Loizuko gizona

Gizon baten eskeleto prehistorikoa

Loizuko gizona Erroibarko Loizu herriko Errotalde I leizean aurkitutako giza arrasto batzuen izena da. 2017ko azaroan, Sakon espeleologia taldeak oharkabean hezurdura topatu zuen, eta hasiera batean berriagoak zirela pentsatzen bazen ere, orain dela 11.700 urte bizi zen gizonezko baten aztarnak zirela ikusi zen[1].

Loizuko gizona, aurkitutako lekuan.

Proiektua 2021eko Nafarroako Telebista Sarien Kultura Balioen kategorian saritu zuten.

Aurkikuntza aldatu

 
Sakon espeleologia taldea.

Loizuko gizona 2017ko azaroaren 20an aurkitu zen, haitzuloaren sarreratik ia 200 metrora, gutxi gorabehera 45 minutuko distantziara, Errotalde I-eko haitzuloaren sistema nahaspilatuaren barruan, ibaiko meandro fosil batean, ibilbide mehar eta estu baten amaieran, Sakon espeleologo taldea Errotalde I-eko haitzuloan espeleologia ekintzak garatzen ari zen bitartean[2].

Haitzulo horretan jaiotzen da Loizu ibaia. Aspalditik ezagutzen zen eremuan dago, baina ez zen sakonki esploratua izan une horietara arte. Sakon taldea haitzuloan garatzekotan zebilen lanek esplorazio jarduera sendoa eskatzen zuten, izan ere, topografia jarduerez gain, funtsezkoa zen sistema hidrikoa, zuloaren geomorfologia ezagutzea hala nola analisi bioespeleologikoak egitea[2].

Arrastoak aldatu

 
Loizuko gizonaren hezurren aurkezpena.

Gizonezko baten aztarnak dira, 21 eta 23 urte bitarteko batenak, Aintzioa-Loizuko kontzejuko haitzulo honen barnean apropos gordetakoak. Kalkulatzen da 1,6 metro inguru neurtzen zituela[1]. Eskeletoa osorik dago, konexio anatomikoan, eta guztiz ondo kontserbatuta Gorpua ahoz gora, luzatuta eta besoak sabelaren gainean ezarrita zegoen. Garezurrak zulo bat dauka, antza denez jaurtigai baten inpaktuaren ondorioz[2].

Posizioak eta aurkitutako hondakinek ahalbidetu dute ondorioztatzea gorpua ziur aski hil-oihal edo hileta-pakete batean bilduta egon zela, azaletik okrea dirudien sedimentu gorrixkarekin estalita. Hondakinak aldatu gabe kontserbatu dira egundaino[2].

Hasierako karbono 14 bidezko datazioari esker eskeletoa orain dela 11.700 urtekoa dela ikusi da, Pleistozenoaren eta Holozenoaren arteko mugan. Beraz, Pirinio nafarreko azken ehiztarien eta biltzaileen elkarteak ditugu hizpide. Zirkunstantzia honek aurkikuntza ohiz kanpokoa bihurtzen du, garai honetako erregistro antropologikoa oso eskasa delako mendebaldeko Europa osoan[2].

Gainera, oraindik gutxi aztertutako arkeologia fenomeno baten kasu goiztiarrena da: giza gorpuzkien presentzia sistema karstikoen barruan, alditan urrutiko lekuetan, sarbide zaila izaten dutenetan. Iberiar penintsulan, kasurik zaharrenak Mesolitikoari dagozkio (hau da, K.a. 10.000. urtea eta K.a. 6.000. urtea bitartean), beraz, Errotalde I-eko aurkikuntzarekiko ondorengoak dira[2].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu