaso du budismoa. Askotan, budismoa pixka bat aldatu dute haien kulturari hobe egokitzeko.