Lemoako historia Elorriagako Hilerriaren erromatarren aldiko hilarriekin hasten da. Hau baino lehenago, historiaurreko gizakiari buruzko lehen datuak Atxubieta eta Arlanga haitzuloetan aurkitu ziren materialetatik datoz. Uste denez, gizakia Lemoan Goi-Paleolitikoan izan zan (K.a. 34.000 eta 10.000 urteen bitartean).

III. eta IX. gizaldien bitartean, nekazaritza eta abeltzaintza ziren lanbide nagusiak. Biztanleen kopurua, txikia bazen ere, finkoa ere bazen eta, historialarien iritziz, kristautasunaren aurreko errituak egiten zituzten. Udalerriaren lursailetan kokatu ziren, IX. eta XI. gizaldi bitartean, arabar lurretatik etorritako nekazariak eta abeltzainak.

Erdi Aroan zehar, modu mediterraneoko akulturazioa gertatu zen Bizkaian, zerealak landatu ziren, kristau erlijioa ailegatu zen, latin hizkuntza, biztanleen finkapena eta lurraldetasuna.

Ez dago antzinako erregimenari buruzko udal-agiririk eta, hori dela-eta, ezin ditugu jakin biztanle haien bizimoduaren oinarriak. Behe Erdi Aroan, gizartearen barruko istiluak gertatu ziren, baserritarrek jasan behar izaten zituzten jaunarengandiko zapalketak, azkenean indarbakotu egin zituztenak. Izan ere, baserritarren arteko askok lantzen zuten lurraren jabe bihurtzea lortu zuten.

Erdi Aro honetan, Bediako Kolazinoa eta Lemoako Elizatea zeuden Bediako Merinaldearen barruan. Elizatearen ezaugarriak bi ziren: parrokia bat egotea eta eraketa publikoa, izan ere azken ezaugarria lortu zen Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkaritza udalerrietan oinarrituz egin zenean, XV. mendearen amaieran. Lemoan, merio eta fiel bi zeuden, Batzar Nagusietan 64 zenbakiko botoa eta jesarlekua zeuzkanak.

Betidaniko burdingintza garatu zen nekazaritzaren etekinak oso handiak ez zirelako inguru honetan, industriaren ondoriozko lanak (ikatza egitea, mea eta ikatza garraiatzea), gehien bat baserritarrek eginak, aukera ziren diru gehiago irabazteko. Hasiera batean, burdinola "nagusiak" eta "txikiak" egon ei ziren. Lehen modukoetan burdin mea urtu egiten zen eta, bigarrenekoetan, meazko totxoak itxuraldatu egiten ziren. XVII. mendearen erdi aldera, prozesu hau desagertzen hasi zen, instalazio bakar batean integratuz.

Burdinolen ustiapena, kasurik gehienetan, zeharkakoa izaten zen: jabeek ez zuten produkzioan parterik hartzen, ez bada errenta bat jasotzen zuten burdinolaren alokairugatik. Lemoan sutegi edo burdinola bat zeuden, eta etxe-burdinola bat ere bai, J. Etxebarria Arraibiren jabegokoa.

Nekazaritza nagusi zen ekonomia batean, errotak nahitaezko eta beharrezkoak ziren, zerealaren produkzioagatik. Aipamenak ditugun lehen errota Atutxolakoa da, multzo tronkal baten (etxea, burdinola, soloak) osagaia zena. Ibaizabalen ondoan zegoen, eta antza denez errota hidraulikoa zen. Sistema hau baino lehenago, giza eta abere trakziozko beste errota batzuk egon behar ziren. Hona Lemoan egon zirenak: Urkisabel, Txiriboketa, Rotalde eta Oletzea Etxea, errota eta irinezko bi errota zituenak.

Erdi Aroan zehar Agarre, Atutxa, Atutxola eta Aldape dorretxeak altxau ziren, izan be, XVII. mendean zehar Isasi-Aldape-Usansolo maiorazkoaren jabegokoak ziren eta, gizaldi bat beranduago, Areizagako Baroien maiorazkoaren osagaia izatera pasatu ziren.

Udalerrian gudak gertatu izan dira, batez ere bi sasoitan: eurotako lehena Konbentzio Gerran zehar. 1794ko abuztuaren 21ean, Lemoako gudariak Gipuzkoarekiko muga defendatzera irten ziren frantziarrei Bizkaian sartzeko aukera kentzeko asmoz.

Bigarrena, gure arteko zaharrenen arteko zenbaitek haren ondorioak jasan egiteagatik gogoratu egiten dutenez, 1936-1939 urte bitarteko gerra zibilaren ondorioak jasan zituzten. Gerran zehar, errepublikarren erresistentziak eliza erabili zuen eta, udalerriak, Gipuzkoako errefuxiatuentzat lekua eman zuen. Nazional izeneko gudataldeak okupatu egin zuen 1937ko ekainaren 17an, Lemoatx inguruan borroka luze gogorra izan eta gero.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu