Ireki menu nagusia

Osasun iturria (Amara)

Garai bateko Amarako Osasun iturria.

Osasun iturria Donostiako Amara auzoko iturri historikoa da, egun desagertua.

HistoriaAldatu

Hasieran, Urumea ibaiertzaren zuhaitzez inguratutako leku batean kokatzen zen, gaur Autonomia kalea dagoen lekuan (iturria kale horretako 15. zenbakiaren parean zegoen). 1863. urtean hiriko harresiak bota zirenean, Lehorreko Atearen ondoan, Plaza Zaharrean zegoen iturri gaineko burdinazko lehoia kendu eta Osasun iturriaren gainean jarri zen[1]. Handik gutxira Lasala plazako harrizko iturri zaharraren gainean, kokatu zen. Gaur egun, lehoia Lasala plazako burdinazko oinarri baten gainean dago.

Antzinako herritarren ustetan, iturriko ura osasuntsua zen eta hortik zetorkion izena.

Eugenio Arruti[2] margolariak “Osasun iturria” izenburuko koadroan aurkezten duen Osasun iturriak hiru tutu zituen. Tutuak harrizko euste-horma batean jarrita zeuden, Pela edo Peseta mendia deitzen zuten muinoaren oinetan.

1881. urtean Osasun iturriko latsarri edo harraska egiteko lanak bukatu ziren. Arazoak sortu ziren garbitzen zenean paseatzaileak bustitzen zirelako. Hamar urte beranduago, eguraldi txarrarengatik, auzokideek Udalari eskatu zioten latsarria estaltzea [3].

1890. urtean arazoak itzuli ziren. Iturria hobetzeko lanak egin ziren baina iturria itxita egon zen, gainean zegoen etxeko putzu beltzeko urak iturriko urarekin nahastu zirelako. Abuztuaren 18an uraren kalitate onaren aldeko irizpena eman zuen udal laborategi kimikoak[4].

 
Gaur egun Easo plazan dagoen Osasun Iturriaren erreplika

Igandetan eta jai egunetan donostiar familia asko biltzen ziren iturriaren ondoan. San Juan gauean adibidez, iturriaren inguruetan suak pizten ziren eta Donostiako nerabeak bertan elkartzen ziren. Eguna argitzerakoan, soinujoleen musikari esker leku biziduna bihurtzen zen. Txurro eta pattar postu ugari kokatzen ziren jaiaren erdian. Osasun iturria hor zegoen “su” guztiak asetzeko[5].

1905ean, udal ingeniariak Donostiako iturriei buruzko txosten bat aurkeztu zion Udalari iturria kentzea hobe zela esanez. Argudiatzen zuen ez zela ur biltegi nagusiko urarekin elikatzen, uraren jatorria ezezaguna zela eta gaixotasun jatorri izan zitekeela. Beste bertsio batek zioen, inguruetan ospatzen ziren jai paganoekin bukatzea zela helburua.

Kontuak kontu, Udalak iturria itxi eta hango orubeak saltzea erabaki zuela. Lur horiek bizilagun batzuk erosi zituzten, besteak beste, Treku jaunak (gero Foru Aldundiko presidentea izango dena). Horrela Autonomia kalea eta hango etxeak eraiki ziren. Osasun iturri hura luzaroan egon zen Autonomia kaleko 15. Zenbakiko biltegian gordea, etxeko hormaren eta Osasun Iturria kaleari eusten zion hormaren artean, Pedro Camararen ikatz biltegian bertan[6].

Easo plazan, antzinakoaren antzeko erreplika den iturri bat dago. Iturri berri hau harrizkoa da eta hiru lehoien ahotik ura ateratzen da[7].

ErreferentziakAldatu

  1. Muñoz Echabeguren, Fermín: El agua potable en la historia de San Sebastián. San Sebastián: Aguas del Añarbe, S.A., [2003]
  2. http://www.euskomedia.org/aunamendi/5527
  3. Donostiako Udal Agiritegi Historikoa. Sección D, Negociado 10, Serie XII, Libro 1929, Expediente 2 (1881-1900), Relativo areparaciones y cubrición de los lavaderos de la Fuente de la Salud y San Martín, y a la ampliación del primero
  4. Donostiako Udal Agiritegi Historikoa. Sección D, Negociado 17, Serie II, Libro 2007, Expediente 10 (1881-1936), Fuentes en el barrio de Amara: solicitudes de instalación, conservación, análisis de aguas
  5. San Sebastián: revista anual ilustrada, 1935-01-20
  6. San Sebastián: revista anual ilustrada, 1935-01-20
  7. Fermín Muñoz Echabeguren: Edateko ura Donostiako historian. Donostia: Añarbeko urak, [2003]

Kanpo estekakAldatu