Nanteos Kopa (galesez, Cwpan Nanteos) Erdi Aroko kopa bat da. Jesukristok azken afarian kopa horretatik edan omen zuen.

Nanteos Koparen antzeko eta mende bat lehenagoko kopa bat

Testuingurua aldatu

Ingalaterran, 1533an, Henrike VIII.a Anne Boleynekin ezkondu zen Eliza Katolikoaren baimenik gabe. Orduan, parlamentuak Aita Santuaren aginpidea deuseztatu zuen eta erregea buru zuen Eliza Anglikanoa sortu zen. Henrikek abadetxe katolikoen aurkako jazarpen kanpaina abiatu zuen, ahalezko erresistentzia gunetzat baitzituen.

Koparen historia aldatu

1539an, Glastonburyko abadeak monasterioko ondasun preziatuena hartu eta hainbat fraiderekin batera ihes egin zuen, erregearen mandatariak iritsi baino lehen. Hasieran, Cardiganshireko Strata Florida abadetxeak eman zien babesa fraide iheslariei. Baina erregearen atzaparrak bertaraino luzatzear zeudela, berriro alde egin behar izan zuten[1].

Galeseraino joan ziren eta Powell familiak Nanteos etxaldean eman zien aterpe fraideei eta zeramaten altxorrari. Altxor hura, berez, olibondo egurrez egindako edontzi zati bat baino ez zen. Kontua da Jesukristok azken afarian kopa horretatik edan omen zuela eta hura hil ondoren Arimateako Josek Britainiara eraman omen zuela. Grial Santua zen, alegia[1].

Nanteos Kopa izen bereko etxaldean geratu zen mendetan, eta erromesaldi gune bilakatu zen ia, egur puskak sendatzeko ahalmena omen duelako. Azken urteetan kopa Steadman sendiaren eskuetan egon da, banketxe bateko kutxa gotorrean gordeta. Baina berriki, ontziak sendatze jarduerari heldu dio berriro, eta 2014ko uztaila hasiera arte gaixo dagoen emakume baten etxean egon da, Weston-under-Penyard herrian (Herefordshire, Ingalaterra). Itxuraz, kopak ez zuen emakumearen osasunean eraginik izan eta emakumea ospitalera eraman behar izan zuten[1].

Jabea kanpoan zela baliatuta, lapurrak emakumearen etxera sartu ziren uztailaren 7a eta 14a bitartean eta Nanteos Kopa ostu zuten. Orduz geroztik West Merciako poliziak Grial Santuaren bila dabiltza, ustezko Grial Santuaren bila, behintzat. Izan ere Nanteos Kopa aztertu duten adituek XV. mendean datatu dute pieza. Henrike VIII.aren jazarraldia baino mende bat lehenago, eta Jesus Nazaretekoak azkenekoz afaldu eta 1.400 urtera[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Nagore Irazustabarrena, «Grial Santuetako bat lapurtu dute», Argia, 2014-08-03, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak aldatu