Lourdes Txiki (Donostia)

43°18′48.69″N 2°0′44.51″W / 43.3135250°N 2.0123639°W / 43.3135250; -2.0123639

Lourdes Txiki Donostiako Igeldo herrirako igoeran dagoen debozio gune katolikoa da, Lurdako (frantsesez, Lourdes) Andre Mariaren irudiaren erreplika kobazulo txiki batean gordetzen duena; horren ondoan, kapera bat dago, kobazulo handiago batean. Donostiako Ondarreta eta Antigua auzoetatik gertu dago.

Lourdes Txikiko Ama Birjina eta kapera.

Paraje honen historia 1903an hasten da, Arcachondik ihesi zetorren domingotar fraide talde batek inguruan Cool eta Ripoll familiak zuen La Mallorquina etxaldea erosi zuenean. Fraide horiek San Vicente Ferrer ikastegia abiarazi zuten 1903. urtean bertan. Hurrengo urtean, Lurdan Bernadette Soubirous neskatxak Maria ikusi zueneko kobazuloaren kopia bat egin zuten. Tokia ez zen, ordea, gaur egun bezalakoa. Fraide kaputxinoek 1933. urtean lan batzuk egin ondoren, egun dagoen bezala utzi zuten gutxi gorabehera.

Egun, kapera aurrean burdinazko banku batzuk eta kandela tokia daude. Kandelak eta oroigarriak saltzen dituen kioskoa ere badago. Bertara joateko, Igeldorako aldapa igotzen hasi eta 200 bat metrora dagoen Errekondo jatetxearen parean, ezkerretara, beherantz doan aldapatxoa hartu behar da. Kapera beste 200 bat metrora dago.

Otsailaren 11n, Lurdako Ama Birjinaren ospakizuna egiten da bertan, meza entzunez eta otoitz eginez.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia