Soledad Estorach

Borrokalari anarkista, Mujeres Libres erakundearen sortzailea

Soledad Estorach Esterri (Albatàrrec, Segrià, 1915eko otsailaren 6a - Bordele, 1993ko martxoaren 14a) borrokalari anarkista izan zen. Mujeres Libres (euskaraz: «Emakume Askeak») mugimenduaren eta Casal de la Dona Treballadora (Emakume Langilearen Etxea) erakundearen sortzaileetako bat izan zen. [1][2]

Soledad Estorach

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSoledad Estorach Esterri
JaiotzaAlbatàrrec1915eko otsailaren 6a
Herrialdea Espainia
BizilekuaBartzelona
Paris
Bordele
HeriotzaParisko 14. barrutia eta Paris1993ko martxoaren 14a (78 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
katalana
frantsesa
Jarduerak
Jarduerakmilitante politikoa, itzultzailea, sindikalista, politikaria eta Erresistentziaren kidea
KidetzaMujeres Libres
Lanaren Konfederazio Nazionala
Frantziako Erresistentzia
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakBigarren Mundu Gerra
Espainiako Gerra Zibila

Biografia aldatu

Lehen urteak aldatu

Soledad Estorach Albatàrrecen (Segrià) jaio zen 1915ean. Bere familian, amaren aldetik, lur-jabeak ziren eta oso elizkoiak. Aita, berriz, helduen irakaslea zen eta Espainiatik kanpo bizi izan zen urte askoan. [1]

Soledadek berak azaldu du herri batean bizi izan arren, berea ez zela izan halako inguru bateko ohiko bizimodua. Aitak idazten eta irakurtzen irakatsi zion, eta gainera, politikoki markatu zuen, garai hartan oso aurreratuak ziren ideiak zituelako. Hamaika urte zituela, bere aita hil zenean, lanean hasi behar izan zuen. Aitaren lagun bat, bera ere irakaslea, bere heziketaz arduratu zen. Hamabost urte zituela Bartzelonara joan zen; horretarako, aurretik ama konbentzitu behar izan zuen familia sostengatzeko eta hezkuntza lortzeko dirua irabazteko argudioarekin. [1][2]

Bartzelonara iristean, lehenik, osabaren dendan lan egin zuen; baina denda itxi behar izan zuten krisi ekonomikoagatik. Gero, neskame ibili zen oso ordainsari eskasarekin eta goizeko 5etatik gaueko ordu batera arte lan egiten. Lan hura utzi eta lantegi batean sartu zen, diru gehiago irabazi eta ikasteko denbora gehiago izateko asmoz. 1930aren amaieran gau eskola batean ibili zen, eta han klandestinitatean zebiltzan Lanaren Konfederazio Nazionala sindikatuko kideak ezagutu zituen. [1][2]

Militante libertarioa: Mujeres Libres aldatu

1931n, monarkia erortzearekin batera, Ateneoko gazte talde batean sartu zen eta hainbat ekintzatan parte hartu zuen, mitinak prestatuz edo haietan parte hartuz. Ekimen kolektibora erabat engaiaturik egon zen eta komunitate-sentimenduak txunditurik. [1]

1934an, CNT-ko zenbait emakumek elkarren arteko laguntza sarea osatu zuten emakumeak sindikatuan jasaten zituen zailtasunen inguruko barne eztabaida batzuen ondorioz. Taldeari Grupo Cultural Femenino (Emakumeen Kultur Taldea) izena eman zioten.[2] Haren eginkizuna ez zen lan erraza izan, komunitate anarkista osoaren laguntza ez baitzuten jaso, proiektua ondo ikusten ez zuen sektore bat zegoelako. Soledad Estorachek, 1936an, taldeko kideekin batera, Olimpia antzokian topaketa bat antolatu zuen taldea ezagutzera emateko. Komunikabide libertarioen publizitate handirik izan ez zuen arren, aretoa beteta zegoen. Bilera hartan eskualde mailako erakunde bat sortzeko oinarriak finkatu zituzten. 1936an, Mujeres Libres de Madrid-ekin izandako harremanaren ondorioz, "Agrupación Mujeres Libres" (Emakume Askeen Elkartea) izena aldatu eta federazio nazionala sortu zuten. Soledadek, bidelagunekin batera, sentsibilizazio kanpainei eta ekintza zuzenei ekin zien: emakumeen sareak, emakumeen arazoei aurre egiteko analisi eta eztabaida topaketak eta etxez etxeko ume-zaintza zerbitzu batzuk. [1]

