30 urtetan zehar izandako tenperatura batez bestekoen mapa klimatologikoa.

Klimatologia klima aztertzen duen zientzia da; klimatologiak atmosferak epe luzean (baita ehunka edo milaka urtetan ere) dituen ezaugarriak eta haren aldaketak ikertzen ditu. Posible da leku batean duela milaka urte izandako klima nolakoa zen ezagutzera iristea laginak ikertuz, hala nola aintzira hondoetako sedimentuak, izotz harriak edo koral eta zuhaitz-enborren eraztunak; antzinako klima aztertzen duen zientzia-adarrari paleoklimatologia deritzo.

Bestetik, eguraldiak denbora laburrean (egunean zehar eta egun edo aste batzuetan) dituen ezaugarri eta aldaketak aztertzen dituen zientziari meteorologia deitzen zaio.

Hainbat klima al daude?

aldatu

Denbora-tarte luze batean toki jakin batean egon diren fenomeno meteorologikoen batezbestekoa da klima. Klimak ezberdintzeko, tenperatura, prezipitazioak, atmosferako hezetasuna eta haizearen maiztasuna zein indarra hartzen dira kontuan.

Klima latitudearen araberakoa da, eguzkiaren beroa biziagoa delako tropikoetan eta ekuatoretik gertu poloetatik gertu baino.

Klima garaieraren araberakoa ere bada. Adibidez, tropikoetako mendiak askoz ere hotzagoak dira inguruko lautadak baino.

Lurrean hainbat klima mota daude. Hiru mota nagusi daude: klima hotzak, klima epelak eta klima beroak. Bakoitzaren barruan beste klima mota batzuk bereizten dira, eta horien barruan zenbait azpimota:

  • Klima tropikalak: ez dago urtaro hotzik.
    • Azpimota ekuatorialean euri asko egiten du urte osoan.
    • Beste azpimota bat iraupen aldagarriko urtaro lehorra duen klima tropikala da.
  • Klima lehorrak: prezipitazio gutxi edo uraren lurruntzea konpentsatzeko urriegia.
    • Basamortuko klima beroa edo hotza.
    • Klima erdiarido beroa edo hotza.
  • Klima epelak:
    • Ozeanikoa: udaren eta neguaren artean tenperatua gutxi aldatzen da, eta urte osoan zehar daude prezipitazioak, modu orekatuan.
    • Mediterraneoa: uda lehorrak ditu eta prezipitazio gehien udazkenean eta udaberrian egiten du.
    • Subtropikala: klima epelaren eta tropikalaren arteko azpimota.

Nola aztertzen da klimatologia?

aldatu

Klimatologian meteorologiako tresna berak erabiltzen dira, baina, kalkuluak egitean, denbora-tarte oso luzeetako neurketak erabiltzen dira.

Ezaugarri hauen arabera erabakitzen da zein klima dagoen toki batean: zenbat ur (prezipitazio) botatzen duen, urteko zein sasoitan, zer tenperatura dagoen eta zenbat eguzki-ordu dauden. Ezaugarri horiek batezbestekoan neurtzen dira, baina beste estatistika-kalkulu batzuk ere erabiltzen dira.

Ezaugarri horiek funtsezkoak dira landareentzat eta animalientzat (pertsonentzat ere bai). Eskualde batean zer espezie dauden, hein handi batean, klimaren araberakoa da. Toki bateko klima beste batekoaren oso ezberdina denean, bi toki horietan bizi diren espezie gehienak ere oso ezberdinak dira.

Klimen arteko ezberdintasunek arrazoi fisikoak dituzte, oso oinarrizkoak direnak, baina fenomeno horien ondorioak eta konbinazioak oso konplexuak izan daitezke. Hona hemen horren guztiaren adibide batzuk:

  • Urtaroak Lurrak Eguzkiaren inguruan duen orbitarengatik sortzen dira. Urtaroak argi bereizten diren tokietan, neguan hotza egiten du eta udan beroa.
  • Ozeanoetan lurruntzen da ur gehien, eta horri itsaso-korronteak gehituta, ozeanoek prezipitazio eta tenperatura-aldaketa nabariak eragiten dituzte kontinenteetan.
  • Latitude batean edo bestean egon, Eguzkiaren bero gehiago edo gutxiago jasotzen da. Adibidez, zenbat eta gertuago egon ekuatoretik, orduan eta eguzki-argi gehiago jasotzen da.
  • Presio atmosferikoa txikiagoa da garaiera handitu ahala, eta, horregatik, zenbat eta altuago egon, klima hotzagoa da.
  • Ur-lurruna kondentsatzean egiten du euria, eta tenperatura aldaketen zein presioen arabera gertatzen da hori: zenbat eta beroago egon airea, orduan eta ur-lurrun gehiago izan dezake.
  • Haizeak ere eragina dauka tenperaturan: beroa edo hotza izan daiteke, lehorra edo hezea. Esaterako, Indiako eta inguruetako montzoia udako haize bat da, Indiako ozeanotik heze-heze datorrena eta iparrerantz egiten duena Himalaiarekin talka egin arte. Uda bukaeran, eurite oso biziak eragiten ditu Himalaiako hegoaldean.