San Bernardo (txakurra)

San Bernardo, mendiko txakur handien arraza bat da.

San Bernardo
Txakur arraza
EspezieaCanis lupus familiaris
Jatorria Suitza
 Italia
Altueraarra: 70 cm gutxienekoa
arra: 90 cm gehienez
emea: 65 cm gutxienekoa
emea: 80 cm gehienez
Kumaldiaren tamaina6,8
Katalogo kodea061

Jatorriz, Suitzako Alpeetakoa eta Italiaren iparraldekoa da. Txakur itzain ezagunenetakoa da, Pirinioetako artzakurrarekin batera.

Elur-luizietan eta mendian, oro har, jendea bilatzeko hezten dituzte maiz. Horregatik irudikatzen da sarritan lepoan whisky-upeltxo bat duela; izan ere, elurretatik ateratako biktimak berotzeko-edo balio omen zuen edariak.

Txakur handia, dotorea eta indartsua da. 70-90 cm-ko garaiera izan ohi du, eta 64-120 kg-ko pisua. Moloso motako txakurra da, hau da, gihar sendoak, masailezur indartsua, buru handia eta mutur motza ditu. Ile ugari izaten du, tenperatura hotzetatik babesteko, eta ile gehiago izaten du lepo inguruan eta atzeko hanketan. Ile gorri-marroixka eta zuria tartekatzen dira, eta itzal beltz antzeko bat izaten du aurpegiaren gainaldean eta belarrietan. Buztan luze eta astuna du, beherantz begira dagoena. Begi beltzak edo ilunak izan ohi ditu.

Izaerari dagokionez, noblea, irekia eta sakrifikatua da. Horrez gain, lagunkoia, leiala eta baketsua omen da, eta horregatik esaten da on-puska dela.

San Bernardo Handia hospiziotik datorkio izena. Suitzako Alpeetako izen bereko mendatean dago aterpetxea (2.473 m-an), Italiako mugan. Hospizio hura XI. mendean fundatu zuten fraideek handik pasatzen ziren bidaiari eta erromesak hartzeko. Etxe hartan, San Bernardo arrazako txakurrak erabiltzen omen zituzten fraideek, beren burua defendatzeko eta zaintzeko, batetik, eta neguan bidaiari galduak bilatzeko, bestetik. San Bernardo arrazako txakurrak grafikoki dokumentatuak daude 1695az geroztik, eta haien aipamen idatzia egiten da hospizioko 1707ko kronika batzuetan. Beranduago, XIX. mendean, Napoleon Bonaparterekin mendi-lepo hura gurutzatu zuten soldaduen kontakizunek Europa osoan barrena zabaldu zuten San Bernardo txakurren izen ona.

Kanpo estekak aldatu