Xabaltx

euskal idazlea
Pantxoa Bergara» orritik birbideratua)
Pantxoa Bergara
Datuak
EzizenakXabaltx
JaioterriaZuraide
Jaiotza data1969ko otsailaren 16a (55 urte)
Musika motaFolk-Rock / Akustikoa / Rock
Webguneahttp://www.myspace.com/xabaltx

Pantxoa Bergara, batez ere Xabaltx goitizenez ezaguna, (Zuraide, Lapurdi, 1969ko otsailaren 16a - ) euskal abeslari, musikagile, olerkigile eta irrati-esataria da. Gaur egun Zugarramurdin (Nafarroa) bizi da.

1986an Mixurekin Ipar Haize pop-folk taldea sortu zuen eta taldea 1989an desegin zuten. Handik aurrera, Xabaltxek bakarkako musika-ibilbideari ekin zion.

Biografia aldatu

1992ko Euskal Kantu Txapelketan egin zen ezagun Pantxoa Bergara. Nortasun handiko kantaria ikusi zuten askok lapurtar gazte harengan, ahots erakargarria borrokarako hitzak jaurtitzeko baliatzen zuena. Aurretik Ipar Haize taldean ibilitakoa zen, Patrick Mixelena Mixu (Sustraia) kantariarekin. Bi urte iraun zuen hark, eta ondoren bakarrik jarraitu zuen Bergarak.

Zuraideko sortetxearen izenetik (Zabaltza) hartu zuen goitizen artistikoa, 1993an, Hendaiako beste bi musikarirekin H2O taldea osatu zuenean: Jakes Rouet (bateria eta perkusioa) eta Manu Badiola (gitarra apala). Kantariak folk-rockari heldu zion proiektu berrian, eta, Jean François Feriol gitarristarekin laukote bihurturik, autoekoitzitako disko batekin plazaratu zen, 1994an: Xabaltx eta H2O. Berez maketa bat zen, baina irratietan jartzeko, konpaktuan argitaratu zuten. Minxoriak taldeak ezagun egindako "Beti taberna huntan", "Ostatu psi", "Sobera laster" eta "Belar hoberena" kantuak zeuden lehen grabazio hartan.

Behin «erromantiko errebelatua» deitu zioten Xabaltxi, eta kantariak gustura hartu zuen definizioa. «Bai, erromantiko bat naizela uste dut, baina erromantikoa izateak ez du erran nahi zoroa eta edozer gauza irensteko prest naizela» (1).

Maketa zenbait diskoetxetara igorri ostean, IZ zigiluarekin kaleratu zuen lehen diskoa, Zalantzak (1998). Diskoa osatzerakoan izandako zalantzei buruz ari zen izenburua, kantu ugari pilatuta baitzeuzkan Xabaltxek, eta haiek antolatzeak buruhausteak ekarri zizkion. Azkenean, diskoaren lehen aldean kantu elektriko eta gogorrak jarri zituen, eta bigarrenean abesti intimistak. Lehen maketako kantu ezagunenak berriz grabatu zituen ("Ostatu sikiatrikoa", "Beti taberna huntan", "Belar hoberena"...), eta Silvio Rodriguez kantari kubatarraren bertsio bat sartu zuen, "Nor zen". H2O taldea deseginda, beste musikari batzuekin grabatu zuen diskoa, tartean Didier Real teklatu jotzailearekin.

Ordurako, kantautore ibilbidea Aistrika plaza taldean aritzearekin eta Baionako Gure Irratiko esatari lanarekin bateragarri egiten zuen Xabaltxek, eta kexu agertzen zen Hegoaldean jotzeko zailtasunez. «Hemengo gazte bat ateratzen bada, musika herrikoiarekin lotzen dute hegoaldiar gehienek. Bertako jendea ez da sobera interesatzen gure gauza berriei buruz» (1).

Hortaz, hurrengo diskoa Baionako Agorila diskoetxearekin argitaratu zuen.[1] Gau erdi pasa eta (2001) hirugarren diskoan, «gauaren, amesgaiztoen, alkoholaren, ostatuaren eta intimismo baten inguruan dabilen mundua» sortu nahi izan zuen Xabaltxek. Diskoaren izenburua kantariaren bizimoduarekin lotua zegoen. Hala aitortuko zuen urte batzuk geroago: «Aspaldidanik banuen lotura hori alkoholarekin, eta txarra zen niretzat! Gazte-gaztetik, 14 urtetarik honat alkohola beti nirekin zela ohartu naiz, drogak baita ere. Horiek duela sei urte utziak ditut...» (2).

Disko horretarako, musikari on asko eraman zituen Xabaltxek grabazio estudiora: Joseba Tapia, Mixel Ducau, Jimmy Arrabit (Itoiz, King Mafrundi...), Natxo de Felipe (Oskorri)... Hala ere, musika ahal bezain sinplea atera zedin saiatu zen, hitzak entzuteko traba izan ez zedin.

Hiru urteko isiltasunaren ostean, pop elektronikoko lan batekin itzuli zen, SMS galduak (Gaztelupeko Hotsak, 2005). Aldaketa handia ekarri zuen aurreko lan guztiekin konparatuta; izan ere, folka alde batera utzita, musika elektronikoan murgildu zen lehen aldiz. Kantuen oinarria etxean ordenagailuarekin landu ondoren, Pascal Garmendia teknikariarengana jo zuen, abestiei azken itxura minimalista emateko. Diskoaren izenburuak diskoaren soinua eta izaera islatu nahi zituen, gaurko irudia eman. Hitzetan, berriz, barneko kontuak eta emozioak modu metaforikoen bidez entzuleari transmititzeko ohiturari eutsi zion lapurtarrak.

2007. urteko urrian, bira bat egin zuen Ingalaterran, Galesen eta Irlandan: bi astean hamar kontzertu eskaini zituen. Urteotan hainbat emanaldi eskaini ditu Xabaltxek, eta guztietatik oroitzapen goxoena Miarritzen Francis Cabrel kantariarekin emandakoak utzi dio. «Beharbada lehen aldia izan da beldur handi batekin, emozio handi batekin aritzen nintzela kantuz» (2).

Mixu Mixelena eta Maialen Errotabehere abeslariekin partekaturiko MXM (Agorila, 2008) izan zen Xabaltxen hurrengo lana. Bakoitzak sortutako kantuak eta herri abesti aski ezagunak grabatu zituen hirukoteak lan horretan. Berau aurkezteko, Argentinan bira bat egin zuten 2008ko urrian. Haatik, Mixuren bat-bateko heriotzak eragotzi zuen elkarlanarekin aurrera segitzea.

2009ko udazkenean kaleratu du bakarkako bosgarren diskoa, Cymeus (Agorila) eta 2016an hurrengoa, Loreak askatu..

Diskografia aldatu

Kolaborazioak aldatu

  • Manex Erdozaintzi-Etxart. Omenaldiko kantaldia II (1994)

Erreferentziak aldatu

  1. (Frantsesez) «Xabaltx - AGORILA» www.agorila.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-26).
  2. «SMS Galduak — Gaztelupeko Hotsak» www.hotsak.com (Noiz kontsultatua: 2018-02-26).

Kanpo estekak aldatu

 
Euskal musika
Artikulu hau Euskal musika Wikiproiektuari lotuta dago. Honelako artikuluekin lagundu nahi baduzu, jo ezazu wikiproiektuaren orrira.