Taktikotasun
Polimeroen kimikan taktikotasunak adierazten du zein den makromolekula baten zentro kiralen inguruko antolamendu erlatiboa. Taktikotasunak ondorioak ditu polimeroen ezaugarri fisikoetan. Egitura makromolekularraren erregulartasunak eragingo dio egituraren zurrutasunari eta ondorioz izaera kristalinoa edo amorfoa. Taktikotasunak ezagutzeak errazten du entenditzea zein tenperaturatan urtuko den polimeroa, zein punturaino disolbagarria den disolbatzaile jakin batean eta bere ezaugarri mekanikoak[1].
Taktikotasuna bereziki adierazgarria da polimero binilikoetan.
Azalpena
aldatuAlkenoen polimerizazioan isomerismoa agertuko da, baldin eta lotura bikoitza osatzen duten bi karbono-atomoetatik bat gutxienez monoordezkatua baldin bada. Etileno monoordezkatu (CH2 = CHR ) baten polimerizazioak beti izango ditu du katean zehar karbono asimetrikorik. Karbono horiek isomeria esteriko (estereoisomeria) baten sortzaileak izango dira.
Katea zigi-zaga jarriz gero plano batean, karbono-atomoek konfigurazio desberdina izango dute H eta R ordezkatzaileek dauden planoaren aldearen arabera. R taldeak aliritzira kokatuta badaude karbono-atomo kiraletan, planoaren alde batean zein bestean, polimeroak ez du ordenarik eta ataktiko esaten zaio. Alabaina, R taldeak planoaren alde batean bakarrik kokatzen badira egitura ordenatua eratuz polimeroa isotaktikoa dela esango dugu. Ordena beste modu batean ere ager daiteke, R taldeak txandaka planoaren alde batean edo bestean kokatzen direnean, sinditaktikoa dela esango dugu.
Etileno 1,1-biordezkatuak
aldatuEtileno biordezkatuetan taktikotasuna ordezkatzaileen kokapenez eta izaeraren menpe dago. Baldin eta ordezkatzaile biak, R eta R' alegia, berdinak badira eta 1,1-karbonoan kokatuta (poliisobutilenoa eta poli(biniliden kloruro)a kasu), orduan ez dago karbono-atomo kiralik. Ordezkatzaileak ezberdinak direnean, berriz, monoordezkatuetan genuen estereoisomeria bera izango dugu.
Etileno 1,2-biordezkatuak
aldatuEtileno 1,2-biordezkatuen polimerizazioak, RCH = CHR', 2-pentenoarena kasu, egoera desberdina ageri du. Honetan sortzen den egitura polimerikoak esteoisomeria duten bi karbono ditu. Hemen, bi karbono isomeriko daudelako, ditaktikotasuna egongo da eta lau egitura estereoerregular defini daitezke.
Bi egitura diisotaktiko ditugu, isomeria esterikoa kokatzen diren lekuak isotaktikoak direnean. Bi horietariko bati treo-diisotaktikoa esango diogu isomeria kokatzen den karbonoek konfigurazio desberdina dutenean. Konfigurazio berdina dutenean eritro-diisotaktikoa esango diogu.
Egitura disindiotaktikoen kasuan bi egitura edukiko ditugu era berean, bata treo- eta bestea eritro-. Baina esan beharra dago biak berdinak direla amai-taldeetan ezik. Horregatik jeneralean egitura disindiotaktiko bakarra balego bezala lan egiten da.
1,3-dienoak
aldatu1,3-butadienoak, isoprenoak eta kloroprenoak jokaera berezia dute. Horiek polimerizatuz lortzen diren polimeroek bai isomeria optikoa zein estereoisomeria izan dezakete. Polimerizazioa bi lotura bikoitzetatik baten bidez gertatzen bada, isomero optikoak lortuko dira. Bi lotura bikoitzetatik aldi berean gertatzen bada, estereoisomeroak lortuko dira.
Etsenplurako, butadienoa polimerizatuz polibutadieno isotaktikoa, ataktikoa eta sindiotaktikoa sinteiza daitezke polimerizazioa 1,2 loturatik jazotzen denean, etileno monoordezkatuen kasuan legez. 2,4-loturatik joango balitz, emaitza bera izango genuke.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b Iruin,J.J. & Elortza, J.M., J.M.. (1988). Kimika fisiko makromolekularra. Udako Euskal Unibertsitatea, 241-251 or. ISBN 84-86967-01-5..