Timoa (grezieratik: thýmos, «bizi energia») immunitate-sisteman espezializatutako guruin endokrinoa eta errai linfoidea da. Toraxaren goiko aurrealdean kokatuta dago, zehazki, biriken artean eta bihotzaren gainean. Gehienez 5 zentimetroko luzera eta 20-40 gramoko pisua du. Garapen aldi nagusia haurtzaro eta nerabezaro artean dauzka; hortik aurrera, fisikoki murrizten hasten da.

Timoa toraxaren goi-aurrealdean kokatzen da, birikien artean eta bihotzaren gainean.

Aro enbriologikoan, timoa hirugarren poltsa faringeoaren alde bentraletik hasten da; beraz, jatorria endodermikoa izango da. Garapenean timoa beheranzko norabidea hartu eta bularrezurraren atzeko eremuan kokatuko da.

Timoa errai linfoide primarioa da eta bere funtzio nagusia T linfozitoen hazkuntza eta desberdintzapena egitea da. Hala ere, beste hainbat funtzio betetzen ditu, hala nola: hezurren hazkuntza, sexu guruinen garapena eta linfa sistemaren garapen zein heldutasunaren sustapena.

Funtzio linfatiko eta immuneaAldatu

T linfoblastoak (desberdindu gabeko T linfozitoak) hezur-muinetik timorantz abiatuko dira. Timora heltzean, bertan heltzen eta ezberdintzen dira. Horretaz gain, T linfozitoak sistema immuneko zelulak direnez, gorputzeko zelula propioak ez kaltetzen ikasiko dute.

 
Timoaren kokapena eta barneko detailea.

Funtzio endokrinoaAldatu

Guruin endokrinoa ere denez, hiru hormona garrantzitsu sortu eta askatuko ditu: timolina (bere funtzio nagusia hantura erreakzio baten aurrean mina murriztea da), timopoetina (CD90 proteina sortzen du hainbat funtzio betetzen dituena) eta timosina (sistema immunearen zelulen hazkuntzan parte hartzen du).

Egitura makroskopikoaAldatu

Timoa torax barrunbearen goiko eremuan aurkitzen da; zehazki, bularrezurraren kirtenaren atzean eta bihotzaren aurrealdean; perikardioan aurrealdean. Nahiz eta orokorrean goiko mediastinoan agertu, beheranzko luzapenen kasuetan beheko mediastinoaren aurreko eremutara (aurreko mediastinora) hedatu daiteke. Aldi berean, goiko luzapenen kasuetan tiroide-guruinera heldu daiteke. Timoak lau aurpegi ditu; aurrekoa, atzeko eta alboetakoa, eta bi ertz; goikoa eta behekoa.

Aurpegiak:

  1. Aurreko aurpegia: iduneko zatia izango litzateke. Bularrezurraren kirtena aurrean kokatuko da, eta baita hioide azpiko gihar batzuk ere.
  2. Atzeko aurpegia: goiko eremutik zintzurrestea kokatzen da eta behekaldetik bihotzaren perikardioa egongo da.
  3. Alboetako aurpegiak: iduneko multzo baskulonerbiosoa bi aldeetatik igaroko da. Bestalde, biriken pleurak ere mugatuko ditu bi alde hauek.

Ertzak:

  1. Goiko ertza: tiroide-guruina kokatzen da.
  2. Beheko ertza: perikardioak mugatzen du, gutxi gorabehera 4-5 saihetsen mailean.
 
Timoa bi lobuluz osatuta dago, eta lau aurpegi eta bi ertz ditu.


Timoa bi lobuluz osatuta dago; hauek ehun konektibo inguratuta egongo dira; bi lobuluak aurreko erdiguneko lerroarengandik banatuta egongo direlarik. Aldi berean, lobulu hauetatik barrurantz trabekula batzuk ateratzen dira eta hauek lobuluak lobulu txikiagoetan banatzea ahalbidetzen dituzte.

