Maskulinitate
Maskulinitatea gizonekin lotzen diren portaera, jarrera eta rolen multzoa da. Maskulinitatea eraikuntza sozial eta sinboliko bat da, eta ondorioz bereiztu egin behar da alde batetik maskulinitatea, eraikuntza sozial gisa, eta bestetik, gizonaren sexu biologikoa. Maskulinitatea eta generoa bereiztea beharrezkoa da baita, izan ere, maskulinitateak genero identitatearekin eta generoaren adierazpenarekin (edo espresioarekin) du zerikusia. Guzti honengatik posiblea da, hain zuzen ere, emakume batek jarrera eta jokabide maskulinoak izatea.
Tradizionalki gizonei berezko ezaugarri gisa zenbait ezaugarri atxikitu zaie: ausardia, independentzia edo asertibitatea besteak beste. Baina, ezaugarri hauek testuinguru historiko, sozial eta kulturalaren arabera aldatu daitezke [1]. Horregatik, aurreko ezaugarriez gain, beste ezaugarri asko atxikitzen zaie tradizionalki gizonei: gizontasuna, anbizioa, agresibitatea, lehiakortasuna, segurtasuna, arrazionaltasuna, biolentzia erabilpena, emozio eta afektibitatearen auto-errepresioa, gihartsuak eta gaitasun intelektualak izatea eta abar. Hortaz, orokorrean, gizonen sozializazio prozesuan ezaugarri hauek eragina dute, eta gizon batzuk barneratu egiten dituzte, beste batzuk ez dituzte barneratzen eta beste batzuk maskulinitatearen eta feminitatearen arteko iragatean daude genero identitatea eta espresioa ez direlako estatikoak.
Gizonek presio sozial handia jasaten dute aurreko ezaugarri hauen arabera moldatzeko, alegia, azkenean gizon hori gizonetaz espero dena (liderra, indartsua, arrazionala eta abar izatea) bilakatzeko. Horregatik, espektatiba sozial horiek betetzen ez direnean eta beraz maskulinitate disidenteekin topo egiten dugunean, jarrera biolento, diskriminatzaileak eta errepresiboak agertzen dira. Halaber, errepresioa eta diskriminazioa aktibatu egiten dira baita jarrera maskulinoak erakusten dituzten emakumeak agertzen direnean ere [2].
Emakume zein gizonek izan ditzakete ezaugarri eta jarrera maskulinoak. Ezaugarri maskulinoak zein femeninoak erakusten dituzten gizabanakoei androgino deitzen zaie, eta Judith Butler bezalako teorialari feministek, argudiatu dute genero-anbiguotasunak identitate sexualaren banaketa binario eta normatiboa desitxuratu eta transgreditu dezakeela [3][4].
Sexu maskulinoaren eta boterea edukitzearen artean erlazio natural bat existitzen delaren ideia barne hartzen du maskulinitate hegemonikoak, eta jakina, posizio honek batez ere gizonen eta emakumeen arteko harremanari eragiten dio. Ideologia honi matxismo deitzen zaio. Matxismoak gizonentzako eta emakumeentzako ondorio oso larriak dauzka, baina maskulinitateei erreparatuz, azpimarratu behar da matxismoak baldintzatu egin dituela gizonek garatzen dituzten zenbait portaera, hala nola, matxismoak bultzatu egin ditu gizonen artean arriskuarekin, erantzukizun faltarekin eta biolentziaren erabilpenarekin lotutako jarrerak. Gaur eguneko gizarteetan ideologia matxista ofizialki gaitzetsi egiten da, baina gaur egun praktikan gizonen eta emakumeen artean ezberdintasun asko egoten jarraitzen dira, eta gainera, atzean, matxismoa betikotzeko interes asko daude.
