San Lazaro eliza (Larnaka)
San Lazaro eliza (grezieraz: Ιερός Ναός Αγίου Λαζάρου, Ierós Naós Agíou Lazárou), Larnaka hirian kokaturiko eraikin historikoa da. IX. mendearen amaieran eraiki zen eta Zipreko Eliza Ortodoxoari dagokio[1].
San Lazaro eliza (Larnaka) | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Zipre |
Zipreren banaketa administratiboa | Larnakako barrutia |
Municipalities of Cyprus Republic | Larnaca Municipality |
Zipreko hiria | Larnaka |
Koordenatuak | 34°54′42″N 33°38′05″E / 34.9117°N 33.6347°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | IX. mendea |
Izenaren jatorria | Lazaro Betaniakoa |
Erlijioa | Church of Cyprus (en) |
Izena | Lazaro Betaniakoa |
Arkitektura | |
Estiloa | bizantziar arkitektura |
Kontaktua | |
Helbidea | Πλατεία Αγίου Λαζάρου, Λάρνακα eta Saint Lazarus square, Larnaca |
Webgune ofiziala | |
San Lazaroren kondaira
aldatuLazaro Betaniakoaren izena darama, Itun Berriaren arabera Jesukristok hilen artetik piztu zuena[2]. Tradizio oertodoxoaren arabera, Kristo piztu ondoren Lazarok Judeatik ihes egin behar izan zuen eta Zipren hartu zuen babesa. San Paulok eta San Bernabek Kitiongo lehen apezpiku izendatu zuten, gaur egun Larnaka dagoen tokian[3]. Esaten denez 30 urte gehiago bizi izan zen eta bigarren aldiz hil zenean San Lazaro eliza dagoen tokian hilobiratu zuten[4].
Historia
aldatuTradizioaren arabera Lazaroren hilobia arabiarren menpekotasuna 642 urtean hasi zenean galdu egin zen. 890. urtean Larnakan hilobi bat aurkitu zen honako idazki honekin: "Lazaro, lau egun hilda, Kristoren laguna"[5]. Leon VI.a Jakituna enperadore bizantziarrak Zesareako apezpikuak hala eskatuta 898. urtean Lazaroren gorpuzkinak Konstantinoplara eraman zituen eta ordainetan haren omenezko eliza eraiki zuen 900. urtearen inguruan[6].
XIII. mendean Laugarren Gurutzadako zaldunek San Lazaroren erlikiak Marseillara eraman zituzten, baina beranduago berriz galdu ziren.
Erdi Aroan Frankoen eta Veneziarren agintepean Erromatar Eliza Katolikoa bihurtu zen eta arkupe gotiko estalia gehitu zioten elizari. 1571ean otomandarrek Zipre konkistatu zutenean meskita bihurtu zen. Ziurrenik orduan bota zituzten behera kanpandorrea eta kupulak[6]. 1589an ordea otomandarrek Eliza Ortodoxoari saldu zioten, hilerri kristauarengatik ziurrenik. Hurrengo mendeetan elizkizun ortodoxo eta katolikoak egin ziren bertan baina gaur egun ortodoxoa da soilik. 1857an otomandarrek eliza kristauei dorreak eraikitzeko baimena eman zioten eta orduan eraiki zen San Lazaro elizaren kanpandorrea[3].
Elizak ikonostasia aipagarria du, 1773-1782 artean landua eta 1793-1797 artean urreztatua. 1970. urtean suak elizaren barnealdearen gehiengoa erre zuen, baita ikonostasiaren zati bat ere. 1972 eta 1974 artean ikonostasia berriztu zuten eta urrez estali[7]. Berrizte lan horietan, 1972ko azaroaren 2an marmolezko hilobi bat aurkitu zuten elizaren azpian eta giza hezurrak zituen barnean. Santuaren erlikiak zirela ondorioztatu zuten eta beraz agian ez zirela Konstantinoplara eramanak izan.
Arkitektura
aldatuElizak oinplano errektangular luzea du, 31'5 x 14'5 m neurriak dituena. Santutegiak hiru zati ditu, barneko absideak erdizirkularrak dira eta kanpokoek hiru alde dituzte. Bost alde dituen abside bat ere badago erdian. Elizaren atarian grezieraz, latinez eta frantsesez idatzitako idazkiak daude.
Elizak barnealdean hiru habearte ditu eta zutabe bikoitz handiek banatzen dituzte. Estiloari dagokionez bizantziarra bada ere, gotiko, barroko eta rokoko estiloen aztarnak ere agertzen ditu.
Ospakizunak
aldatuErramu Igandearen bezperan ospatzen da "Lazaroren larunbata" jaia[5]. San Lazaroren irudia prozesioan eramaten da Larnakako kaleetan zehar haren pizkundea omentzeko[6].
Iruditegia
aldatu-
San Lazaro eliza.
-
Dorrea.
-
Arkupe gotikoa.
-
San Lazaroren hilobia.
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez) «The Church of Saint Lazarus | Larnaca, Cyprus - Fine Art Photography by Nico Trinkhaus» Sumfinity Photography by Nico Trinkhaus (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
- ↑ (Ingelesez) «Online Bible» Biblica 2020-05-13 (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
- ↑ a b «Larnaka Tourism Board (Official Site)» web.archive.org 2011-07-13 (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
- ↑ «Agios Lazaros Church» www.visitcyprus.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
- ↑ a b «Father Demetrios Serfes - Life Of Saint Lazarus» web.archive.org 2009-09-22 (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
- ↑ a b c «Agios Lazaros (Saint Lazarus) - Larnaka Tourism Board (Official Site)» larnakaregion.com (Noiz kontsultatua: 2020-12-07).
- ↑ Dubin, Marc eta Damien Morris. (2002). Cyprus: The Rough Guide (4. edizioa). Rough Guides ISBN 978-1-85828-863-5..
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) San lazaro elizaren webgune ofiziala