Errai linfoide hau oso garrantzitsua izango da batez ere haurtzaro eta nerabezaroan. Aldi hauetan timoak kolore gris-larrosa hartzen du eta bi lobulu nagusitan banatuta egongo da. Tamaina eta pisu maximoa nerabezaroan hartzen ditu; 5 zm-tako luzeera eta 20-37 gramoko pisua izatera ailegatu daiteke. Helduaroaren hasieran timoa atrofiatzen hasten da, timo ehuna ehun adipotsuarengandik ordezkatzen da; eta beraz, helduaroan eta zahartzaroan batez ere gantza egongo da. Hori dala eta, zahartzaroan kolore horia hartzen du. Horretaz gain, helduaroan bularrezurarren atzealdean timoaren presentzia miastenia gravis gaixotasunaren seinale izan daiteke.

Barne egituraAldatu

Timoaren lobulu nagusi biak ehun konektibo laxo edo areolarrez inguratutako lobulu txikiagoz osatuta daude. Lobulu edo folikulu hauen artean ehun konektibozko zuntz-trabekulak azaltzen dira, organoaren kanpoko kapsulatik ateratakoak.

Histologikoki, lobuluek 1-2 mm inguruko tamaina dute, eta nahiko aldakorrak dira forma aldetik. Bakoitzak bi atal nagusi ditu: kortexa, periferian, eta muina, erdian.

Ehun linfoidean hiru T linfozito mota bereiz ditzakegu, tamainaren arabera -handiak, ertainak eta txikiak-. Zelulen tamaina haien desberdintzapen eta heldutasun mailarekiko alderantzizko proportzionala denez, linfozito heldugabeak handienak izango dira, eta alde kortikalean aurkituko ditugu. Hazkuntza-prozesuan zehar, espezializatzen doazen heinean, T linfozitoak kortexetik erdiko muinerantz desplazatzen joango dira.

 
Timoaren lobulutxuetako bat, mikroskopio optikoz behatua. Atal nagusi biak bereiz daitezke: kortexa periferian, eta muina erdian.

KortexaAldatu

Alde kortikala T linfozito heldugabez (timozitoz) osatuta dago. Bertan, timozitoen garapenerako hasierako urratsak ematen dira, eta horretarako, antigenoen aurkako hartzaileak kodetzen dituzten geneen berrantolamendua ematen da zelula hauengan.

Timozitoen artean, tamaina handiagoko bestelako zelula batzuk ere aurki daitezke, sare baten antza antolatutakoak: zelula epitelial kortikalak eta zelula mesenkimalak.

Horrez gain, alde kortikalean -eta batez ere, alde parakortikalean- makrofagoak agertzen dira. Ezohiko linfozitoak edo timozito kaltetuak suntsitzen dituzte, haien hazkuntza eta desberdintzapena eten dadin eta muinera pasa ez daitezen.

MuinaAldatu

 
Hassall korpuskulu bat, muinean aurki dezakeguna.

Muinean, timozito edo linfozito heldugabe kopurua nabarmen murrizten da, eta zelula epitelial medularrak nagusitzen dira, timoaren oinarrizko euskarria eratzen dutenak.

Zelula epitelialen baitan, zelula zaintzaile (ingelesez, “nurse cells”) deritzen azpipopulazio bat bereizten da. T linfozitoen garapen eta desberdintzapenerako ezinbestekoak dira, timozitoak endozitatu eta haien hazkuntzarako beharrezkoak diren seinaleak aktibatzen dituztelako. Gainera, prozesuarekin jarraitzeko prest ez dauden linfozitoak apoptosi bidez hiltzen dira zelula zaintzale hauen baitan, aurrerago makrofagoen bidez fagozitatuak izanik.

Bestalde, zelula epitelial keratinizatuak ere aurki daitezke muinean, era zentrokidean antolaturik eta Hassall korpuskulu izeneko egiturak eratuz.

OdoleztapenaAldatu

Sistema arterialaAldatu

Timoa odoleztatzen dutenak honako arteria hauek dira:

  1. Bi goiko arteria timikoak: beheko arteria tiroideotik sortutakoak dira. Bi hauek lobulu bakoitzaren goiko aldetik barneratzen dira.
  1. Bi alboko arteria timikoak: barneko torax arteriaren adarrak dira.
  2. Atzeko arteria timikoa: enbor brakiozefalikoaren adarra da.

