Poliςiaco avisua

1842an idatzitako euskarazko testua

Poliςiaco avisua (gaur egungo grafiarekin, Poliziako abisua) 1842ko irailaren 4an Montevideoko (Uruguai) Le Messager Français egunkarian argitaratu zen euskarazko testu bat da, Amerikan argitaratu zen euskarazko testurik zaharrena.[1] José Antuña Montevideoko buruzagi politiko eta polizialak sinatu zuen abisua, Uruguaiko Gerra Handiaren garaian. Egilea ezezaguna da.[2] 2020ko irailaren 11an berraurkitu zen.[1]

Poliςiaco avisua
Jatorria
Egilea(k)ezezaguna eta José Antuña
Argitaratze-data1842
IzenburuaPoliςiaco avisua
Ekoizpen lekuaMontevideo
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara

Testuingurua eta helburua aldatu

Informazioa ematea beste helbururik ez duen testua da, abisua izaki. Bertan, José Antuña buruzagi polizialak Uruguain bizi ziren euskaldunei zuzendu zien abisua, zeinetan adierazten zitzaien atzerritar gisa bereizi zitzaten kalean, beraien estatuko banderaren koloreak zituen bereizgarri bat eraman zezatela soinean. Izan ere, testua idatzi zen urtean Uruguai Gerra Handian murgilduta zegoen eta Montevideok Manuel Oribek zuzendutako bandoaren erasoa espero zuen berehalakoan. Eraso horri aurre egiteko Montevideon bizi ziren uruguaiarrak errekrutatzeari ekin zion Antuña kide zen bandoak, baina ez zuen arrakasta handirik lortu montevideoarren borondate faltagatik. Atzerritarrak ordea, gerran parte hartzetik salbuetsita zeuden. Hala, errekrutatzeari uko egiten zietenak atxilotzeko agindu zuen Antuñak, baina atzerritarrak atxilotzea ekiditeko (atzerritar ugari euskaldunak ziren), eskatu zitzaien kalean bereizgarri bat eramateko soinean.[2]

Testua aldatu

Jatorrizkoa[2] Euskara batua
« Républica guςia harmetan ca[u]sicen delacots

eta nola hemengo semiac oro cerbiçurat

galdeguinac baetira, penarequin ichusten

dugu badela ainhits orai artecan casuric

eguin estutenac. Gauςa hori dela cau[s]a,

eta nahis evitatu cembait estranyerri policiara[t]

preso yoatia es yaquines cein naçionetacoac

diren. Poliςiaco chefac ordenatcen du egunetic

hasiric estranyer guciec beréen nacionaco

cocarda ibil deçaten, guisa hortan ecaguciaatic

no[r] diren herr[i]co semiac eta nor es.

»

—Ezezaguna

« Errepublika guztia armetan kausitzen delako

eta nola hemengo seme oro zerbitzura

galdeginak baitira, penarekin ikusten

dugu badela anitz orain artean kasurik

egin ez dutenak. Gauza hori dela kausa,

eta saihestu nahiz zenbait kanpotarri poliziara

preso joatea ez jakinez zein naziotakoak

diren, poliziako buruak ordenatzen du egunetik

hasirik kanpotar guztiek beren nazioko kokarda

ibil dezaten, gisa horretan ezagutzeagatik nor diren

herriko semeak eta nor ez.

»

—Euskara batura moldatua

Euskalkia aldatu

Argi dago idazlea Iparraldekoa dela, testuak erakusten dituen ezaugarrietatik ondoriozta baitaiteke:

  • Lexikoarengatik: "chefa", "ainhits", "estranyer", "kokarda", etab. Gainera, Bizkaian eta Gipuzkoan hobesten den "orain" forma erabili beharrean "orai" forma erabiltzen du, baina forma hori Iparraldean erabiltzeaz gain, Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean ere erabiltzen da.
  • Fonologiagatik: hasperena "harmetan", "ichusten", "ainhits", "nahis", "herrico", eta erakusle guztietan.
  • Ortografiagatik: zenbaitetan "ts" eta "s" darabil egun "tz" eta "z" idazten ditugun fonemetarako, frantsesaren ahoskeraren arabera ziurrenik.
  • Gainerakoan, aditz- zein izen-morfologiak ekialde zabaleko hizkera bati dagozkio, baina zehaztasun handiagorik gabe.


XIX. mendearen hasieran lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrek emigratu zuten gehienbat Uruguai aldera, baina 1839an Hego Euskal Herriko biztanleak ere hasi ziren Amerikako herrialde hartara joaten.[2]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Orzaiz, Ion. «Euskarazko 'avisua' Uruguain» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-09-12).
  2. a b c d Irujo, Xabier; Irigoyen, Alberto. (2020-09-04). «Euskaraz idatzitako iragarkia 1842ko Montevideoko prentsan» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2020-09-12).

Kanpo estekak aldatu