Programazio didaktiko

dokumentua non zerrendatzen diren irakatsi beharreko edukiak eta helburuak eta azaltzen diren erabiliko diren denborak, erabiliko den metodologia, erabiliko diren ebaluazio tresna eta irizpideak eta irakas-plangintzako elementuak batzen diren
Artikulu hau hezkuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Programa (argipena)».

Programa, programazioa edo programazio didaktikoa irakaskuntzan ohikoa den dokumentu mota bat da. Irakasgai edo ikastaro batean irakatsi beharreko edukien zerrenda ordenatua, helburuen zerrenda, erabiliko den denboraren aurreikuspena, erabiliko den metodologiaren deskripzioa, erabiliko diren ebaluazio tresna eta irizpideen azalpenak eta irakas-plangintzako elementurik garrantzitsuenak batzen duen dokumentua.

Programazio didaktikoetan ohikoak diren osagaiak

aldatu

Programazio batean, ahal den neurrian, zehaztu beharko dira:

  • Helburu didaktikoak. Helburuak ikasleen gaitasun jakin batzuk garatzen aurrera egitea izango da. Helburuak garatu nahi diren gaitasun edo konpetentziei lotuta egongo dira.
  • Edukiak. Zehaztu beharko da, ahal den heinean, edukien sekuentzia. Nola egingo zaie aurre edukien ikaskuntzari. Aurreikusi beharko da ea edukiak unitate didaktikoetan banatuko beharko diren, ea edukiak proiektuka landuko diren, edukien nukleoak sortuko diren edo beste modu batean landuko diren edukiak.
  • Landuko diren gaitasunak. Azken hamarkadetan, edukiak garatu beharreko konpetentzien oinarrietako bat direla ahaztu gabe, oinarri nagusietako bat, ikasleen benetako helburuak beren konpetentziak garatzea dela sinesten da.
  • Funtsezko konpetentziak. Ikasleek arrakastaz aurrera egin ahal izateko eta bizitzan zehar erronka nagusiei aurre egin ahal izateko, ezinbestekotzat jotzen diren gaitasunak. Pertsona guztiek beren errealizazio eta garapenerako behar dituzten konpetentziak dira, baita herritartasun-aktiboa, gizarte-inklusioa eta enplegua sortzeko behar direnak ere.
  • Konpetentzia espezifikoak.. Arlo eta irakasgai bakoitzeko oinarrizko jakintza beharrekoa den jardueretan edo egoeretan ikasleek baliatzen jakin behar dituzten neurriak. Irakasgaietako oinarrizko jakintzak eta ebaluazio-irizpideak zehazteko elementuak dira.
  • Metodologia. Estrategia didaktikoak. Ikuspegi metodologikoa, metodo eta teknika didaktiko eraginkorrenen aldeko apustua egin beharko: antolatu beharko nola egingo den edukien segida, ze jarduera motak proposatuko diren, proiektuak, unitate didaktikoak, erronkak, ze baliabide didaktiko erabiliko diren, nola taldekatuko dira ikasleak, nola egingo diren espazio fisikoen eta denboren antolaketa, zeintzuk izango diren irakasleen eta ikasleen eginkizuna... Zehaztu beharko da zelako ikuspegirekin egingo diren proposamen horiek, ikuspegi inklusibo batekin, esate baterako. Eta ikuspegiekin batera metodo eta teknika didaktikoak hautatu beharko.
  • Printzipio orokorrak eta pedagogikoak. (Inklusioa, ekitatea, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala...)
  • Ikasleen aniztasunari erantzuteko, errefortzurako eta hedapenerako jarduera orokorrak eta jarduera zehatz batzuk.
  • Antolaketa. Irakasleen arteko koordinazio guneak, koordinazio erabakiak.
  • Baliabideak. Materialak, pertsonak, espazioak, altzariak, gailuak...
  • Taldekatzeak, irakasleak eta ikasleak. Talde txikiak, laukoteak, bikoteak, hirukoteak, bakarka...
  • Espazioa. Non ikasiko dugu. Nortzuk elkartuko gara. Nola elkartuko gara, fisikoki. Irakasleak egongo dira gela egonkorretan eta ikasleak mugituko dira ikasgelatik ikasgelara ala ikasleak egonkor eta irakasleak mugituko dira.
  • Denborak. Zaila da aurretik kalkulatzea zenbat denbora beharko den proposatutako ekintza didaktikoak behar bezala aurrera eramateko, baina aurreko esperientzietan oinarrituriko kalkulu bat egin behar da.
  • Ebaluazioa. Zehaztu beharko da zelako ebaluazio tresnak eta zelako ebaluazio irizpideak erabiliko diren.
  • Ebaluazio tresnak. Esan beharko da ea ahozko edota idatzizko probak, —azterketak—, egingo diren, ea galdetegiak erabiliko diren, ea banakako lanak edota taldeko lanak baloratuko diren, ea zelako behaketa-eskalak erabiliko diren, ea kontrol-zerrendak edo errubrikak erabiliko diren, ea ikasgelako koadernoak, portfolioak, kontratu didaktikoak... erabiliko diren.
  • Ebaluazio irizpideak. Zehaztu beharko da ebaluazio tresna bakoitzaren pisua eta balioa.
  • Ebaluazio adierazleak. Ebaluazio irizpideak definitu, zehaztu edota adostu ondoren, irizpideak noraino bete diren kuantifikatzeko eta estandarizatzeko ahaleginak egin beharko lirateke lorpen-adierazle batzuk zerrendatuz eta definituz.
  • Ebaluazioaren ondorioak. Ikasleen ikasketa prozesua indartzeko eta zabaltzeko neurriak, antolamendu kontuak, curriculum egokitzapenak, egokitzapen metodologikoak, egindako proben eta ariketen emaitzen analisia, plangintza didaktikoaren berrikuspena, ikasleen bigarren edo hirugarren aukeran helburuak lortzeko sistema...
  • Oinarrizko jakintzak edo gutxieneko jakintzak. Arlo eta irakasgai edo eremuetako berezko ezagutza, trebetasunak eta jarrerak dira, edozein pertsonak menderatu edo jakin beharko lituzkeenak. Oinarrizko jakintzak artikulatu edo mobilizatu egin behar dira konpetentzia espezifikoetan definitutako gaitasunekin batera, egunerokotasunean sor daitezkeen problemei aurre egiteko, egoera jakin batzuei, erronka batzuei, aurre egiteko.