Arteria hauek guztiak kapsula timikotik barneratzen dira eta egitura honetatik irteten diren trabekulen artean bideratzen dira. Behin kortex-a eta muina lotzen dituen puntura iristean, arteriak kapilar bihurtu eta kortexean sartzen dira. Mintz-basal lodia izateaz gain, kapilar hauek I motako epitelio zelula erretikularrez inguraturik daude. Hauei esker hesi hematotimiko bat sortzen da eta honen ondorioz, garatzen ari diren linfozitoen eta odoleko makromolekulen arteko kontaktua ekiditea lortzen da.

Odol-zirkulaziotik eratorritako linfozito heldugabeak, kortex eta muinaren arteko lotunean sorturiko sare kapilarretik irten eta kortexaren periferiaruntz bideratzen dira bertan garapen prozesuari hasiera emateko.


Zain-sistemaAldatu

Itzultze-benosoari dagokionez, lehenik eta behin, kapilarrek arku bat sortzen dute eta honen bitartez, kortex eta muinaren arteko lotunera bideratzen da edukia. Bertan sorturiko zainetan dranaitu ostean, beste zain batzuetan drainatu eta trabekulen bitartez kapsula timikora iritsiko da. Horrela, timotik irtengo da eta honen ostean, barneko torax zainetan, perikardio-diafragmetako zainetan, beheko zain tiroideotan eta ezkerreko zain brakiozefalikoan drainatuko da.

Linfa-sistemaAldatu

Ez da timora sartzen den linfa-sistema aferenterik ezagutzen.  Bizkar-muinaren gune peribakularretan sortzen diren kapilare-linfatiko txikiek bat egingo dute hodi handiagoak eratzeko. Azken hodi hauek, zain perilobularen ondotik jarraituko dute kapsulara iritsi arte. Drainatze linfatikoa egiten duten hiru hodi-linfatiko talde bereizten dira, eta guztiak timoaren kapsularen azpian sortzen dira:

  1. Goiko hodi-linfatikoak: beraien atal kaudalak barneko jugular, innominatu edota aurreko mediastino gongoiletan drainatzen dituzte.
  2. Aurreko hodi-linfatikoak: bularrezur alboko (paraesternal) linfa-nodoetan drainatzen dira.
  3. Atzeko hodi-linfatikoak: zintzurreste-bronkioetako linfa-nodoetan drainatzen dira.

Bukaeran, aurreko eta atzeko hodi-linfatikoak elkartu, eta beraien edukia zain jugular eta lepauztai azpiko barneko zain ipsilatereletan drainatzen dute.

InerbazioaAldatu

Timoaren inerbazioa nerbio-sistema autonomoak betetzen du gehien bat. Nerbio-sistema sinpatikoak idun nerbioen bidez eta parasinpatikoak vagus nerbioaren adarren bidez bestetik.

Aipatutako nerbioez gain, diafragma-nerbioak eta idun-plexuaren adar batzuk ere timoaren kapsulan zehar sakabanatzen dira.

PatologiakAldatu

Timo patologiei dagokienez, timo hipoplasiak eta hiperplasiak izango dira gehien bat. Hipoplasien artean, 22q11.2 genearen delezio sindromea da aipagarrienetakoa eta hiperplasien artean, aldiz, timoma eta kartzinoma timikoa.


22q11.2 genearen delezio sindromea:

22. kromosomako 22q11.2 genearen delezioak eragiten duen sindromea da. Delezio honek hainbat sistemen gutxiegitasunak eragiten ditu.

Sintomei dagokionez beste batzuen artean soplo kardiakoa, zianosia, ohiko infekzioak, fenotipo espezifikoa (baraila azpigaratua, belarri baxuak, begi banatuak…), ahosabai arraildura, garapen atzeratua, arnasketa arazoak, tonu muskular baxua eta elikatzeko zailtasunak eta pisua hartzeko ezintasuna ditugu.

Sindrome honekin erlazionatzen diren arazoak anomalia kardiakoak, hipoparatiroidismoa, ahosabai arraildura, arazo immunitarioak, timoaren disfuntzioa, garapen atzerapena eta portaera eta emozio arazoak dira.

