Milton Hyland Erickson (Aurum, Nevada, 1901eko abenduaren 5a-Phoenix, Arizona, 1980ko martxoaren 5a) mediku psikiatra estatubatuarra izan zen, ospe handia lortu zuena hipnosi klinikoa erabiliz psikoterapiaren arloan. American Society for Clinical Hypnosis (ASCH) erakundea sortu zuen 1957an, hipnosi klinikoaren arloan erakunde erreferentziala osasun mentaleko profesionalentzat [1].

Milton H. Erickson

Bizitza
JaiotzaAurum (en) Itzuli1901eko abenduaren 5a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaPhoenix1980ko martxoaren 25a (78 urte)
Hezkuntza
HeziketaWisconsingo Unibertsitatea Madisonen
Hizkuntzakingelesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakpsikoterapeuta, hypnotist (en) Itzuli, hypnotherapist (en) Itzuli, psikologoa, psikiatra eta idazlea
Jasotako sariak

Discogs: 1383436 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

Erickson Nevadako Aurum herrian jaio zen, 1901ean. 17 urterekin poliomielitis larria harrapatu zuen. Gaitz honek bere bizitza sakon markatu zuen, eta ondorio larriak utzi zizkion betiko maila neuromuskularrean. Hala ere, bere baitan aplikatu zituen autosugestioaren prozedurei esker, patologia latz horretatik hobetzeko gai izan zen [2] [3]

Bere osasun-hobekuntzaren ondoren, Wisconsin-Madison unibertsitatean medikuntza eta psikologiaren ikasketak uztartu zituen, gradu bikoitza eskuratuz. Ordurako hipnosiak bere arreta osoa erakartzen zuen, eta Clark Hullen laborategian hipnosiari buruzko bere ezagutzak hobetu zituen.

XX. mendeko 40ko eta 50eko hamarkadetan Ericksonek bere ekarpen zientifiko gorenak garatu zituen. Psikiatriako irakaskuntza, AEBetako hainbat unibertsitateetan, psikoterapeuta gisa bere kontsultan egindako lanarekin uztartu zituen. Irakasle eta terapeuta gisa onarpen eta ospe zabala lortu zituen nazioarteko psikiatren eta psikologoen artean.

Bere gaztetako gaitzaren ondorioek bere bizitza asko baldintzatu arren (min kronikoa pairatzen zuen eta gurpildun aulki batean amaitu zuen) bizitza oso aktiboa izan zuen hil arte. Bere esanetan, egunero praktikatzen zuen autohipnosiak asko lagundu zion poliomielitisaren ondorio berantiarrei aurre egiteko [4].

Ekarpen zientifikoak

aldatu

Ericksonek bere psikoterapiaren eskola propioa sortu zuen, psikoanalisitik, konduktismotik edo terapia sistemikotik at. Inkontzienteari garrantzi handia ematen zion, baina ez zuen partekatzen Freuden teoria psikoanalitikoa inkontzienteari buruzkoa. Hipnosiaren eta sugestioaren bidez inkontzientean eragiten saiatzen zen, bertan dauden baliabideak direlako arazo psikologikoei aurre egin diezaieketenak, haren iritziz [5]. Ez zion hainbeste garrantzirik ematen arazo psikologikoen iturriei bilatzeari, inkontziente berak arazo horiek konpontzeko ahalmena duelako era egokian lantzen denean.

Hipnoterapia tradizionalaren aldean Ericksonenak ez du uste beharrezkoa denik hipnosi sakona lortzea inkontzientera iristeko. Sugestio hutsak nahikoa dira pentsamenduetan, emozioetan zein jokaeran aldaketa bat eragiteko [6].

Ericksonen tratamenduak ez ziren oso ortodoxoak bere garaian; are gehiago, erradikalak ziren. Bereziak ziren oso, baina eraginkorrak, eta egoera indibidualetara moldatzen ziren gorputz teoriko bati jarraitu beharrean [7]. Hipnosi klinikoa erabiltzen zuen komunitate medikoak tresna hori gogor gaitzesten zuen garaian, aitzindari bat izanik.

Erreferentziak

aldatu
  1. Heron, William T. (1963-04-19) American Society of Clinical Hypnosis Science. 140 (3564): 321–323
  2. Hayley, J. (1968). Advanced Techniques of Hypnosis and Therapy: Selected Papers of Milton H. Erickson M.D. New York: Grune and Stratton Publishers. 1-6 orr. ISBN: 978-0808901693
  3. Milton H. Erickson & Ernest Rossi, «Les expériences d'autohypnose de Milton H. Erickson», The American journal of clinical hypnosis, 1977ko uztaila, 20, 36-54 orr.
  4. Montagud Rubio, N. Milton H. Erickson: biografía de este investigador de la hipnosis Psicología y Mente (2020ko ekaina)
  5. Milton Erickson Erickson Instituto
  6. Montagud Rubio, N. Milton H. Erickson: biografía de este investigador de la hipnosis Psicología y Mente (2020ko ekaina)
  7. Dodson, Julie How Milton Erickson revoluzionited moder therapy Betterhelp (2024ko apirila)