Maskulinitatearen garapena
aldatuMaskulinitatearen izaera: naturala vs soziala
aldatuAskotan eztabaidatu da ea maskulinitatea biologikoa edo eraikitakoa den. Maskulinitatea sexuarekin erlazionatzen dutenentzat maskulinitatea gizonen genitalek determinatzen dute. Beste era batera esanda, ikuspegi honen arabera, biologikoki gizon jaio denak nahitaez jarrera eta jokabide maskulinoak izango ditu [5]. Beste batzuentzat aldiz, maskulinitatea ezin da sexuarekin lotu, eta maskulinitatea eraikuntza sozial eta kultural bat dela iradokitzen dute.
Gaur egun eztabaida hau gaindituta dagoela esan daiteke. Ikerlarien arabera maskulinitateak jatorri biologiko eta sozialak ditu; hau da, ezaugarri biologikoak eta faktore sozialak intersekzionatzen dira genero identitate maskulinoak sortuz [6]. Ikerlarien ustez sexuen arteko ezberdintasun naturalak areagotu egiten dira faktore sozialen ondorioz [6][7][8]. Esate baterako, askotan esan da gizonak emakumeak baino indartsuagoak direla; baina ez da kontuan hartzen gure gizarteetan gizonek egindako kirola askoz gehiago estimulatzen dela. Ondorioz, esan daiteke faktore sozialen ondorioz emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak betikotzen direla.
Maskulinitatearen eraikuntza soziala
aldatuMaskulinitatea eraikuntza sinboliko bat den ildoan, ikerlari askok maskulinitatearen eta feminitatearen izaera performatiboa azpimarratzen dute [9][10][11]. Generoaren "performace"ak ez dira nahitaezkoak izan behar, eta baliteke generoa performatzen ari den gizabanakoa horretaz kontziente ez izatea; izan ere, genero sozializazioaren ondorio bat da bakoitzaren generoa natural edo biologikoki emandako gisa sentitzea.
Bestalde, generoaren eraikuntza sozialaren ikuspegitik generoa continuum bat bezala kontzeptualizatzen da. Hau da, gizabanako bat ez da maskulinoa edo femeninoa bakarrik, haatik maskulinitateari eta femenitateari atxikitutako ezaugarriak bildu ditzake gizabanako batek aldi berean. Horregatik zenbait emakumek jarrera eta jokabide maskulinoak dituzte; maskulinitatea ez da gizonek eskluboki bereganatutako zerbait, maskulinitatea emakumeetan posiblea da baita.
Maskulinitatearen espresioa bizitzan zehar aldatu daiteke eta testuinguruaren arabera baita. Esate baterako, beste testuinguru batzuekin konparatuz gero, baliteke kirolean tradizionalki maskulinitatearekin lotu diren ezaugarriak agerikoagoak izatea parte hartzaileen artean[12]. Baina kirolean jarrera agresiboak adierazten dituzten gizabanakoek, gero, familiaren testuinguruan maskulinitate lasaiago eta pazifikoago bat espresatu dezakete. Maskulinitateak klase sozialaren arabera ere aldatu daitezke. Zenbait ikerketek iradokitzen dute langile klaseko maskulinitatearen eraikuntza klase ertaineko mutil eta neskena baino normatiboagoa dela[13][14]. Beraz, testuinguru eta konparaketa hauek erakusten duten bezala, ezin daiteke baieztatu maskulinitatearen eraikuntza bakarra existitzen dela, baizik eta maskulinitate anitz daudela [15]. Elisabeth Badinterrek bat egiten du aurreko ideiarekin baita; ez dagoenez identitate bakar bat ezin da eredu maskulino unibertsal bat existitu, kontrara, identitate maskulinoen aniztasun heterogeneoa dago. Gainera, identitate maskulinoa eraikuntza sozial bat denez, bere bertsio guztietan ikasi egiten da, eta ondorioz aldatu egin daiteke[16].