Programazio didaktikoak jasotzen dituzten dokumentuetan, ohikoa izaten da, hasiera aldean, programazioa didaktikoaren justifikazioa egitea, eta amaiera aldera, programazioa berrikusteko, programazioa bera ebaluatzeko, eta aldatzeko mekanismoak aipatzea.

Programazio didaktikoa zergatik eta zertarako

aldatu

Urteko programazio didaktikoa irakaskuntzako jarduera profesionalaren parte da, eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua hobetzearekin lotuta dago. Funtsean, ikasleen beharrak eta ezaugarriak balioesten dituen dokumentu bat da, garatu nahi diren konpetentziak aztertzen dituena. Ondorioz, ikasleek arrakasta izateko ahalik eta itxaropen handienak garatzeko irakasle-talde batek hartzen diren erabakiak zehazten ditu. Aldez aurreko hausnarketa horiek doituak eta errealistak izateak bermatuko du, neurri batean, programazioaren kalitatea eta emaitza.

Programazioak zuzenean eragiten dio irakasleen lan profesionalari. Irakasleen eginkizunetako bat da esleitutako arloak, jakintzagaiak eta eremuak programatzea eta irakastea, horrek koherentzia ematen baitio ikastetxeko irakasle-taldeari. Azken batean, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-komunitatea inplikatzen du, curriculum-erabakiak testuinguruan zehaztea adierazten duelako. Beraz, ikasturtean zehar hezkuntza-ekintzari laguntzen dio.

Gainera, programazio didaktikoak arau-eskakizun bati erantzuten dio: ebaluazio objektiboa, hezitzailea eta bidezkoaren aldeko eskubidea bermatzea. Hori ezin da bermatu aldez aurretik ebaluazio-irizpideak eta kalifikazio-irizpideak eskola-komunitatearen eskura jarri ez badira. Izan ere, haien baitan jasotako ebidentzien analisia egingo da, eta horrela neurtu ahal izango da konpetentzia espezifikoen garapena.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu