Txantiloi:2012-46 Nabarmendutakoa

Rol-jokoa jokalariek fikziozko pertsonaia bat antzeztu edo haren rola interpretatzen duten joko edo jolas bat da, fikziozko mundu batean edo errealitatea irudikatzen duen egoera batean giroturik historia bat garatzen duena, jokoaren bilakaera eta amaiera jokolariek hartutako erabakien eta jokoaren arauen mendean daudelarik. Definizio horri jarraiki, rol-jokoak oso anitzak dira: haurrek jolastu ohi dituzten poliziak eta lapurrak motako jolasak, mahai baten inguruan jokatzen diren paper-eta-arkatzeko rol-jokoak, bizitango edo kanpoko rol-jokoak, rol-jokoen ezaugarriak bildu baina jokoaren giroa taula batean nahiz karten bitartez irudikatzen duten mahai-jokoak eta milaka jokalari batera elkarrekin aritzen ohi diren rol-bideo-jokoetara. Parte hartzaileen kopuruari buruz, banaka joka daitezkeen rol-jokoak eta milioka lagun batera internet bitartez jokatzen diren rol-jokoak ere, MMORPG jokoak alegia, badaude. Jokoaz gainera, rol-jokoak hezkuntzan, egoera erreal baten simulazio moduan planteatuz, nahiz baliabide terapeutiko moduan ere, gatazkak eta portaera-arazoak konpontzeko, erabili izan dira. Rol-jokoek bereziki sormena sustatu egiten dutela ere nabarmendu izan da. Beste alde batetik, ordea, rol-jokoek kritika ugari jaso izan dituzte, rol-jokoen giroan izandako gertakari tragiko batzuek (suizidioak eta hilketak, kasu) eraginda eta horiei buruz hedabideek rol-jokoekin zuzenean lotuz zabaldutako informazioarekin batera; kritikak rol-joko zenbaiten historia eta giroekin (izaki mitologiko paganoekin eta esoterismoarekin loturiko fantasiazko munduak) eta rol-jokoetan jolastu ohi duten kultura gotiko, punk eta beste hiri tribu zenbaiten ospe txarrarekin ere lotu behar dira.