Ireki menu nagusia

Emanuel David Ginobili (Bahia Blanca, 1977. urteko uztailaren 28a), Manu Ginobili bezala ezagunagoa dena, Argentinako saskibaloilari ohia izan zen. Hego Amerikako saskibaloi jokalari onena kontsideratu daiteke eta NBA-ren historian pasatu direnen artean, 100. jokalaririk baliotsuenen zerrendan sartu daiteke kirol honetako espezialista, kazetari, entrenatzaile eta jokalarien iritziak kontutan hartuz[1]. Eskolta modura jokatu zuen NBA-ko San Antonio Spurs taldean, hauekin 16 denboraldi jarrian arituz (2002-2018. urteen bitartean, 2018. urteko abuztuaren 27an kirol profesionaletik erretiratuko zela adierazi zuenean.

Ibilbide profesionala

Saskibaloi Taldeak

Andino Sport Club (1995-1996) delakoan eman zituen bere lehenengo pausuak. Ondoren, Argentinako talde nagusiago batera salto eman zuen. Estudiantes de Bahía Blanca (1996-1998) delakoan. Nahiz eta NBA-ra joateko gomendioak eduki, nahiago izan zuen Atlantiar Ozeanoa zeharkatu eta mundu mailan, saskibaloiko bigarren txapelketa nagusian proba egin (hain zuzen ere, Euroleague-an). Italiako hegoaldean ezarri zen Calabriako Viola Reggio (1998-2000) taldean eta bi urte pasa ondoren, Boloniako Kinder (2000-2002) taldeko jokalari bihurtu zen. Boloniako taldean aritu zen bi urte horietan, Italiako eta Europako erreferente bihurtu zuen 2001. urtean Italiako Liga, Italiako Kopa eta Europako saskibaloiko koroa, Euroleaguea lortuz.

Europa txiki geratu zitzaionez, munduko saskibaloi txapelketa nagusiko (NBA) draft-era eman zuen bere izena eta San Antonio Spurs-ek, 2. txandako 57. postuan aukeratu zuten. Hauekin NBAko txapeldun atera zen 2003, 2005, 2007, 2014. urteetan.

Bakarkako sariei dagokionez, 2005 eta 2011. urteetan, NBAko All-Star partiduak jokatu zituen. Tartean, 2008. urtean, NBAko seigarren jokalaririk hoberenaren saria lortu zuen.

Argentinako Selekzioa

Ginobilirekin batera, Pepe Sanchez, Fabricio Oberto, Luis Scola, Andres Nocioni, Hugo Sconochini, Alejandro Montecchia, Carlos Delfino, Walter Herrmann, Leonardo Gutierrez, Pablo Prigioni, Lucas Victoriano eta Ruben Wolkowyski-k Argentinako Urrezko saskibaloilarien Belaunaldia osatu zuten[2]. Lorpenen artean, honako hauek ditugu:

  • 2001. urtean, FIBA Amerikako Txapelketan, Urrezko Domina
  • 2002. urtean, Munduko Saskibaloi Txapelketan, Zilarrezko Domina
  • 2004. urtean, FIBA-k antolatzen zuen Diamond Ball delakoan, Brontzezko Domina.
  • 2004. urteko Atenaseko Olinpiar Jokoetan, Urrezko Domina
  • 2008an, FIBA-k antolatzen zuen Diamond Ball delakoan, Urrezko Domina.
  • 2008. urteko Udako Olinpiar Jokoetan, Brontzezko Domina
  • 2011. urteko FIBA Amerikako Txapelketan, Urrezko Domina

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz)Clarín.com «Emanuel Ginóbili, entre los 100 mejores de la historia de la NBA» www.clarin.com . Noiz kontsultatua: 2019-02-23.
  2. (Gaztelaniaz)Clarín.com «El origen de la Generación Dorada: del sueño del pibe a la gloria olímpica en un documental que emociona» www.clarin.com . Noiz kontsultatua: 2019-02-23.