Bermeoko portua.

Bermeo Bizkaiko herri bat da, kostaldean dagoena, Busturialdea izeneko eskualdean. Urdaibaiko itsasadarreko sarreratik oso hurbil dago. 34 km²-ko azalera du, eta 2015. urtean 16.752 biztanle zituen.

Bermeon arrantzak garrantzi handia izan du beti eta haren ekonomia arrantzaren inguruko sektorean oinarriturik dago, arrain-kontserbagintzan gehienbat.

Herriko jaiak (Andra Mariak) irailaren 7tik 16ra ospatzen dira.

Historiari begiratuta, 1236. urtean hiribildua bihurtu zen, Bizkaiko jaunak, Lope Diaz II.a Harokoak forua eman zionean.

Bermeoko euskara aldatu

Bizkaiko euskalkiaren aldaera bat da herrian erabiltzen den euskara. Euskal hiztunen portzentaia handia da (% 73), baina erabilerak jaitsiera nabarmena izan du azken urteotan, adin-tarte guztietan. Adinekoen %60 inguruk eta umeen % 42k erabiltzen dute, baina gazteenen artean % 19k eta heldun artean % 29k bakarrik.

Bermeoko eraikin interesgarriak aldatu

  • Bermeoko udaletxea: 1732an eraikitako monumentu historiko artistiko bat da. Bi eguzki-erloju ditu bere fatxadan.
  • Ertzila dorretxea (Arrantzaleen Museoa): Portu zaharraren gainean dago, eta Erdi Aroan herria defendatzen zuten 30 dorreetariko bat zen. XV. mende bukaeran eraiki zen, eta gaur egun zutik dirauen bakarra da.
  • Kasinoa:1894an eraikia. Nestor Basterretxea aretoa dago barruan, erakustoki bezala eta hitzaldi edo zinema areto bezala erabiltzen dena.
  • Santa Eufemia Eliza: Portu ondoan dago, eta herriko zaharrena da. Bermeo herria sortu zen garaikoa omen da, XIII. mendekoa; baina gaur egun dagoen eraikina XV. mendekoa da.
  • Santa Maria eliza: herriko eliza berriena da, XIX. mende erdialdean eraikia.

Bermeotar ospetsuak aldatu

  • Juan Akurio, Nao Victoria ontziko pilotua, Magallanesen espedizioan bizirik atera zenetariko bat.
  • Benito Barrueta (Bermeo, 1873 - 1953), margolaria.
  • Gregorio Solabarrieta (1900-1978), musikaria.
  • Jose Maria Urtzelai (Bermeo 1903 - Busturia 1979), margolaria.
  • Gonzalo Nardiz (1905-2003), politikaria, Eusko Jaurlaritzako sailburu izana.
  • Nestor Basterretxea (1924-), margolari, eskultore eta zinegilea.
  • Josu Erkoreka (1960-), politikaria, EAJren eleduna Espainiako Kongresuan.
  • Izaskun Bilbao (1961), politikaria, Eusko Legebiltzarreko presidente ohia. 2009ko uztailaz geroztik, Europako Parlamentuko parlamentaria.
  • Ricardo Odriozola (1965), biolinista eta musikaria.
  • Lucía Etxebarria (1966), idazlea. Valentzian jaio zen baina aita bermeotarra du.
  • Antonio Karmona (1968), futbolaria (Deportivo Alavés eta Eibar).

Bermeoko harresia aldatu

1334an, Alfonso XI erregeak herria harresi batez inguratzeko agindua eman zuen. Harresiak gaur egungo alde zaharra inguratzen zuen, Santa Eufemia eleiza ingurutik hasita talan zegoen Andra Mari elizaraino, eta zazpi ate zituen. Gaur egun zutik gelditzen den bakarra San Juan portale izenaz ezagutzen dena da. Beste sei ateak XIX. mendearen zehar desagertu ziren herriaren hazkunde behar izanaren ondorioz. Hauek ziren hauen izenak eta kokapena:

- Errenteriaportale: egungo Ibarluzea tar Kosme kale parean.

- Sanmigelportale: San Migeleko enparantzan.

- Sanfrantziskoportale: egungo Aldatseta kale parean.

- Erremedioportale: egungo Erremedio kale parean.

- Santabarbaraportale: egungo Nardiz tar Jon kale parean.

- Beiportale: egungo Nekazari kale parean.

- Sanjuanportale: Zutik dirauen bakarra, Arresi eta Irakaskintza kaleak banatzen ditu.

Herrian barriztatze lanengandik lurzoruaren apurketak egiten direnean, eta harresi zatiak ateratzen direnean, berriro zarratzerakoan gune hauek markaturik uzten saiatzen da udala, adibidez, Lope Diaz de Haroko lamera guztiz berritu zenean harresia pasatzen den puntua kolore desberdineko harriarekin markatu zen.