Txikipedia:Egile-eskubideak

      Entzun!

Egile-eskubideak edo copyright egileei lan bat egiteagatik (literarioa, artistikoa edo zientifikoa) legediak eskaintzen dien arau eta baldintza multzoa da.

Copyrightak kopiak egiteko eta kopien gaineko kontrolaren eskubidea ematen dio jabeari. Hau, sorkuntzako lanak egiten dituztenek beren obrak babesteko eta haiena dela adierazteko sorturiko legea da. Hasieran liburuen gaineko eskubideak bakarrik hartzen zituen bere baitan, baina gaur egun aldizkari, egunkari, mapa, antzerki, film, argazki, irudi, bideo, audio, artelan eta abarren kasuan ere erabiltzen da.

Lege honen arabera, norbaitek egile-eskubideak dituen zerbait erosten badu, objektua izango da eroslearena, baina, ezingo du haren kopiarik egin ezta saldu. Izan ere, eskubide hori egilearen edo copyrighta erosten duenarena da. Esaterako, artelan bat erosten badut, artelana bera izango da nirea, baina, ezingo dut artelan horren kopia berdin bat egin. Margolariak berriz, artelanaren beste kopia bat egin eta saldu dezake.

Plagio eta pirateria aldatu

Jabetza eskubidea urratzeko bi modu nagusi daude.

Plagioa beste egile baten obra norberarena balitz bezala argitaratzean izaten da.

Pirateriari dagokionez, berriz, egilearen baimenik gabe egile-eskubideez babesturiko materiala argitaratzean datza.

Beste lizentzia motak aldatu

 
Creative Commons lizentzien taula argigarria

Copyright-ez gain beste lizentzia ezberdin ugari daude, eta bakoitzak funtzionamendu ezberdina du. Bestelako lizentzien artean erabilienak Creative Commons lizentziak dira, orokorrean edukiak libreki erabili daitezke, baina zenbait muga izan litzazke. Lizentzia mota hauek aurki ditzazkegu:

  • Aitortu (BY, Attribution): Edukien iturriak aipatzera derrigortzen du. Hau da, egilearen izena edota nondik lortua den azaldu behar da.
  • Ez Komertziala (NC, NonCommercial): Edukiekin irabazi ekonomikoak lortzea eragozten du.
  • Lan Eratorririk Gabe (ND, NoDerivativeWorks edo NoDerivs): Edukiak elkarbanatzen uzten ditu baina inongo aldaketarik egin gabe. Hau da, lizentzia mota hau duen irudi bat hartzerakoan ezin da moztu besteak beste.
  • Partekatu Berdin (SA, ShareAlike): Edukien jatorrizko lizentzia berdina erabiltzera behartzen du.

Adibidez, Wikipediako edukien lizentzia CC BY-SA da, hau da, bertako informazioa erabili daiteke, baina, iturriak aipatu eta jatorrizko lizentzia berdinarekin argitaratu behar dira. Adibide honekin ikus dezakegun bezela gehienetan lizentzia bat baino geihago batera erabiltzen dira.