Preikestolen
Preikestolen (euskaraz "pulpitua") plataforma itxurako harrizko formazio naturala da, Norvegiako hego-mendebaldeko Lysefjorden fiordoaren ertzean kokatua, Stavanger hiritik hurbil. Haitz izugarri horrek Hyvlatonnå du izen tradizionala.
Preikestolen | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 604 m |
Mota | tontor eta amildegi |
Luzera | 25 m |
Zabalera | 25 m |
Geografia | |
Koordenatuak | 58°59′10″N 6°11′19″E / 58.9861°N 6.1886°E |
UTC ordua | UTC+01:00 |
Mendikatea | Eskandinaviako Alpeak |
Estatu burujabe | Norvegia |
Norvegiaren banaketa administratiboa | Rogaland |
Former municipality of Norway | Forsand |
Leku geografikoa | Lysefjorden |
Geologia | |
Material nagusia | Granito |
Fiordoaren gainetik 604 metrora dago: hori dela eta, haitzaren ertzetik fiordoko uretarainoko amildegia ikaragarria da.
Preikestolenen gainaldeak lauki itxura du, eta alde bakoitza 25 metro luze da, gutxi gorabehera. Haitzaren gainaldea ia guztiz laua da.
Norvegiako turismo-ikusgai ezagunenetako bat da.
Nola iritsi
aldatuStavanger da, Norvegiako laugarren hiririk garrantzitsuena, Preikestolenetik hurbilen dagoen hiria. Stavangerretik egunero zenbait ferry abiatzen dira, fiordoaren beste aldean kokaturiko Tau herriarekin komunikatzen dutenak (ordu erdi inguruko bidaia da). Tautik autobusak irteten dira, 20 minuturo Preikestolhytta-rainoko bidea egiten dutenak. Preikestolhytta zurezko etxetxo-multzo bat da, autobusek Preikestolenera doazen bidaiariak uzten dituzteneko aparkalekuaren aldamenean dagoena. Bertatik abiatzen da Preikestolenerako igoera, esperientzia zinez gogoangarria.
Preikestoleneraino igotzeko, oso ondo seinalaturiko bide batetik joaten da, mendi-bidezidorretatik barrena eta laku xarmagarrien artetik. Autobusen aparkalekuetatik hasita, ibilaldiak gutxienez ere lau ordu irauten du, mendizalea sasoi onean egonez gero. Iraupen horretan sartuta dago bi ordu inguruko igoera, gailurrean ordu erdiz egotea eta ordu eta erdiko jaitsiera. Erabateko sasoi onean dagoen mendizale batek hiru orduan egin lezake hori guztia.
Nolanahi ere, bide-tarte batzuk oso aldapatsuak dira; beraz, ez da pentsatu behar ibilaldi hau paseo gogorrago edo samurrago bat soilik denik: hori baino ariketa latzagoa da. Egia da haur txikiak dauzkaten familiek eta pertsona adintsuek ibilaldi hori egitea lortzen dutela, baina horretarako denbora gehiago behar izaten dute; baita egun osoa horretan ematera arte ere.
Ibilbidearen abiapuntua, Preikestolhytta gazte-aterpetxean, 270 metroko altueran dago gutxi gorabehera; Preikestolen 604 metrora dagoenez, garaiera-aldea 334 metrokoa da soilik, eta ibilbidea ez da bereziki luzea (3,8 kilometro); dena den, ibilaldia gogorragoa da datu horien arabera dirudiena baino, bidean zenbait muino igo eta jaitsi egiten baitira.
Kanpo estekak
aldatu- (Norvegieraz [bokmål])(Ingelesez)(Alemanez) Preikestoleni buruzko webgunea