Energia berriztagarria bukatzen ez den energia da, etengabe berritzen dena. Haizearen, eguzkiaren, uraren edo itsasoaren indarra izaten da. Antzina, energia berriztagarriak erabiliz gizakiak zerealak txikitzen zituen, irina egiteko; edo ura mugitzen zuen, lurrak ureztatzeko. Gaur egun, energia berriztagarriak elektrizitatea sortzeko erabiltzen dira batez ere. Horretarako, prozesu konplexuen bidez, instalazio eta gailu batzuk fabrikatzen dira, material kutsagarriak erabiliz (zementua, plastikoa, altzairua, aluminioa, kobrea, lur arraroak...).

- Energia eolikoa: haizeak duen energia da. Energia hori aprobetxatzeko, haize-sorgailuak jartzen dira mendi gainetan edo leku haizetsuetan. Haizeak mugitzen ditu sorgailuek dituzten helize handiak, eta mugimendu horrek energia elektrikoa ateratzen du sorgailuak duen motore elektriko batean.
- Eguzki-energia: eguzkitik lurrera iristen den erradiazioak dakarren energia da. Erradiazio hori eguzki-paneletan jasotzen da, eta panel horietan dauden zelula fotovoltaikoek elektrizitatea ateratzen dute eguzkiaren erradiaziotik.
- Energia hidraulikoa: ibaietako urak dakarren energia da. Energia hori aprobetxatzeko, batzuetan besterik gabe turbina bat jartzen da ibaian; baina, gehienetan, uraren energiari probetxu handiagoa ateratzeko, ura urtegi batean biltzen da eta, gero, presa batean altuera handi batetik erortzen uzten da turbina baten gainera. Uraren indarragatik, turbina hori jiraka hasten da, eta horrela sortzen da elektrizitatea.
- Itsas energia: batez ere olatuen mugimenduak eta itsasaldien gorabeherak dakarten energia da. Energia hori aprobetxatzeko, zentralak jarri dira olatu handiak dauden lekuetan edo itsasaldiak asko mugitzen diren tokietan.
Lau energia-iturri agortezin horiez gain, badira energia berriztagarriaren beste iturri batzuk ere:
- Biomasa: erregai modura erabil daitekeen material biologikoa da. Gure etxeko sukaldeetan sortzen dugun zabor organikotik eta hildako landare edo animalietatik ateratako material biologiko horretatik gas bat atera daiteke, biogas deitzen dena. Material biologiko hori deskonposatzen denean, bakterioek sortzen dute gas hori; metano eta karbono-dioxido nahasketa bat izaten da eta erregai modura erabil daiteke.

- Energia geotermikoa: lur barruan dagoen beroak dakarren energia da. Lurraren nukleoa oso bero dago eta zenbait puntutan bero hori lur azaleraino edo oso hurbileraino iristen da. Bero hori gizakiak aprobetxatzen du etxeak berotzeko edo elektrizitatea sortzeko.
Energia berriztagarriari energia berdea edo ekologikoa ere deitzen zaio, ez dituelako baliabide naturalak agortzen, petrolioarekin gertatzen ez den bezala. Baina izen hori zuriketa berdea dela esan daiteke; izan ere, energia berriztagarria ekologikoa da eta ez du kutsatzen, baina energia hau aprobetxatzeko erabiltzen diren instalazio eta gailuak ez dira berriztagarriak (oso urriak diren hainbat material behar dituzte); eta instalazio eta gailu horiek egiteko, mantentzeko eta zahartutakoan desegiteko lanak kutsagarriak dira.
Bestetik, energia berriztagarriak aprobetxatzeko erabiltzen diren instalazio eta gailuak egitean, mantentzean eta zahartutakoan desegitean, karbono-dioxido edo C02 sortzen da; beraz, instalazio eta gailu horiek eragina dute beroketa globalean eta klima-aldaketan. Hala ere, eragin hori txikiagoa da energia berriztaezinak aprobetxatzeko instalazio eta gailuena baino.