Pikondoaren madarikazioa

Pikondoaren madarikazioa, Marko eta Mateoren ebanjelioetan dagoen Jesusen mirarietako bat da, baina ez Lukasenean, ezta Joanenean ere. Markoren testuan bi zatitan agertzen da: lehenengoan, Jerusalemen garaile sartu ondoren eta merkatariak Tenplutik kanporatu aurretik, Jesusek pikondo bat madarikatzen du aurrerantzean antzua izan dadin; bigarren zatian, ziurrenik hurrengo egunean, zuhaitza zimelduta dago, Jesus otoitzaren eraginkortasunaz hitz egitera bultzatuz.

Pikondoaren madarikazioa, ikono batean.

Testua Markon eta Mateon aldatu

Marko 11:12–14 eta 11:20–25[1]:

« 12 Biharamunean, Betaniatik irten zirenean, Jesus gosetu egin zen. 13 Hostotan zegoen pikuondo bat urrutitik ikusirik, bertara joan zen, ea pikurik aurkitzen zuen; baina ondora iristean, ez zuen hostoa besterik aurkitu, ez baitzen piku-sasoia. 14 Orduan, pikuondoari esan zion: «Ez dezala gehiago inork hiregandik fruiturik jan!»

20 Hurrengo goizean goiz, handik igarotzean, pikuondoa sustraietaraino ihartua ikusi zuten. 21 Oroitu zen Pedro, eta Jesusi esan zion:
-Maisu, begira, zuk madarikatutako pikuondoa dena ihartu da.
22 Jesusek erantzun:
-Izan sinesmen Jainkoarengan! 23 Benetan diotsuet: Norbaitek esaten badio mendi honi: «Ken hadi hortik eta amildu itsasora», eta mendiari agindu diona gertatuko dela zalantzarik gabe sinesten badu, halaxe gertatuko zaio. 24 Horregatik diotsuet: Otoitzean eskatzen duzuen edozer gauza, sinetsi lortu duzuela, eta emango dizue Jainkoak. 25 Eta otoitzean ari zaretela, barkatu inoren kontra ezer baduzue, zeruko Aitak ere zeuen hutsegiteak barka diezazkizuen.

»


Mateo 21:18–22[2]:

« 18 Biharamun goizean, berriro hirira zetorrela, Jesus gosetu egin zen. 19 Pikuondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurbildu zen, baina ez zuen aurkitu han hostoa besterik. Orduan, pikuondoari esan zion: «Ez bedi hiregandik gehiago fruiturik sor!»


Eta bat-batean ihartu egin zen pikuondoa. 20 Hori ikusirik, harritu egin ziren ikasleak eta galdetu zioten Jesusi:
-Nolatan ihartu da bat-batean pikuondoa?
21 Jesusek erantzun:
-Benetan diotsuet: Zalantza gabeko sinesmena baldin baduzue, ez duzue pikuondoarena bakarrik egingo; baizik eta mendi honi «Ken hadi hortik eta amildu itsasora» esaten badiozue, halaxe gertatuko da. 22 Otoitzean sinesmenez eskatzen duzuen edozer gauza lortuko duzue.

»


Ikerlari askok uste dute Markorena izan zela lehen ebanjelioa eta Mateok iturri gisa erabili zuela[3]. Markoren eta Mateoren ebanjelioen artean dauden ezberdintasunak ere azal daitezke Mateok Markoren istorioa berregin bazuen, bat-batekotasun hori sartuta[4]. Bat-batean terminoa (antzinako grezieraz: παραχρῆμα) oso oikoa da Lukaren ebanjelioan (10 aldiz) eta Apostoluen Eginetan (6 aldiz)[5].

Interpretazioak aldatu

Kontakizun hauekiko exegesi kristau tradizionalak Jesusen Jainkotasunaren baieztapena barne hartzen du, naturaren gainean duen autoritatea frogatzeagatik. Erreforma Protestantearen pentsamendu tradizionalak, gertaera hau, Jesusek, Jainkoaren eta juduen arteko aliantzaren esklusibotasunaren amaieraren seinale bat zela ezartzen du. Interpretazio honen arabera, zuhaitza nazio juduaren metafora bat da, hau da, kanpoko handitasun jainkotiarraren itxura du (hostoak), baina ez du ezer sortzen Jainkoaren loriarako (frutarik eza). Matthew Henry ministro inkonformistak, adibidez, esan zuen:

« Fruiturik ez zuen pikondoak laster galdu zituen hostoak. Horrek nazioaren eta, bereziki, juduen herriaren egoera adierazten du. Jesus jaunak ez zien ezer aurkitu, hostoak izan ezik. »


Interpretazio hau fruiturik gabeko pikondoaren parabolarekin lotzen da[6].

F. F. Brucek adierazi du pikondoek uztapikuak sortzen dituztela denboraldia baino lehen, denboraldi berean fruitua emango badute. Hori egin ez zuenez, urte hartan ere frutarik ekoitziko ez zuenaren seinale zen. Craig Keener teologia irakasleak atal hauek erabili zituen Mateoren Ebanjelioaren datazio goiztiar baten argudio bezala, soilik Olibondoen Mendiaren gertuko ezagutza zuen norbaitek bere pikondoei pazkoaren inguruan hostoak sortu zitzaizkiola jakingo zuela esanez[7].

Erreferentziak aldatu

  1. Mk 11:12-14 eta Mk 11:20-25
  2. Mt 21:18-22
  3. (Ingelesez) Burkett, Delbert. (2002-07-10). An Introduction to the New Testament and the Origins of Christianity. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-00720-7. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  4. (Ingelesez) Davies, W. D.; Jr, Dale C. Allison. (2004-06-15). Matthew 19-28. Bloomsbury Academic ISBN 978-0-567-08375-3. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  5. «Greek Concordance: παραχρῆμα (parachrēma) -- 18 Occurrences» biblehub.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  6. (Ingelesez) Whately, Richard. (1859). Lectures on Some of the Scripture Parables. Johhn W. Parker and Son ISBN 978-0-598-84954-0. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  7. Keener, Craig S.. (1999). A commentary on the Gospel of Matthew. W.B. Eerdmans Pub ISBN 0-8028-3821-9. PMC 40473792. (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).

Kanpo estekak aldatu