Timoaren disfuntzioa da jorratuko dugun atala, hau baita gehien interesatzen zaiguna. Dakigunez, timoan T linfozitoen heltze prozesua ematen da gero defentsa prozesuetan parte hartzeko. 22q11.2 genearen delezio sindromea duten umeetan timoaren hipoplasia edo aplasia eman daiteke. Honen ondorioz timoak tamaina ezegokia (txikiegia) izango du edo ez da egongo, funtzio immunitarioaren gutxiegitasuna dakarrena eta honekin maizko infekzio larriak.

Tratamendu orokorrik ez egon arren, arazo kardiakoak eta ahosabai arazoak konpontzea izango da helburu nagusia. Timoarentzako tratamenduaren aldetik, timo hipoplasia edo aplasiaren eraginez sortutako infekzioak larriak badira, hauei aurre egiteko timo ehun, muin edo defentsarako odol zelula espezializatuen transplantea egingo da.


Timoma:

Timomak timoko zeluletatik eratorritako edozein tumore (hiperplasia) dira, onbera zein gaiztoa izan daitezkeenak. Hau da, timoaren ezaugarri histologiko antzekoak dituzten zelulez osatutako tumoreak dira. Normalean timomak gaiztotasun txikiko tumoreak izaten dira, timoari eraso egiten dioten eta garapen motela duten zelula tumoralez osatuta dagoena. Honen ondorioz, metastasia eragitekotan, metastasi berantiarrak eragiten ditu timoma gaiztoak, minbizia beste ehunetara barreiatzeko zailtasunak dituelako.

 
Birika barruko timoma.

Etiologia ezezaguna du, beraz ez dakigu zein den tumoreen agerpenaren kausa.

Timoma aurreko mediastinoko masen kausa ohikoena izaten da helduetan (%20) eta mediastinoko masen %40-a suposatzen du ere.

Aurkezpen adin tartea 40-60 urte bitartekoa da. Gainera, normalean minik eragiten ez duenez, pazienteen %30a asintomatikoak dira timoma detektatzen zaionean. Beste arrazoiengatik egindako erradiografiengatik topatu ohi dira timomak. Hala ere, sintomen artean eztula, min torazikoa eta disnea (arnasa hartzeko zailtasunak) agertzen dira.

Timomarekin batera sindrome sekundario edo paraneoplasiko batzuk agertuko dira: miastenia gravis, polimiositis, tiroiditis eta Sjögren sindromea autoimmuneen artean, baita globulu gorrien aplasia eta hipogammaglobulemia ere (pazienteen %5-10a izango dituzte azkenengo biak).

Timoma gaixoek tumore sekundarioak aurkezteko arrisku handiagoa dute. Tumore sekundario hauen agerpena eta timomaren berragerpenagatik bizitza osorako jarraipena gomendatzen da.

BibliografiaAldatu

Netter FH (2019) Atlas de anatomía humana, 7ª ed.; Edit. Elsevier

http://www.revhematologia.sld.cu/index.php/hih/article/view/963

https://www.mayoclinic.org/es-es/diseases-conditions/digeorge-syndrome/symptoms-causes/syc-20353543

https://www.mayoclinic.org/es-es/diseases-conditions/digeorge-syndrome/diagnosis-treatment/drc-20353548#:~:text=Aunque%20no%20hay%20cura%20para,o%20la%20hendidura%20del%20paladar.

http://eusalud.uninet.edu/misapuntes/index.php/Enfermedades_del_timo#Timoma

https://www.cancer.gov/espanol/tipos/timoma/paciente/tratamiento-timoma-pdq#_117_toc

https://www.cancer.gov/espanol/tipos/timoma/paciente/tratamiento-timoma-pdq

https://www.mayoclinic.org/es-es/departments-centers/thymoma-specialty-group/overview/ovc-20474852

Standring, Susan, and Henry Gray. Gray's Anatomy: The Anatomical Basis of Clinical Practice. Edinburgh: Churchill Livingstone/Elsevier, 2008