Saint-Sardosko Gerra gatazka armatu laburra izan zen, 1324an gertatutakoa Ingalaterrako eta Frantziako erresumen artean. Frantziak garaipen garbia lortu zuen eta, horrek, zeharka, Eduardo II.a Ingalaterrakoa tronugabetzea ekarri zuen. Ehun Urteko Gerraren aurrekaria ere bada.

Saint-Sardosko Gerra
Data1324ko uztailaren 1irailaren 22a
LekuaAkitaniako zenbait herri, tartean La Réole
EmaitzaFrantziar garaipena
Gudulariak
 Frantziako Erresuma  Ingalaterrako Erresuma
Buruzagiak
Frantziako Erresuma Karlos IV.a Frantziakoa;
Frantziako Erresuma Karlos Valoiskoa;
Frantziako Erresuma Gaston II.a Foix-Biarnokoa
Ingalaterrako Erresuma Eduardo II.a Ingalaterrakoa;
Ingalaterrako Erresuma Edmundo Woodstockekoa;
Ingalaterrako Erresuma Hugo le Despenser
Indarra
7,000 25,000

Aurrekariak aldatu

Filipe IV.a Frantziakoaren eta haren semeen erregealdietan, Frantziako monarkiak autoritate handiagoa bereganatu zuen poliki-poliki, erregearen boterea nobleen mesedetan handitu ahala. Horretarako, funtsezkoa izan zen Parisko Parlamentua, bide ematen baitzion jendeari maila apalagoko epaitegietako erabakiak errekurritzeko. Errekurtso horiek koroaren babesean egonik, nobleziaren pribilegio garrantzitsuenetako bat higatzen zen: beren lurren gaineko jurisdikzioarena.

Eduardo II.a Ingalaterrako erregea eta Akitaniako dukea izan zen estutze hori gehien nozitu zuenetakoa. Akitaniako dukea izanik, Gaskonia gobernatzen zuen Frantziako erregearen basailu gisa, Angevinar Inperioak kontinentean izandako azken zatia baitzen. Frantziako erregeek zati hori ere bere egin nahi zuten, eta, hortaz, irrikaz hartzen zuten eskua dukearen eta haren subjektuen arteko gatazketan.

Gatazkak eta negoziazioak aldatu

Gatazka horietako bat Saint-Sardos herri txikian gertatu zen. Herria Akitaniako dukearen jurisdikziopean zegoen, baina han kokatutako beneditar prioretxearen etxe nagusia, Sarlateko abadetxea, aldiz, jurisdikzio horretatik kanpo. 1318an, abadeak eskatu zion Parlamentuari Saint-Sardos dukearen jurisdikziotik kanpo uzteko eta proposatu zuen han bastida bat eraikitzea. 1322ko abenduan, Parlamentuak abadearen alde erabaki zuen. 1323ko urrian, erregearen ordezkari batek Saint-Sardosera ailegatu eta Frantziako erregearen armarria altxatu zuen taket baten gainean.

Bertako lurjabeek ez zuten ongi hartu. Uste zuten bastida berriak beren menpeko nekazariak erakarriko zituela eta, hortaz, irabaziak galduko zituztela. Erregearen ordezkaria ailegatu eta biharamunean, Montpezateko jaunak Saint-Sardos arpilatu zuen. Su eman zion herriari eta ordezkaria taketean urkatu zuen. Gaskoniako seneskala, Ingalaterrako erregearen ofizial gorena, bi egun lehenago bildua zen Monpezateko jaunarekin. Frantziak leporatu zion krimena baimendu izana.

Eduardo II.ak nahikoa lan zuen Ingalaterran, eta ez zuen krisi diplomatikorik sortu nahi Frantziarekin. Bost aste baino gehiago iragan ziren gertatutakoaren berri izan baino lehen, eta, jakin bezain laster, gutun bat igorri zuen, errugabea zela aldarrikatuz eta erruduna kausitu eta zigortzeko aginduz. Bitartean, Parisen, batzorde bat eratu zen gertatutakoa ikertzeko. Gaskoniako seneskalari dei egin zitzaion, baina hark uko egin zion agertzeari. 1323ko abenduan, Eduardo II.ak Parlamentuan zuen ordezkari nagusia atzeman eta atxilotu zuten.

Ingalaterrako enbaxadoreak Karlos IV.a Frantziakoarekin elkartu ziren Limogesen. Erregeak Eduardo II.aren desenkusa onartu zuen, baina ez seneskalarena ez Montpezatena. Agindu zuen bi horiek eta Gaskoniako beste ofizial batzuk bere aurrean ager zitezela 1324ko urtarrilean, baina bakar bat ere ez zen azaldu. Otsailean, legez kanpokotzat jo zituzten, eta Koroak bereganatu zituen haien jabetzak. Tolosako eta Périgueuxko frantziar seneskalei manatu zitzaien Akitaniako dukerrian sartzeko eta Montpezateko gaztelua indarrez hartzeko. Baina manua ezin zen gauzatu, Eduardo II.ak Montpezateko jaunari agindu baitzion gaztelua defendatzeko bere izenean.

