Thomas Klestil
Thomas Klestil (Viena, Austria, 1932ko azaroaren 4a- ibidem, 2004ko uztailaren 6a) austriar politikaria eta diplomatikoa izan zen. Austriako lehendakari 1992tik 2004ra.
Bizitza
aldatuEkonomia-ikasketak egin zituen (1957). Austriako Kantzilertza Federalean lan egin zuen (1957-1959), Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundean gero (1959-1962), eta Austriaren Estatu Batuetako enbaxadan ondoren (1962-1966). Hurrengo hiru urtean Austriako Joseph Klaus kantziler federalaren idazkari izan zen. Haren gobernua erori zenean, diplomatiko karrerari heldu zion berriro: kontsul nagusi izan zen Los Angelesen (1969-1974), Kanpo Arazoetako ministerioko Nazioarteko Harremanetarako Bulegoko zuzendari (1974-1979), Austriako gobernuaren ordezkari Nazio Batuetan (1979-1982), eta Estatu Batuetan enbaxadore (1982-1987). Azkenik, Vienara itzuli zen, Kanpo Arazoetako ministerioko goren mailako funtzionario gisa (1987-1992).
Austriako Alderdi Popularrak Austriako lehendakaritzarako hautagai hautatu zuen 1992an. Klestilek botoen % 56,89 lortu zuen. Nahiz eta konstituzioaren arabera lehendakariaren zeregin politikoa sinbolikoa izan, Klestil Austriako barne- zein kanpo-politikan eragiten saiatu zen. Horrek batzuetan gaiztotu egin zituen Klestilen eta Franz Vranitzky kantziler federal sozialistaren arteko harremanak, baina ezin esan daiteke Klestilek lehendakariaren itzal politikoa zabaltzea lortu zuenik. 1998an Austriako lehendakari hautatu zuten bigarren aldiz, hautagai independente gisa, botoen % 63,5 eskuratuta.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Thomas Klestil |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.