Mendeurreneko Monumentua (Donostia)

Donostian egon zen monumentua

Mendeurreneko Monumentua Donostian 1913an Alderdi Ederren eraiki zen oroigarri monumental bat izan zen, Donostiako Setioaren eta hiriaren berreraikuntzaren hasieraren 100 urte igarotakoan oroitzeko egina. Eskultura multzo polemikoa suertatu zen eta ez zuen asko iraun: 1924an eraitsi zuten, eta bere pieza osagarrietako batzuk hiriko zenbait gunetan barreiatu ziren, eta 21. mendean ikus daitezke han-hemenka haietarik batzuk.[1]

Mendeurreneko Monumentua (Donostia)
Kokapena
Koordenatuak43°19′15″N 1°59′05″W / 43.3207494°N 1.98469303°W / 43.3207494; -1.98469303
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1913
Arkitektura
Dimentsioak13.500 (altuera) cm

Historia

aldatu

1912an antolatu zuen Donostiako Udalak monumentu bat sortzeko lehiaketa publikoa, eta azkar ebatzi eta eraiki zen, 1913an inauguratu baitzen. Aurkeztu ziren proiektuen artean Zubieta izenez proposatutakoa izan zen garaile eta huraxe eraiki zen, Francisco Javier de Luque eta Julián Apraiz arkitektoen proiektu bat.

Alegoria nagusia izan zen Setioa baino gehiago, hiriaren berreraikuntza sinbolizatzea, eta Zubietako Batzarrak, hiriaren berreraikuntzarako funtsezkoak, agerpen nabarmena zuen multzoan.

Monumentuak itsasora ematen zuen aldean Maria Kristina erreginaren eskultura bat zeukan (Joan Piqué i Carbó eskultorearena), eta hirira begirako aldean Zubietako batzarra irudikatzen zuen multzoa. Erdian, zutabe handi bat zen eta gaineran koadriga urreztatu bat Easo Ederrak gidatua.[2] Eskulturetako batzuk José Riu artistarenak ziren.

Lanak 1913ko urtarrilean hasi ziren eta ez zeuden amaituta irailaren 1eko inaugurazio ofizialerako. Adibidez, Zubietako frisoa igeltsuz egina zegoen orduan, eta gero osatu zen marmolez.

Monumentuak kritikak jaso zituen berehala. Garaiko euskal arte kritikari ezagunenetakoak, Juan de la Encinak, "harri pilaketa negargarria" iritzi izan zion 1919an. 1921ean eraso bandalikoa jaso zuen eraikuntzak, eta 1922an Udalak eraldaketak egiteko batzorde bat osatu zuen, zeinak gomendatu zuen eraistea. Hiritar batzuek monumentuari eutsi nahi izan zioten, baina Udalak eraistea erabaki zuen 1923ko abenduan, eta 1924ko urtarrilean hasi zen. Piezetako batzuk barreiatu egin ziren hirian zehar, eta 21. mendean soldaduen eta kanoien multzo bat Ingelesen Hilerrian ikus daiteke, eta Zubietako frisoa eta beste irudi batzuk Ateak eskulturan, Amarako errotonda batean.[1]

Iruditegia

aldatu
 
Monumentuaren kokapena.
   
Zubietako Batzarra monumentu originalean, eta haren zatiak 21. mendean Ateak eskulturan.


   
Soldaduak kanoiarekin, eta Ingelesen Hilerrian ikus daitezkeen hondarrak.


Erreferentziak

aldatu
  1. a b Arregui Barandiaran, Ana. (2023-09-26). «Monumento al Centenario de Donostia-San Sebastián (1913-1924)» Ars Bilduma: 111–125.  doi:10.1387/ars-bilduma.24901. ISSN 1989-9262. (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).
  2. Ais, José Ramón. «Tras el Centenario» joseramonais.com (Noiz kontsultatua: 2024-07-23).

Kanpo estekak

aldatu