Macacha Güemes

argentinar abertzale bat izan zen, Martín Miguel de Güemes jeneral eta independentziaren aldeko borrokalariaren arreba
Macacha Güemes Goyechea» orritik birbideratua)

María Magdalena Dámasa Güemes Goyechea (Salta, Río de la Platako Erregeorderria, 1787ko abenduaren 11 - Salta, 1866ko ekainaren 7a), Macacha Güemes izengoitiz ezaguna, platatar abertzalea izan zen, Argentinako Independentzia Gerran nabarmendu zena. Martín Miguel de Güemes jeneralaren arreba, eta haren laguntzaile nagusietako bat izan zen.[1]

Macacha Güemes

Bizitza
JaiotzaSalta1787ko abenduaren 11
Herrialdea Argentina
HeriotzaSalta1866ko ekainaren 7a (78 urte)
Hobiratze lekuaGurutze Santuaren hilerria
Familia
Anai-arrebak
Jarduerak

Jarduera publiko nabarmena izan zuen jaioterrian, anaiak sortutako gautxoen armadan, Gerra gautxoaren testuinguruan. Argentinako Independentzia Gerrako eta Salta probintziaren historiako emakumerik garrantzitsuenetako bat da.[2]

Bizitza aldatu

María Magdalena Güemes Saltan jaio zen, 1787ko abenduaren 11n, familia aberats batean. Aita, Gabriel de Güemes Montero, Espainiako koroaren errege diruzaina zen, eta ama, Magdalena Goyechea, konkistatzaileen eta Río de la Platako Erregeorderriaren iparraldeko enkomendarien ondorengoa.[3]

Zortzi haurridetan seigarrena izan zen, eta lehenbiziko emakumea. Bera baino bi urte lehenago jaio zen Martín, ikasketa militarrak egin zituena. Hark paratu zion La cucaracha polaca ezizena. Garaiko emakumeen idealen arabera hezi zuten. Aitak irakatsi zion irakurtzen 5 urterekin, garai hartako neskatilentzat ohikoa ez zena. Pianoa eta txirula jotzen ere ikasi zuen.[3][1]

1803ko urrian, hamasei urte zituelarik, Román Tejadarekin ezkondu zen; Saltako familia zaharrenetako baten semea zen hau, eta hiri hartako Patrizioen erregimentuko kapitaina. Alaba bat izan zuten, Eulogia.[3] Saltako goi-mailako klasekoak ziren arren, bai berak, bai anaiak, bai senarrak, jokaera egokia izaten zuten beren etxaldeetako langileekin, eta haien leialtasuna eta errespetua irabazi zuten.[1]

1811ko ekainean, Román Tejadaren aurkako salaketa jarri zuen Jose Luis Pacheco sarjentu lehenak, ofizialen aitzinean iraindu zuelako. Zigor gisa Famatinara bidali zuten. Macachak suharki defendatu zuen senarra eta, azkenik, Buenos Airesko Batzar Gorenak haren aldeko epaia eman zuen; ondorioz, Jose Luis Saltara itzuli zen.[3]

1810ean, Maiatzeko Iraultza piztu zenean, anaiak eta biek bat egin zuten independentistekin, eta Peru Garaiko espedizio laguntzailea sostengatu zuten lehenbiziko saltatarrak izan ziren. 1815ean, gautxoen armada bat antolatu zuen Martín Miguel de Güemesek; Güemesen "Infernutarrak" deitzen zitzaien, pontxo gorria janzten zutelako, eta espainiar oste erregezaleen infernua zirelako.

 
1857an egindako miniatura, Museo Histórico Nacional, Buenos Aires.

Macacha beti egon zen anaiaren ondoan. Gautxoen armadarentzako uniformeak egiteko lantegi bihurtu zuen bere etxea. Armada erregezaleak Salta hiria setiatu zuelarik, espioitza-lanak eta misio arriskutsuak egiten zituen, beste emakume batzuekin batera. Esate baterako, zaietan ezkutaturik espainiar tropei buruzko mezuak eramaten zizkieten gautxoei. Haurdun egonda ere, armadaren kanpamendura joaten zen zaldiz, premiazko mezuak eramatera.[1]

1816an, José Rondeauk, Rio de la Platako Probintzia Batuetako zuzendari gorenak traidore izendatu zuen Martín Miguel de Güemes, bere baimenik gabe armaz hornitu zelako. Macachak bitartekari lanak egin zituen eta, biekin hitz egin ondoren, elkarri ez erasotzeko ituna lortu zuen. Akordio horri esker, Martín Miguelek jarraitu zuen gautxoen armadaren buruzagi nagusia izaten.[1]

Anaia, armadaren buru, Gerra gautxoan borrokatzen ibili zen garaian, probintziako gobernua gidatu zuen. Konspirazio batzuei aurre egin behar izan zien. Izan ere, Saltako eliteko familiek ez zuten onartzen gautxoen aldeko gobernurik, eta Patria Nueva oposizioko alderdia eratu zuten. Horren aurka, José Ignacio Gorritik eta biek Patria Vieja alderdia sortu zuten 1819an, Martín Miguelen sostengua izan zena.[1]

Martín Miguel 1821eko ekainean hil ondoren ere, Macachak eutsi zion iraultzaren aldeko borrokari. 1821eko irailean atxilotu zuten, José Antonio Fernández Cornejo gobernadorearen aginduz, senarra eta amarekin batera. Horrek gautxoen matxinada eragin zuen, "Emakumeen Iraultza" delakoa, eta gobernadorea kargugabetua izan zen.[1]

1840 arte jardun zuen Saltako bizitza politikoan, Alderdi Federalaren barnean. 1866ko ekainaren 7an hil zen.[3]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Pigna, Felipe. “Macacha” Güemes, la madre de los pobres. elhistoriador.com.ar (Noiz kontsultatua: 2024-3-9).
  2. Engler, Veronica. La gesta olvidada. pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2024-3-9).
  3. a b c d e Ruibal, Marcelo G. María Magdalena Dámasa de Güemes (Macacha). colegiomilitar.mil.ar (Noiz kontsultatua: 2024-3-9).

Kanpo estekak aldatu