Simone de Beauvoirrek esan zuen: "Ez da emakumea jaiotzen: egin egiten da" azaltzeko emakumea eta feminitatea mito bat direla, eraikuntza bat, patriarkatuak emakumeen zapalkuntza legitimatzeko modu bat. Aldi berean, sexua eta generoaren arteko bereizketa ezarri zuen, bere asmoa zen emakumea generoaren kontzeptuarekin erlazionatzea, alegia, aldaketak izan ditzakeen kategoria politiko eta analitiko, eta ez sexuarekin lotutako kategoria biologiko gisa, non emakumeak ez daukan iragaterako aukerarik. Baina, emakumea mito bat den bezala, gizona ere mito bat da, hala iradokitzen du Ritxar Bacetek, eta horregatik Simone de Beuavoirren esaldi famatua parafraseatuz, esan daiteke baita gizona ez dela jaiotzen, egin egiten dela [16].
Maskulinitatea emakumeetan
aldatuNahiz eta maskulinitateari buruz hitz egitean, askotan, maskulinitatea emakumeetan gaia baztertu eta beste alde batera begiratzen den, emakumeek ere jarrera eta jokabide maskulinoak adierazi ditzakete [17][18]. Mendebaldeko gizarteetan emakume maskulinoei modu peioratibo batean marimatxo identitatea atxikitu zaie. Gainera, nahiz eta zerikusirik ez izan, askotan emakumeen maskulinotasuna lesbianismoarekin lotu da; baina hori estereotipo hutsa da, jarrera maskulinoak edukitzeak ez duelako zerikusirik sexualitatearekin. Bestalde, filosofia feministan, emakumeek egiten dituzten jarrera maskulinoen adierazpenak rol tradizionalen eta gizonen dominazioari aurre egiteko ariketa performatibo bat bezala ezaugarritzen dira [19].
Mugimendu feministaren eraginari esker jarrera maskulinoak adierazten dituzten emakumeek gero eta onarpen sozial zabalagoa daukate gure gizarteetan; hala ere emakume hauek oraindik estigmatizatuta daude eta ondorioz irainak eta burlak jasan behar dituzte. Bestalde, maskulinizatuta dauden kiroletan aritzen diren emakumeek jarrera sexistak eta burlak jasan behar dituzte. Ritxar Bacetek, esate baterako, Espainiako futbolaren eremuan (baina futbolaren egoera mundu osoan nahikoa antzekoa da) gertatzen diren jarrerei buruz hitz egiten du. Bere ustez gaur egun futbolak emakumeak diskriminatzen ditu, homofobia eta arrazismoa onartzen du, eta indarkeria eta agresibitatea onartzen ditu [16][20][21]. Beraz, oso maskulinizatuta dauden kiroletan emakumeek administrazioaren diskriminazioa, zaleen irainak, eta hedabideen atentzio eta interes falta sufritzen dute.
Bestalde, nahiz eta kirol gehienetan tradizionalki gizonekin erlazionatutako ezaugarriak azpimarratzen diren, kirolean aritzen direnen emakumeengandik espero da feminitearekin lotutako arauak jarraitzea. Emakume/atletaren paradoxa deitzen zaio fenomeno horri.
Maskulinitateari buruzko teoria modernoak
aldatuMaskulinitate hegemonikoa
aldatuMaskulinitate hegemonikoa kontzeptua Raewyn Connell soziologoak popularizatu zuen, eta gizonaren posizio dominatzailea eta emakumearen mendekotasuna bultzatzen duten praktiken multzoari egiten dio erreferentzia.[22] Gizonen rol eta pribilegio tradizional maskulinoen multzoak osatzen dute maskulinitate hegemonikoa.
Maskulinitate hegemonikoaren barruan gizonei berezko ezaugarri gisa atxikitutako ezaugarriak dira: gizontasuna, nagusitasuna, lidergoa, sendotasuna, lehiakortasuna, boteretsua izatea eta beste hainbat. Honek ondorioak ditu lan munduan sexuaren araberako lan banaketa gertatzen delako: gizona, lan produktiboaren munduan, lan indarrarekin eta lidergoa eta boterearekin erlazionatutako posizioak (politikaria, enpresaburua eta fabrikako langilea besteak beste) okupatzera bideratzen da, eta emakumeak, bitartean, zaintzarekin eta erreprodukzioarekin lotutako posizioetara (etxekoandrea, irakaslea, erizaina, zaintzailea eta abar). Lanaren segregazioak zeregin jakinetarako pertsona ezgaiak produzitzen ditu, hala nola, sukaldean aritzen ez dakiten gizonak edota entxufe bat aldatzen ez dakiten emakumeak.
Maskulinitate hegemonikoaren eredua Ilustrazioaren garaian birformulatua izan zen eta Industria Iraultzan egonkortu zen.[16] Industrializazio garaian gizonak bere lanarekin bere familia sostengatu behar zuen ideia oso zabalduta zegoen. Gizonak dirua irabazten zuen bitartean, emakumea etxeko eta umeen zaintzaz arduratzen zen. Gizonaren rol tradizionala "breadwinner" izenez ezagutzen da eta emakumearena "caregiver" bezala. Gaur egun, lanaren banaketa tradizional hau gero eta murriztuagoa da; emakumeentzako destino nagusia ez da etxekoandrea izatea jada, lan merkatua baizik. XX. mendearen amaieratik emakumeen inkorporazio masibo bat gertatu da lan-merkatuan. Horrek ez du esan nahi berdintasuna lortu denik, besteak beste genero-rolen banaketa mantentzen da, oraindik emakumeak gizonak baino gehiago arduratzen dira etxeko zaintza lanetaz. Horregatik gaur egun emakumearen jardunaldi bikoitzaz hitz egiten da, alegia, bere lanpostuan egiten duena eta bere etxekoa. Emakumeei eta gizonei atxikitutako rol tradizionalen iraunkortasuna agerikoa da baita ikasketetan ere. Ingeniaritzako ikasleen artean gizonen proportzioa oso altua den bitartean, erizaintzako edo irudi pertsonalaren zikloko ikasleen artean emakumeen ehunekoa oso altua da.
Maskulinitate hegemonikoak mugak eta limiteak jartzen dizkio gizabanakoari, alegia, bere askatasunaren aurkakoa da. Izan ere, maskulinitate hegemonikoak gizonen jarrera eta jokabide jakin batzuk normalizatzen eta legitimatzen ditu, eta feminitatearen eta maskulinitatearen gainontzeko espresio eta formak baztertzen, patologizatzen eta menderatzen ditu. Esate baterako, maskulinitate hegemonikoarekin bat egiten ez duten gizonei maritxu, homosexual, bigun edo ahul deitzen zaie besteak beste. Beraz, maskulinitate hegemonikoa dibertsitatearen aurkakoa ere bada.[16]
Maskulinitatea krisian
aldatuFeminismoaren garaian sistema binario eta sexista pixkanaka deseraikitzen doa. Lehenik eta behin, ordura arte oso maskulinizatutako espazioetara hasten dira emakumeak masiboki gehitzen, eta bestalde maskulinitate hegemoniko tradizionala auzitan jartzen hasten da eta pixkanaka praktika maskulino berriak agertzen dira, zaintzarekin lotutako praktikak besteak beste.
Maskulinitatean gertatutako aldaketak feminismoaren eta emakumeen transformazioari egotzi behar zaizkie. Feminismoak auzitan jarri ditu dominazio maskulinoa eta gizonei bere sexuagatik soilik aitortu zaizkien pribilegioak [23]. Halaber, maskulinitatean gertatu diren eraldaketak ehundaka gizonen kontzientzia eta eguneroko praktiken ondorio ere badira [16].
