Mañariko Harrobiak Urkiolako Parke Naturalean dauden harrobiak dira, Mañariako udalerriaren eremuan.

Historia aldatu

Marmol Harrobiak aldatu

Kareharria esplotatu aurretik, marmola ateratzen zuten Mañarian. Marmol hori Errioxako Kukullako San Millango monasteriora heldu zen, bertako mahaia marmol beltzez janzteko. Madrilgo Errege Jauregira ere eraman zuten marmol ospetsua. Hara bidalitako marmol zutabe bakoitzeko sei hilabeteko bidaia egin behar izaten zuten langileek. Gaur egun, ostera, harrobi horiek abandonatuta daude.[1]

Fits zuriak zituen marmol beltzak ospetsu egin zuen Mañaria, XVIII. mendeko dokumentuek jasotakoaren arabera. Hamar orduko lanegunak izaten ziren orduan. Lana, gainera, oso gogorra zela gogoratzen dute mañariarrek. Izan ere, baserritarrek hargin moduan ere jarduten zuten, etxeko lanak amaitu eta gero. Marmola ateratzeaz eta lehenengo tratamenduaz arduratzen ziren baserritarrak. Hargina, berriz, herritik kanpokoa izan ohi zen, lan horrek hezkuntza eskatzen zuen-eta.[1]

Neguan ez zen lanik egiten. Euria eginez gero, marmola ateratzea oso arriskutsua bihurtzen zen. Lan egiten ez bazuten, baina, ez zuten kobratzen. Lan baldintza gogor horietan jarduteak zenbait behargini silikosia eragin zion. (Iñaki Beitia, Historialaria, Argia, 2003)[1]

Industria iraultzaren ondoren, makinek aurreko beharginen lana egiten zuten. Orduan, langabezia areagotu zen Mañarian, dagoeneko ez zutelako euren premiarik. 1974ko krisi orokorraren ondorioz, marmol harrobiak abandonatu ziren.[1]

Iturrietako marmol-harrobia eta[2] Angurreta Harrobiak[3] arte espazio bezala erabarrituak izan dira, besteak beste Angurreta Harrobia Kultur Elkartea (Víctor Arrizabalagaren zuzendaritzapean) eta Gerediaga elkarteei esker.[4]

Kareharri Harrobiak aldatu

1989an Urkiola natura parkea izendatua izan zen, hori lortzeko bidean Gerediaga Elkarteak 1979an adierazpen publikoa egin zuen. 1981eko urtarrilaren 30ean Eusko Jaurlaritzak Urkiolako natura parkearen inguruan zituen planak aztertzeko deia zabaldu zuen, Gerediaga Elkartea planaren kontrako desadostasuna aurkeztu zuen trazatua kareharrizko harrobien interesei erantzuten zielako eta jardueraren eragina leuntzeko gunerik aurreikusten ez zelako. Bi urte geroago, Bizkaiko Foru Aldundiak "Hijos de León Amantegui" harrobien inguruetatik abiatuz, Iñungaineko lepoa tunel baten bitartez zeharkatu eta Dimara helduko zen errepidearen berri eman zuen, proiektua ez zuen aurrera egin. Urte horretan, Gerediagak monografiko bat eskaini zion Urkiolako Parke Naturalari.[5]

Atxarte eta Atxa Txikiko Harrobiak aldatu

Anbotoko mendikatearen defentsarako abiapuntua izan zen, hala ere 30.000 Ha-tik, gune babestua 5.769 Ha-ra mugatu zen, 1990eko urtarrilaren 4an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu zuenez. Beraz, ertzetan Atxarte eta Atxa Tikiko harrobiak funtzionatzen jarraitu zuten, Abadiñoko Udalak harria ateratzeko jarduerarako emakida 1990era arte luzatu zielako.[5]

Enpresek eskatzen zuten luzapenaren arduraz 1990ean, eskalatzaileek, ekologista taldeek eta Gerediagak Urkiola Aldeko Batzordea (UAB) osatu zuten. Ekainaren erdialdean plataformako kideek igarobidea moztu zieten Asuntzeraino heldu nahi zuten autoei eta informazio paskinak banatu zituzten. Ekainaren 24an Atxarteko harrobiko hormetan hamaka bat eskegi zuten. Hala ere, Abadiñoko Udalak Eusko Jaurlaritzari emakida beste hamabost urtez luzazu zezan eskatu zuen. Hilabeteetan UAB-k EEE-EVE, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin aritu zen batzarretan, administrazioen buru Juan Mari Atutxa zelarik. Urriaren 12an berriro, 125 egunez, eskalatzaile talde batek Labargorriko horman zintzilikatu zen. Protesten sustatzaileen artean Jon Irazabal prozesatu zuten. 1995ean bertan behera utzi zituzten harrobiak. 2002an, Javier Uriarte, Abadiñoko alkateak, harrobiak berreskuratzeko plana aurkeztu eta ekologistek hamaka berriro eskegiko zutela mehatxatu zuten. 2012an, Atxarteko Harrobia, Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan soberan geratutako lurrak metatzeko leku moduan erabiltzeko aukera aztertu zen, baina ez zen gauzatu.[5]