1936ko Espainiako Gerra aldatu

Uztailaren 18ko altxamendu militarra gertatu zenean, Soledad Eraikuntza Sindikatuan zegoen, Bartzelonako Mercaders kalean, beste kide batzuekin batera. Gizonezko kideak Astilleros kuartela setiatzera joan ziren, eta emakumezkoek, berriz, Casa Cambó eraikina okupatu zuten, handik aurrera Casa CNT-FAI izango zena. Iraultzan, hainbat ekintzatako partaide sutsua izan zen: zinemak errekisatuz sukalde bihurtzeko, fronteko laguntza-lanetan parte hartuz, edo Aragoi, Valentzia (zati bat) eta Kataluniako CNT, FAI eta FIJL (Gazte Libertarioak) erakundeen ordezkari gisa bidaiatuz. [1][2]

1936. urtearen amaieran, Soledad Estorachek, Mujeres Libres (Emakume Askeak) erakundetik, Instituto Mujeres Libres (Emakume Libreen Institutua) sortu zuen. 1937an, Casal de la Dona Treballadora (Emakume Langilearen Etxea) sortu zuten; bere helburua emakumeei prestakuntza teknikoa eta soziala ematea zen. Soledad Tierra y Libertad-en kolaboratzaile ere izan zen. [1]

Erbestea aldatu

1940an Bordelera bizitzera joan zen bere bikotekide Andrés G. de la Rivarekin, eta urte horretan bertan kardiopatia larri batez gaixotu zen.[3] Bost urte geroago, Espainiara itzuli zen klandestinoki, baina laster ihes egin beharko zuen Frantziara, eta han egon zen 1993an hil arte. 1964tik 1976ra Londres eta Montadyn argitaratzen zen Mujeres Libres aldizkari berriaren edizioan kolaboratu zuen. [3]

Soledad Estorach 1993ko martxoaren 14an hil zen Bordelen (Frantzia), bihotzeko gaixotasun larri baten, ondorioz ospitaleratze luze baten ondoren.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h Diccionari Biogràfic de Dones. Barcelona: Associació Institut Joan Lluís Vives Web (CC-BY-SA via OTRS). Soledad Estorach Esterri
  2. a b c d e «SOLEDAD ESTORACH ESTERRI - MUJERES LIBRES | CNT Puerto Real» web.archive.org 2017-03-06 (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).
  3. a b c «SOLEDAD ESTORACH ESTERRI - MUJERES LIBRES» PACO SALUD. Blog de denuncias sociales, políticas y sindicales. (Sindicato Oficios Varios Cnt-ait Puerto Real) 2013-02-08 (Noiz kontsultatua: 2021-06-05).

Bibliografia aldatu

  • Ackelsberg, Martha (1999). Mujeres Libres. El anarquismo y la lucha por la emancipación de las mujeres. Bartzelona. Virus Editorial.
  • Berenguer, Sara (1988). Entre el sol y la tormenta. Treinta y Dos Meses de Guerra (1936-1939). Bartzelona. Seuba argitaletxea.
  • Íñiguez, Miguel (2008). Enciclopedia histórica del anarquismo español. Gasteiz: Isaac Puente Elkartea, Y liburukia. 560. or.
  • Nash, Mary (1975). Mujeres Libres. España 1936-1939. Bartzelona: Tusquets, 87. or.
  • Liaño, Conchita eta beste batzuk. (1999) Mujeres Libres. Luchadoras libertarias. Fundación de estudios libertarios Anselmo Lorenzo.

Kanpo estekak aldatu