Txantiloi:2013-38 Nabarmendutakoa

Kontxako Bandera Donostiako Kontxako badiatik abiatuta jokatzen den estropada ospetsua da. 1879. urtean ospatu zen lehen aldiz eta, horrela, egun Bizkaiko golkoko estropada zaharrena da. 118 edizio izan ditu, eta guztira 741 traineru lehiatu dira bertan historian zehar. Arraunaren Olinpiada ezizena jaso ohi du, estropada denetan ospetsuenetakoa baita. Izena traineru irabazleak garaikur moduan jasotzen duen Donostiako bandera handi brodatutik dator. Iraileko lehen bi asteburuetan jokatzen da, zortzi traineruren artean; lehen igandearen aurreko ostegunean, erlojuaren aurkako sailkapen estropada bat egiten da, zortzi horiek zehazteko. Estropada ikusi eta euren traineruak animatzeko, hirira 100.000 pertsona inguru bertaratzen dira eta Kantauri itsasoko kostaldeko milaka jarraitzaile Donostiako kaian, Pasealeku Berria, Santa Klara uhartea, Urgull eta Igeldo mendien magaletan biltzen dira, horietako asko beren traineruen kolorez jantzita. Bestalde, egun horretan kalean nahiz tabernetan artekariak eta apustulariak ere izan ohi dira. Estropadaren ondoren, Donostiako Parte Zaharrean jai giroan biltzen dira jarraitzaile guztiak. 2008tik aurrera, emakumezkoen Kontxako Bandera ere jokatzen da lau traineruren artean.