Geometrian, angelua gurutzatzen diren bi lerro zuzenen arteko espazioa da. Bi lerro halako puntu batean elkartzen direnean, angelua sortzen da. Bi lerro horiei, angeluaren aldeak deitzen zaie; eta elkartzen diren puntuari, angeluaren erpina.

Angeluen zabalera neurtzeko, gradu izeneko unitate edo neurria erabiltzen da; ° ikurra erabiltzen dugu gradu hitza adierazteko.

180°ko zabalera duen angelu-garraiagailua.

Angelu-garraiagailua izeneko tresna erabiltzen da angeluak eskuz neurtzeko. Horretarako, garraiagailuaren erdigunea (duen zulotxo bat) angeluaren erpinean jarri behar da; gero, angeluaren erpina ezkerraldean badago, eskuinaldeko zatia (0° adierazten duen marra zuzena) angeluaren beheko aldearekin bat egin behar da (erpina eskuinaldean badago, alderantziz); ondoren, garragailuaren zirkuluerdian beste aldeak markatzen duen zenbakia da angeluaren gradua adierazten duena.

Angelu motak aldatu

1. Angeluen neurri edo zabaleraren arabera aldatu

Angeluak sailkatzeko modu bat da. Hain neurri edo zabalerari begiratzen badiogu, honako hauek bereizi ohi dira:

  • Angelu zuzena: 90° dituenean.
  • Angelu zorrotza: 90° baino gutxiago dituenean.
  • Angelu kamutsa: 90° eta 180° bitartekoa denean.
  • Angelu laua: 180° dituenean; hots, zirkulu erdia osatzen duenean.
  • Angelu osoa: 360° dituenean; hots, zirkulu osoa hartzen duenean.


2. Beste angelu batzuekin duten harremanaren arabera aldatu

Bi angeluk elkarrekin duten erlazio edo harremanari begiratzen badiogu, honako angeluak bereiz daitezke:

  • Ondoz-ondoko angeluak: erpin berbera eta alde komun bat dutenak, baina angelu zuzen bat osatzera iritsi gabe.
  • Angelu osagarriak: haien neurriak batuta, 90° egiten dutenak. Angelu baten angelu osagarria da bien artean angelu zuzen bat osatzeko behar dena.
  • Angelu betegarriak: haien neurriak batuta, 180° egiten dutenak. Angelu baten angelu betegarria da bien artean angelu lau bat osatzeko behar dena.
  • Angelu konjugatuak hauin neurriak batuta 360° egiten dutenak.
  • Angelu kongruenteak (edo isometrikoak): neurri berdina dutenak.
  • Erpinez aurkako angeluak: angelu bateko zuzenerdiak besteko zuzenerdien luzapenak dira. Erpinez aurkako angeluak kongruenteak dira.