Edukiontzi marroian bota behar dugu zabor organikoa

Zabor organikoa izaki bizidun (animalia edo landare) batetik datorren material multzoa da, inolako erabilgarritasunik ez duena edo berrerabili ezin dena. Zabor organikoa izaki bizidunek sortzen dute etengabe, batez ere giza jarduera askotan, hala nola industria-prozesu batzuetan edo pertsonen eguneroko ekintzetan (fruta zuritzean edo ilea mozten dugunean, adibidez).

Organikoa ez den zaborrari ez-organikoa deitzen zaio; zabor mota honetan gai edo material kimikoetatik sortutako hondakinak sartzen dira, hau da, izaki bizidunetatik ateratakoak ez diren materialen (burdina, plastikoa, kableak, portzelana, beira, etab.) hondakinak.

Zabor organikoa erraz birzikla daiteke, eta zabor ez-organikotik bereizten bada eta prozesu egokiak egiten badira, berriz erabil daiteke, elikagai, ongarri edo eraikuntza-material bezala, besteak beste. Gainera, zabor organikoa deskonposatu edo desegin egiten da denbora gutxian, bakterioek sortutako prozesu kimikoei esker. Horregatik esaten da biodegradagarria dela.

Zabor ez-organikoak, ordea, denbora luzea behar du guztiz desintegratzeko, hainbat hamarkadatik milioika urtetara arte; gainera, oso kutsakorrak izan daitezke deskonposizio-prozesuan zehar (plastiko batzuekin edo hondakin nuklearrekin gertatzen den bezala). Zabor mota hau ez da biodegradagarria.

Nondik dator zabor organikoa?Aldatu

Zabor organikoak hiru jatorri nagusi izaten ditu:

  • Izaki bizidunen ohiko gorputz-funtzioa: gorotzak, ilea, azazkalak, eta abar.
  • Izaki bizidunetatik baliabide ekonomiko bat (zura, janaria, olioak) ateratzea helburu duen giza jarduera bat: prozesu horretan, erabili ezin diren material organikoak sortzen dira; adibidez, zerrautsa, edo elikagai gisa kontsumitzeko prozesatzen diren animalien heste edo beste gorpuzkiak.
  • Gainera, deskonposizio-egoeran dauden edo iraungi egin direlako edo gaizki kontserbatu direlako osasungarriak ez diren material organikotik (gehienetan janaritik) sortu daiteke zabor organikoa; horixe gertatzen da gaizki izoztutako haragiarekin edo usteldutako frutarekin, adibidez.