Alhambra Granadan, Espainiako hegoaldean, dagoen jauregi eta gotorleku bat da. Musulmanek XV. mendearen amaiera arte Espainiako leku askotan gobernatu zuten, eta eraikin multzo handi eta dotore hori izan zen haien eraikuntzarik nagusienetakoa.

Alhambrako Lehoien patioa

Historia aldatu

Musulmanek VIII. mendearen hasieran inbaditu zuten Espainia. Denborak aurrera egin ahala, Iberiar Penintsulako zati handi bat konkistatu eta zenbait erresuma burujabe sortu zituzten. Alhambrako gotorlekua 1100. urte inguruan eraiki zuten. 1238an Granadako erresuma musulmaneko agintari berriak Alhambran hasi ziren bizitzen eta jauregia eraikitzen hasi ziren. 1200. urte amaierarako, Gaztela eta Aragoiko erresuma kristauek Espainiako zati gehiena berreskuratu zuten. Hala ere, Granada musulmanen esku egon zen 1492ra arte. Urte hartan, Errege-erregina Katolikoen soldaduek Penintsulako azken erresuma musulmana konkistatu zuten.

Konkistatzaile kristauek Alhambrako barnealdea ia osorik suntsitu zuten. Carlos I errege espainiarrak, zeinak 1516 eta 1556 urteak bitarte agindu baitzuen, jauregiko parte batzuk eraiki zituen estilo errenazentistan oinarrituta. Napoleonen soldaduek Espainia inbaditu zutenean, 1812an, Alhambrak kalte handiak jasan zituen berriz ere, soldadu frantsesek jauregiko hainbat dorre lehertu zituztenean. 1821ean lurrikara batek are gehiago hondatu zuen eraikina. Zaharberritze-lanak 1828an hasi eta XX. mendera arte iraun ztuen.

1984an, Alhambra gizateriaren ondare izendatu zuen UNESCOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak). Leku batzuek garrantzi kultural edo naturala dutenean UNESCOk erabaki dezake «balio unibertsal handia» dutela.

Ezaugarriak aldatu

Alhambra Granada hiriko lekurik altueneko lur-zati lau batean eraiki zen. Alhambra jauregi batez eta hura babesteko gotorleku batez dago osatuta, Alcazaba gisa ezaguna dena. Alcazaba da esparruko parterik zaharrena. Soilik haren kanpoko murru erraldoiak, dorreak eta harresiak geratzen dira. Jauregiaz eta gotorlekuaz gain Alhambra Altua dago, maila altuko soldaduen etxea zena. Benetako hiri baten parte zen, eta Gobernuko egoitza gisa erabiltzen zen.

Jauregiko leku nagusiak Mitreen Patioa eta Lehoien Patioa dira. Lehoien Patioaren erdian Lehoien Iturria dago, hots, marmol zurizko hamabi lehoiren gainean ipinita dagoen ur-aska handi bat.

Alhambrako esparruaren barnean Generalifea dago, hau da, udako jauregia. Udako jauregi honetan lorategiz, urmaelez eta iturriz inguratutako patio handi bat dago. Generalifearen barnean musika eta dantza emanaldiak egiteko antzerki bat dago gaur egun.