Krisian dagoen maskulinitatea eredu jakin bat da, maskulinitate eredu hegemonikoa (zaharra eta tradizionala ere badena), hain zuzen ere. Maskulinitate hegemonikoa maskulinitatearen erreferente unibertsala eta bakarra bihurtzen saiatu da, baina ez du lortu. Krisian dago maskulinitate hau ez daukalako gaitasunik sortzen ari den errealitate berrira egokitzeko, errealitate bat non gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erdietsi nahi den [16].
Bestalde, John Maclness soziologo britainiarraren iritziz maskulinitatea beti egon da krisi batean edo bestean. Bere ustez krisiaren jatorria modernitatearen oinarrizko printzipioaren eta patriarkatuaren nukleoaren arteko bateraezintasunean dago. Izan ere, alde batetik modernitateak pertsona guztien berdintasuna aldarrikatzen du (berdin du zein den gizabanakoaren sexua), eta bestetik, patriarkatuak gizonen nagusitasuna defendatzen du emakumeekin konparatuta eta, beraz, hauek emakumeak gobernatzeko duten legitimitatea babesten du [24].
Gaur egun gero eta aukera gehiago daude maskulinoaren eta femeninoaren arteko transitoan egoteko. Maskulinitatearen krisiaren ondorio, gaur egun, maskulinitatea oso plurala da, eta alde batetik maskulinitate disidenteak aurkitu daizteke, eta bestetik, iraganean hegemonikoak ziren maskulinitate eguneratuak aurkitu daitezke [16]. Beraz, gaur egun genero identitate maskulino sendo eta solidoak baino, transitoan dauden eta izaera likidoagoa daukaten maskulinitateak aurkitu daitezke.
Maskulinitate berriak
aldatuJokin Azpiazuk esaten duen bezala, gaur egun ezin da maskulinitateei buruz hitz egin era orokor eta singular batean: "orain alde batetik maskulinitate berriari buruz hitz egiten da eta bestetik maskulinitate hegemoniko edo tradizionalari buruz.” [25]. Ritxar Baceteren ustez maskulinitate berriek nahitaez barne hartu behar dituzte maskulinitate praktika berdintzaileak, pazifikoak eta zaintzaileak. Ildo honetan Ritxar Bacetek gizon berriei buruz hitz egiten du; gizon berriak elkarrizketan jarduten dutenak dira eta garai berriaren balioekin transformatzen dira. Gizon berriak emakumeak entzuten dituztenak dira, gainontzeko pertsonak zaintzen dituztenak eta arazoak erregulatzeko indarkeriari uko egiten diotenak. [16]
Duela zenbait hamarkada, patriarkatuaren ondorioz, emakumeen gain inposatutako dominazio harremanetaz kezkatuta zeuden hainbat gizon jada antolatzen hasi ziren emakumeen eskubideen aldeko borrokan haien ondoan egoteko. Kolektibo hauek gizon talde feministak deitzen dira eta berdintasunezko gizarteen eraikuntzan lan egitea eta maskulinotasun matxista deseraikitzea helburu duten gizonek osatzen dute. Gainera, Jokin Azpiazu adituaren arabera gero eta gizon talde feminista gehiago daude mundu osoan eta baita Euskal Herrian ere: “ingurunera begiratuz, hego Euskal Herrian talde hauek oraintsu biderkatzen ari direla ematen du. Nahiz eta aspaldi egon den halako talderik, azken urteotan da beraien presentzia nabarmenagoa.” [25]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Men and masculinities : a social, cultural, and historical encyclopedia. ABC-CLIO 2004 ISBN 1576077756. PMC 53946980. (Noiz kontsultatua: 2019-04-06).
- ↑ Acosta, Miguel Lorente (7 de marzo de 2017). Los nuevos hombres nuevos: los miedos de siempre en tiempos de igualdad. Ediciones Destino. ISBN 9788423341214. Consultado el 7 de marzo de 2017.
- ↑ Butler, Judith (1999 [1990]), Gender Trouble: Feminism and the Subversion of Identity (New York and London: Routledge).