Ingelesak saiatu ziren prozedura luzatzen amore eman gabe. Apirilean enbaxada bat joan zen Frantziara bake hitzarmena negoziatzeko, ahal bazen. Baina Karlos IV.ak armadari agindu zion ekainean Moissacen biltzeko, Akitaniako mugan. Enbaxadoreek harrera hotza jaso zuten Parisen. Hastapenean promes egin zuten Montpezat errendituko zela eta Eduardo II.a uztailaren 1era joanen zela Amiensera basailu-jaurespena egitera. Baina Bordelera joan zirenean, jakin zuten Karlos IV.aren jarrerak gaitzidura sortu zuela Akitaniako nobleziaren artean. Enbaxadoreek, orduan, erabaki zuten buru egitea. Frantziako ofizialak esku hutsik itzuli ziren.

Enbaxada berri bat igorri zen, Aymer de Valence buru. Haren helburua zen Karlos IV.a gogatzea jaurespena atzeratzeko, Montpezat errenditzearen truke. Alabaina, Amienseko bidean, Aymer de Valence hil zen bihotzekoak jota. Enbaxada ailegatu orduko, Karlos IV.ak galdutzat deklaratu zuen dukerria.

Gerra aldatu

1324an, erregearen osaba zen Karlos Valoiskoak Akitania inbaditu zuen. Ingelesek defentsa kaxkarra zuten: gotorleku ugarik gizon gutxi zituzten, eta zenbaitek bat ere ez. Zenbait nobleren laguntzarekin (hala nola, Foixko kondea eta Albreteko jauna) eta 7.000 gizonekin, Karlos Valoiskoak erraz asko irabazi zuen gerra sei astean. Hiri gehienak segituan errenditu ziren. Montpezat lehendabiziko egunetan hartu eta eraitsi zuten. Erresistentziarik handiena Kenteko kondeak erakutsi zuen La Réolen, baina irailaren 22an errenditu zuen.

Menia bat hitzartu zen, eta alde bakoitzak sei hilabetez eutsiko zion bereari. Frantziak armada prestatu zuen menia bukatzen zenerako: aramada biltzekoa zen 1325eko maiatzean eta bi adarreko erasoa prestatu zen, batak Saintes hartzeko eta besteak Bordele. Nolanahi ere, Karlos IV.ak ezagutzera eman zuen dukerri osoa ez zuela galdutzat joko Eduardo II.ak Agenais eskualdea lagatzen bazion eta jaurespena egiten bazion dukerriko gainerakoarengatik.

Gerra ondokoa aldatu

Gerrak oihartzun handia izan zuen Ingalaterrako politikan. Negoziatzera erregina joan zen, Elisabet Frantziakoa, Frantziako erregearen arreba. Semea eraman zuen berarekin (Eduardo III.a izatekoa zena), zeinari aitak Akitania eta Ponthieuko konderria utzi baitzizkion. Menia berriak xedatu bezala, printzeak jaurespena egin zion Karlos IV.ari 1325eko irailaren 24an.

Gero, Ingalaterrara itzuli beharrean, Elisabet anaiaren gortean gelditu zen. Han, Eduardoaren aurka zeuden noble batzuekin bildu zen, eta akaso hasi zen amodio harreman batean Roger Mortimerrekin. Elisabet eta bere segizioa 1326ko uztailean abiatu zen Hainautera, non mertzenarioak errekrutatu zituen. Irailean, Ingalaterrara iritsi zen haren armada txikiarekin. Txikia izanik ere, Ingalaterrako baroi gehienek bat egin zuten armada harekin. Erregea eta haren kutuna, Hugo le Despenser, atzeman zituzten. Despenser segituan exekutatu zuten, eta Parlamentuak tronugabetu zuen erregea. 1327ko urtarrilean, Eduardo printzea errege izendatu zuten, Eduardo III.a izenarekin.

Martxoaren 31n bake hitzarmen bat sinatu zuen Karlos IV.arekin. Hari esker, Ingalaterraren esku gelditu ziren Akitanian zituzten lur gehienak, Agenais kenduta. Klausula horrek nahigabea sortu zuen Ingalaterrako baroien artean, eta 1337an Ehun Urteko Gerra piztuko zuten motiboetako bat izan zen.

Kanpo estekak aldatu