Amantegi, Mutxate eta Zallobenta enpresen Harrobiak aldatu

1989an naturgune hori babestu zenean, harrobiak arautzeko legeria aldatu zen. Mañariko lurralde eremu handia Urkiolako Natur Parkearen mugen barruan dago. Egun harrobiak natur parkearen kanpoan geratu dira eta "legearen barruan" jarduten dute.[6]

Mañariko hiru mendi Mugarra, Untzilaitz eta Eskubaratz esplotatzen dituzte hiru harrobik (Amantegi, Mutxate eta Zallobentak, hurrenez hurren). Javier Arteaga, Mañariko Alkatearen arabera, Bizkaian ekoizten den kareharriaren %30-40 Mañariko harrobietatik lortzen da.[6]

Oraingo honetan (2003), Urkiolako Parkearen muga den Eskubaratz mendiaren eremu zabal bat birsailkatzeko eskatu du Zallobenta Harrobiak enpresak, (orain Amantegi enpresak erosi du harrobi hori, Adrián Amantegirena). Horrela, Natur Parke izatetik harrobi gisara hartu ahal izango da lurralde eremu zabal hori.[6]

Historia aztarnak aldatu

Mañariak hiru koba multzo edo karst ditu, harrobien antzera. Kobetan egindako azterketek giza presentzia frogatu dute. Batzuetan, giza hezurrak aurkitu dira, k.a. 2.500-1.000 urteetakoak. Beste batzuetan, aldiz, gizakiak landutako harriak, zeramika eta hartzen buru-hezurrak ere topatu dituzte ikerlariek. Kobazulo gehienak ikertu barik daude. Haitzulo batzuek, gainera, balio historiko nabarmena dute. Esaterako, Jentilkoba, non kristautasuna euren erlijio bezala onartu ez zuten euskaldunek beraien batzarrak ospatzen zituzten, Espainiako Inkisizioa saihetsi nahian.[6]

Zallobenta harrobiaren zabalkundeak koba horietariko asko suntsituko dituela salatu du sosmanaria.org-ek (talde honek web gune bat paratu du Interneten egoerari buruzko iritzia emateko). Era berean, haitzuloetako historiaurreko margoak zituzten beste koba batzuk birrindu izana leporatu dio taldeak Amantegi harrobiari.[6]

Natura aldatu

Mañariak fauna eta flora aberastasuna du. Herriko eremu handi bat Urkiolako Natur Parkearen barruan dago. Hortaz, desagertze bidean dauden bi espezie arriskuan utziko lituzke Zallobenta harrobiaren zabalkundeak: Pirinioetako desmana eta sasi-eskorpioia, alegia. Pirinioetako desmana inguruko abere ornodunik garrantzitsuena dela dio Urkiolako Natur Parkearen Erakuntza Planak. Florari dagokionez, Kantauriko artadia babestu gura izan du parkeak. Horrela islatzen da ere Untzilaitz mendia esplotatzen duen Mutxate harrobiaren Errestaurazio Planean. Planaren arabera, aipaturiko harrobia Kantauriko arteak landatzera derrigortuta dago, esplotazio baimena amaitzean.[6]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d «Marmol harrobiek eman zieten bide kareharri esplotazioei» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).
  2. (Gaztelaniaz) «Mañariko Udalak herriko errekurtsoak balioetsi nahi ditu turismoa erakartzeko» durangon.com 2016-03-29 (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  3. «Mañariko Angurreta harrobia berreskuratuko dute, bertan praktika artistiko berriak sortzeko gune bat ipinita - Mañaria» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  4. Hitza, Amaia Igartua Aristondo-Bizkaiko. «Harri zaharren erabilera berriak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-13).
  5. a b c Hamabi harrien ahotsa: Gerediaga Elkartearen Historia eta Istorioak 50. urteurrenean. Gerediaga Elkartea, 75-76, 95-97 or. ISBN 978-84-943197-1-6..
  6. a b c d e f «Urkiolako parkea harrobiek inguratuta» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-12).

Kanpo estekak aldatu