- ↑ Laurie, Timothy (2014), 'The Ethics of Nobody I Know: Gender and the Politics of Description', Qualitative Research Journal, 14 (1), pp. 64-78 [1]
- ↑ Reeser, Todd W.. (2011). Masculinities in Theory : an Introduction.. John Wiley & Sons ISBN 9781444358537. PMC 778339245. (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
- ↑ a b Fausto-Sterling, Anne. 2014. "Where Does Gender Come From?" Footnote. http://footnote.co/where-does-gender-come-from/
- ↑ Wharton, Amy S. 2012. The Sociology of Gender, second edition. Hoboken, NJ: Wiley-Blackwell
- ↑ Birke, Lynda. 1992. "Transforming biology." Pp. 66-77 in Knowing Women: Feminism and Knowledge. Ed. by H. Crowley and S. Himmelweit. Polity/Open University.
- ↑ Butler, Judith (2006) [1990]. Gender trouble: feminism and the subversion of identity. New York London: Routledge.
- ↑ Connell, R.W. (2005). Masculinities (2nd ed.). Cambridge: Polity
- ↑ West, Candace, and Don H. Zimmerman. 1987. “Doing Gender.” Gender & Society 1:125–151
- ↑ Messner, Michael A. 1992. Power at Play: Sports and the Problem of Masculinity. Boston: Beacon Press.
- ↑ Morris, Edward W. 2008. “Rednecks,” “Rutters,” and `Rithmetic: Social Class, Masculinity, and Schooling in a Rural Context." Gender & Society 22 (6): 728-751
- ↑ Martin, Karin A. 1996. Puberty, Sexuality, and the Self: Boys and Girls at Adolescence. New York: Routledge.
- ↑ Connell, R.W. (2005). Masculinities (2nd ed.). Cambridge: Polity.
- ↑ a b c d e f g h i Bacete, Ritxar,. Nuevos hombres buenos : la masculinidad en la era del feminismo. ISBN 9788499426549. PMC 1021179828. (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
- ↑ Keith, Thomas, 1958-. Masculinities in contemporary American culture : an intersectional approach to the complexities and challenges of male identity. ISBN 9781317595359. PMC 968243840. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
- ↑ Halberstam, Judith, 1961-. (1998). Female masculinity. Duke University Press ISBN 0822322269. PMC 39235591. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
- ↑ (Ingelesez) Gardiner, Judith Kegan. (2009-12). «Female Masculinities: A Review Essay» Men and Masculinities 11 (5): 622–633. doi: . ISSN 1097-184X. (Noiz kontsultatua: 2019-04-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La violencia machista llega a las gradas: "No fue tu culpa, era una puta, lo hiciste bien"» El Confidencial 2015-02-23 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
- ↑ «La FIFA inicia un procedimiento contra la Federación Mexicana por cánticos homofóbicos» France 24 2018-06-19 (Noiz kontsultatua: 2019-05-20).
- ↑ Connell, R.W. 2005. Masculinities.Second Edition. Berkeley, CA: University of California Press.
- ↑ Beynon, John (2002). «Chapter 4: Masculinities and the notion of 'crisis'». Masculinities and culture. Philadelphia: Open University Press. pp. 83-86. ISBN 978-0-335-19988-4.
- ↑ MacInnes, John (1998). The end of masculinity: the confusion of sexual genesis and sexual difference in modern society. Philadelphia: Open University Press. p. 11. ISBN 978-0-335-19659-3.
- ↑ a b Azpiazu Carballo, Jokin. (2015-10-08). Gizon taldeak eta maskulinitatearen inguruko diskurtsoak: EAEko talde batzuenganako hurbilpena. doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-04-07).
Bibliografia
aldatu- Bacete, Ritxar. (2017). Nuevos hombres buenos: La masculinidad en la era del feminismo. Barcelona: Ediciones Península.